Garraiolarien greba

Baxurako flota astelehenean itzuliko da arrantzara

Garraiolarien greba konpondu ala ez, irtengo dira. Argudiatu dute egoera «jasanezina» dela, eta antxoaren eta, bereziki, berdelaren kanpainak jokoan daudela.

Arrantzaleak antxoa deskargatzen, Getariako portuan. GORKA RUBIO (FOKU)
jokin sagarzazu
2022ko martxoaren 25a
14:50
Entzun

Bizkaiko eta Gipuzkoako baxurako barkuak astelehenean itzuliko dira arrantzara, garraiolarien grebarekin zer gerta ere. Eugenio Elduaien Gipuzkoako Kofradien Federazioko presidenteak eta Eusebio Arantzamendi Bizkaikoak azaldu dute ontzien jabeek ostiral honetan egin dituzten bileretan hartu dutela erabakia.

Baxurako flotan inguraketa arrantza egiten duten ontziak bi astez egon dira itsasora atera gabe, erregaien prezioen igoeragatik eta, bereziki, arraina lonjetatik ateratzeko zailtasunengatik, garraiolarien greba dela eta.

Espainiako Arrantza Kofradien Federazioak (FNCP) grebara deitu zuen aurreko astean; Bizkaiko eta Gipuzkoako ontziak greban egon ez diren arren, gehien-gehienak -inguraketa arrantza egiten dutenak- ez dira itsasora irten. Herenegun, Espainiako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura ministro Luis Planasek itsas gasolioaren gorakada arintzeko neurri batzuk iragarri zituen.

Elduaienek azaldu du egoera «jasanezina» dela, berdelaren eta antxoaren kanpainan daudelako bete-betean, eta itsasora itzultzea «beste aukerarik ez» dutela azpimarratu du. «Antxoaren kasuan badugu tarte zabalago bat, baina berdelarekin ez; itsasontzien irismenetik gehiegi urrundu daitezke».

Geldirik egon diren denboran, kostatik gertuen ibiltzen diren barkuek arrantzan jarraitu dute, baita alturakoek ere, eta kofradia batzuetan arraina sartu da, askoz ere kopuru txikiagoetan izan bada ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.