Kutsadura

Aire garbia arnasteko aldarria

Bergaran Larramendiko Arnasa taldea sortu berri dute, Larramendi auzoan martxan jarri nahi duten «erraustegiaren» aurka egiteko. Salatu dute proiektua «toxikoa» izango dela.

Maria Ortega Zubiate
2022ko martxoaren 25a
15:16
Entzun

Bergarako Larramendi auzoko bizilagunak kezkatuta daude: iazko udan aurkeztu zuen Valogreene Paper BC SM enpresak paper industriako hondakinak erretzeko instalazioaren proiektua, eta asmo horrekin zer gertatuko den zain daude oraindik. Udala ez da alde agertu. Eusko Jaurlaritzak, berriz, jakinarazi berri du 2,5 milioi euroko diru laguntza emango diola enpresari, eta bizilagunek argi dute eurentzat “kaltegarria” izango dela. Proiektua “toxikoa” izango dela salatu dute, eta proiektuari aurre egitea erabaki dute, Larramendiko Arnasa plataforma sortuta. Auzoko bizilagunak, Mendia bizirik eta Kukubaso taldeak, eta Ekologistak Martxan elkartea dira plataformako kideak. Argi dute helburua: proiektuaren inguruan duten informazioa herritarren artean zabaltzea, babesak jasoz joateko.

Azken egunetan eta asteetan proiektuari buruzko informazioa zabaltzen ari dira plataformako kideak. Oraingoz, horretan oinarrituko dute euren jarduna. Hain zuzen ere, martxoaren 29rako, asteartea, hitzaldi bat antolatu dute, Sara Ibañez mediku eta Meatzaldea Bizirik plataformako kidea hizlari dutela; gaur egun Muskizen (Bizkaia) bizi da Ibañez, eta “enpresa kutsagarri baten alboan bizitzeaz” ariko da hizketan hitzaldian —han dago Petronor findegia—. “Helburua da proiektuari buruz dakiguna kaleratzea, herritarren artean informazioa zabaltzea. Gerora ikusiko dugu Eusko Jaurlaritzak zer erabakiko duen”, azaldu du Piter Encinas Larramendiko Arnasa plataformako eta Ekologistak Martxan elkarteko kideak.

Hondakin kutsagarriak

Plataformako kideek iazko udan ezagutu zuten proiektua, enpresak Bergarako Udalean bateragarritasun txostenaren eskaera egin baitzuen. Talde ekologistak eta auzokideak orduan hasi ziren mugitzen. “Enpresak bere itunean esaten du hondakin kutsagarriak sortuko dituela, eta kezkagarria da hori”, dio Encinasek. Haren esanetan, hondakin horiek “mota askotakoak” zirela aurreikusi zuen enpresak berak: “Enpresak onartu du uretara isurketak egingo dituela, baita atmosferara ere; hala nola metal astunak, beruna, merkurioa… Eta onartu du zarata iturri berriak sortuko dituela ere”.

Plataformak salatu du, itunean irakurri bezala, “erraustegia toxikoa” izango dela, “ez soilik inguruko bizilagunentzat, baita ingurumenarentzat ere”. Enpresaren ikuspegia, ordea, ez da hori. Iazko udan Bergaran egin zuten mahai inguru batean proiektuaren inguruko iritziak trukatu zituzten Ekologistak Martxan elkarteko eta enpresako zenbait ordezkarik. Encinasek zehaztu du enpresak argi esan zuela proiektua ez dela erraustegi bat, eta, ondorioz, ez dituela errauts kutsagarriak sortuko: “Haiek ez zuten erabili erraustegi hitza, ukatu egiten dute erraustegia dela. Haiek diote ez dutela konbustioa erabiltzen, sistema pirolitikoa baino ez dela”. Baieztapen horrekin ez dator bat Encinas: “Paper hondakinak ekarriko dituzte, eta erre egingo dituzte, konbustiorik gabe bada ere. Errautsak sortuko dituzte; beraz, erraustea da haien prozesua”. Mahai ingurura herritar asko joan zela esan du Encinasek, eta harrezkero norbanakoen zein herriko eragileen kexak ugaritu egin direla.

Herri mailan soilik ez, udalean ere sortu zuen kezka proiektuak; “sakon aztertu ondoren”, abenduko osoko bilkuran ezezko botoa eman zuen EH Bilduren udal gobernuak —gehiengo osoa du—. Horrek arrazoi argi bat duela esan du Encinasek: proiektuak ez duela udal legedia betetzen. Alegia, fabrika eraikiko den lursaila industria jardueretarako erabili behar da, legeak dioenez. “Erraustegi bat, aldiz, ez da mota horretako enpresa bat”; hori uste du Ekologistak Martxan-eko kideak: “Guk industria jarduera gisa ulertzen dugu produktuen transformazioa edo muntaketa. Baina erraustegi batek ez du hori egiten, hondakin toxikoak jaso, eta horiek erretzen ditu. Jarduera hori, berez, ez dago onartuta”.

Gehienezko altuera

Horixe izan zen udalak ezezkoa emateko arrazoietako bat. Baina besterik ere izan zen, beste neurririk ere apurtzen baitzuen proiektuak. “Esaterako, legediak zehazten du bertako eraikinak gehienez hamabi metro izan ditzakeela, baina proiektu horren tximiniak hamasei metro ditu”. Udal gobernuak proiektuari ezezkoa ematea “normala” dela uste du Encinasek, legeak horrela agintzen baitu: “Legearen gainetik daude, ala?”. Dena den, proiektuak izan zuen baiezkorik osoko bilkuran, EAJ eta PSE-EErenak. Horrekin kritiko azaldu da Encinas: “Oso argi utzi zuten herritarren eta ingurumenaren osasuna baino gehiago axola zaiela proiektu industrial bat”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.