Bigarrenean ere kale egin du Espainiako Gobernuak. Dirua mahai gainean jarri arren, ez du lortu azken bi asteetan industriaren jarduna trabatu, hainbat fabrika gerarazi eta supermerkatuetako apal asko hustu dituen garraiolarien greba amaitzea. Atzoko ordu txikietan garraiolarien patronalekin akordio bat egin zuen; besteak beste, garraiolariei hogei zentimoko deskontu bat emateko gasolio litroko.
Akordioa besapean zuela, azkenean onartu egin zuen Raquel Sanchez Garraio ministroak grebaren deitzaileekin biltzea, baina bilera horrek ez zuen espero bezalako fruiturik eman, eta Plataforma Nacional por la Defensa del Transporte por Carreterak protestan jarraitzea erabaki zuen. Ikusteko dago jarrera horrek zer eragin duen Hego Euskal Herrian, grebalari gehienak protestara beren kasara batutakoak baitira, haien artean Bilboko portuko garraiolari autonomoak eta Hiru kamioilari autonomoen sindikatuak.
Hiruk ezohiko batzarra egingo du igandean Altsasun (Nafarroa), eta hor erabakiko duen zer egin. Dena den, Hiruko zuzendaritzak aurreratu du Madrilek egindako azken proposamena ez dela nahikoa, «patronal handiekin» egindako akordioa delako, eta horien interesak lehenesten dituelako. CNTC garraiolarien patronal handia «garraiolari autonomook bizi dugun egoera prekarioaren erantzuleetako bat da». Hiruk uste du «funtsezko aldagai batzuk» ez direla jorratu akordioan, edo azaletik ukitu direla bakarrik, «azpikontratazio etengabea, esaterako».
Kostuen azpitik zerbitzuak egiteko debekua ere ez dela ezarri gogoratu du Hiruk. Hori izan da, hain zuzen ere, Manuel Hernandez plataformako ordezkariak emandako argudioa protestarekin jarraitzeko. Behin-behineko neurriak eskatu ditu kostuen azpitik lan ez egiteko, baina ez du ministroaren ahotik nahi zituen segurtasunak eskuratu. Hernandezen arabera, Sanchez ministroak esan dio gai horri hilabete batzuk barru helduko diotela, lege proiektu batekin, baina bitartean ezin dutela ezer egin. Asteburuan zehar bermeak jaso ezean, grebari eutsiko diotela erantzun dio plataformako ordezkariak ministroari.
Bidesarien eskaera
Dena den, Hiruren eskaeren artean badago Hego Euskal Herriari soilik eragiten dion bat: bertako errepideetan kamioientzat bidesariak ez jartzea, eta horri buruz hitz egin nahi dute foru aldundiekin eta Nafarroako Gobernuarekin, haienak baitira errepideak. Bilera horietarako data zein den ez dute artean jakianarazi.
Bilboko Portua eta Tradisna
Europako beste herrialdeetan neurriak hartu eta gero, jakina zen garraiolariek deskontua izango zutela beren kamioien eta furgoneten deposituak gasolioz betetzen dituztenean, eta neurri zehatzak eskaini ditu Madrilek: 20 zentimokoa izanen da deskontua. Laguntza ekainaren 30era arte luzatuko da. Dena dela, ez dute baztertu gehiago luzatzea.
Halaber, Madrilek beste laguntza ekonomiko sorta bat jarriko du martxan. 450 milioi euro inbertituko ditu horretan. Garraio enpresei bideratuak izango dira laguntza horiek, eta ibilgailu motaren araberakoak izango dira zenbatekoak.
Plataformako kideak ministroarekin bildu aurretik, lanera itzultzeko asmo handirik ez dute erakutsi gune logistikoaren jarduna moteltzen ari direnek, Bilboko Portuko Garraiolari Autonomoen Elkarteak. Trapagaranen (Bizkaia) biltzekoak dira erantzun bat emateko, baina protestarekin jarraitzearen aldeko mezu garbi bat helarazi zuen haien bozeramaileak, Santi Sanchezek:«Grebak jarraitu egingo du, eta Bilboko portuak geldirik jarraituko du». Akordioa «ona, baina motza» iruditu zaio Sanchezi. «Niri diru-laguntza batek ez dit ezertarako balio; gaurko ogia eta biharko gosea da».
Grebarekin bat egin duen beste elkarteetako bat da Nafarroako Garraiolarien Elkartea (Tradisna). Alberto Latorre koordinatzaileak adierazi duenez, akordioa «apur bat motz» geratzen da, «baina bada zerbait». Jakinarazi du elkarteak dituen 800 bazkideek laster erabakiko dutela grebarekin jarraitu ala ez.
Denda txikietan arazorik ez
Nafarroan greba izaten ari den eraginari buruz, Latorrek azaldu du «denetarik» dagoela, protestarekin bat egiten ari diren kamioilariak zein lanean daudenak, eta azpimarratu dendetan ez dela «hornidura arazo handirik» sortzen ari. «Agian, arazo gehiago daude enpresak hornitzeko eta pentsuekin».
Bizkaian ere arazorik ez dago dendetan, txikietan bereziki, Bizkaidendak elkarteak azaldu duenez. «Merkataritza espezializatuaren logistika eta banaketa handiarena guztiz desberdinak dira, eta gurean lanuzteek ez dute eraginik. Guk banatzaile txikiak dituzten furgonetak mugitzen ditugu, kamioiak dituzten plataforma logistiko handien aldean». Bizkaidendak-ek garraiolarien aldarrikapenak babestu ditu, «azken urteotan lan baldintzak murriztu zaizkielako». «Funtsezko sektorea da, interes orokorrekoa, eta horri eusteko premiazko laguntzak behar dira».