Euskara

AEK euskarazko ikastaro laburrak ematen hasiko zaie langileei doan

‘Hitzekin. Denok euskara doan’ egitasmoa aurkeztu du Bilbon, ELA eta LAB sindikatuekin batera; doakotasunean aurrera egitea du helburu, eta, hala, administrazioei eskatuko die ikastarook finantzatzeko.

AEK-ko kideak eta ikastaroa jasoko duten langileak, gaur, egitasmoaren aurkezpenean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
2022ko martxoaren 24a
20:36
Entzun

Euskara ikasteko doakotasunerantz pauso bat emango du AEK-k: ikastaro laburrak eskainiko dizkie hala eskatzen duten langile taldeei, musu truk; euskaltegiek emango dute lehen urratsa, baina haien asmoa da administrazioei eskatzea ikastarook finantzatzeko. Datorren astean abiatuko den Korrikaren leloarekin lotuta, Hitzekin. Denok euskara doan dinamika aurkeztu dute gaur, Bilbon, «doako ezagutzaren unibertsalizazioaren beharra» agerian uzteko.

«Euskara hitzetatik ekintzetara eramateko unea dela azpimarratzen ari gara 22. Korrikan; aldekotasunetik konpromisora jotzekoa, eta konpromisotik eragitera», ekarri du gogora Alizia Iribarrenek, AEKren koordinatzaile nagusiak. Funtsean, euskara ikasi nahi duten herritarrek doan egiteko aukera izatea defendatu du, eta erakunde publikoei «urrats sendoagoak» eskatu dizkie: «Uste dugu unea dela euskal herritar orori euskara ikasteko bidea doakoa izan dakion neurriak hartzeko. Osa dezagun, elkarlanean, guztiok doan ikasteko bide orria».

Hitzekin. Denok euskara doan egitasmoaren lehen pausoak dira, baina etorriko dira gehiago. Apirilaren 4an, Donibane Garazin (Nafarroa Beherea) agerraldi bat egingo dute beste euskaltegi batzuekin, adierazpen bat aurkezteko. Era berean, doako ikastaro laburren dinamika etorkinei ere helarazi nahi diete, baina aurrerago emango dute horren berri. Hortaz, lan munduan hasiko dira, Iribarrenek azaldu duenez: «Eremu sozioekonomikoak pertsonen egunerokoa ardazten du, kontsumitzaile, langile zein herritar gisa. Euskalduntze prozesuan jauzia egiteko unea da».

Arlo horretan, elkarlan bide bat landu du AEK-k ELA eta LAB sindikatuekin, eta datorren ikasturtean doako ikastaro laburrak eskainiko dizkie prest dauden langile taldeei, oinarrizko maila eskura dezaten. «Gehiagorengana iritsi nahi dugu». AEK-k hartuko du ekimena, eta ondoren erakundeetara joko du, ikastaroen inbertsioa beren gain har dezaten. «Finean, asmo nagusia da Euskal Herriko administrazioek bide orri bat osatzea, langile guztiek euskara doan ikas dezaten».

Lehen ariketa Bilbon egingo dute, Iberdrola eta Garbilan enpresetako beharginekin. «Langileon ekimena ardatz izango da, baina argi dugu euskararen normalizazioak norbanakoen boluntarismoa gainditu behar duela», adierazi du Gorka Lopez del Corral Iberdrolako langileak. Administrazioei «erabaki ausartagoak» galdegin dizkie: «Neurri eraginkorragoak behar dira, eta inbertsio ekonomikoak». Susana Gabantxo Garbilaneko ordezkariak erantsi du hizkuntza eskubideak «lan baldintza hobeen aldeko borrokan» txertatu behar direla: «Premiazkoa da euskara ikasteko modua ematea pertsona guztiei, horretarako denbora ziurtatzea eta zerbitzua doakoa izatea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.