Kutsadura

Mikroplastikoak topatu dituzte lehenengo aldiz gizakien odolean

Azterturiko pertsonen %80tan aurkitu dituzte partikula txikiak. Oraindik ez dakite, ordea, zer eragin eduki dezaketen partikulok gizakien organoetan.

Zaborrarekin lan eiten duen Deniz Sagdic artista, plastiko hondakinen gainean, Istanbulgo (Turkia) tratamendu planta batean. ERDEM SAHIN / EFE
Edu Lartzanguren.
2022ko martxoaren 24a
18:24
Entzun

Amsterdamgo Vrije unibertsitateko zientzialari talde batek 22 boluntario osasuntsu aztertu ditu. Lehen aldiz, mikroplastiko partikulak topatu dituzte gizakien odolean. Zientzialarion arabera, aurkikuntzak erakusten du mikroplastikoek gorputzean barrena bidaia dezaketela odolaren bitartez, eta organoetan finka daitezkeela.

Plastikozko partikula txikiak edonon daude jada ingurumenean. Pirinioetako tontorretan ere topatu dituzte, 2.877 metroko garaieran, abenduan jakinarazi zutenez. Edonola ere, orain arte ez dute inoiz ikertu giza odoleraino heldu ote diren. Hainbat teknika erabili dituzte Herbehereetako adituok hori jakiteko. Boluntarioen odola aztertu dute, 700 nanometroko plastiko partikulak edo txikiagoak bilatzeko. Baita aurkitu ere: boluntarioen %80tan.

Industrian eta eguneroko objektuetan asko erabiltzen diren lau polimero topatu dituzte, eta neurtu. Horien artean, polietileno tereftalatoa (PET akronimoarekin ezaguna, besteak beste botilak egiteko erabiltzen dena), poliestirenoak (tartean, poliestireno hedatua, isolatzeko eta enbalatzeko erabiltzen dena), eta metakrilatoa.

Ikertzaileok onartu dute boluntario kopurua txikia dela, baina nabarmendu dute ikerketak frogatu egin duela plastiko partikulak odolera pasatzeko moduan direla. «Behar da ulertu gizakien substantzia horrekiko esposizioa, eta esposizio horrek dakarren arriskua, erabakitzeko hori osasun publikoaren arazoa ote den».

Azaldu dutenez, partikulok odolean topatu izanak erakusten du gizakiek xurgatzeko abiadura handiago dela gorputzak horiek kanporatzeko edo organoetan pilatzeko dituen prozesuena baino.

Environment International aldizkarian argitaratu dute ikerketa, eta galdera bat egin dute ondorioetan: odolean dauden partikulak immunitate zelulek garraiatzen badituzte, «esposizio horrek eragin diezaioke immunitate sistemari edo oinarri immunologikoa duten gaitzak pairatzeko aukerari?».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.