Ez da aldaketarik izanen Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzan. Atzo iluntzean Dolores Delgado Espainiako Estatuko fiskal nagusiak erabaki zuen berriro ere Jesus Alonso Cristobal izanen dela euskal presoei buruz ebazten duen auzitegi horretako fiskalburua. Bertze bortz urterakoa da izendapena, eta euskal presoentzat ez da itxaropentsua, Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltza ari baitzaie presoek eskuratutako baimen eta hirugarren graduei etengabe helegiteak jartzen. Helegite horiei erantzunez botatzen dituzte epaileek gibelera euskal presoen zenbait baimen eta hirugarren gradu.
Nolanahi ere, oraindik erabakitzeko dago nor izanen den auzitegi horretako lehen zigor salako fiskala, eta hori da zuzenean euskal presoei buruzko erabakiei helegiteak jartzen dizkiena.
Euskal presoen eskubideen aldeko mugimenduak behin baino gehiagotan salatu izan du Espainiako Auzitegi Nazionalaren jarrera, euskal presoentzat etxerako bidean «oztopoa» dela ohartarazita.