Garai Bilbon jaio zen, 1930ean, familia euskaldun batean. Ikasketak egin eta pedagogian murgildu zen, eta orduantxe ezagutu zuen Xabier Peña, borondatez gazteei euskarazko eskolak ematen zizkiena. Peñarekin alfabetatu zen Garai, 1954an, eta lekukoa hartu eta bera hasi zen euskarazko klaseak ematen emakume talde bati.
Garaik Elbira Zipitria eta Karmele Esnal ezagutu zituen Parisen, ordurako ikastolen sorreran zebiltzanak. Modu klandestinoan joana zen hara, 1956an, Garmendia abizena erabilita, Munduko Euskal Biltzarra zegoelako bertan.
Umeentzako euskarazko irakaskuntza garatzeko beharraz sinistuta, Zipitriak Donostian hasitako eskolan egin zuen hilabete, eta eredu hura esportatu zuen Bilbora, Xabier Peñarekin, 1957an. San Nikolas elizaren lokal bat erabili zuten horretarako, eta hamahiru umerekin egin zituen hastapenak. Hurrengo urtean ikasle gehiagok jo zuten haiengana, eta beste klase bat sortu zuten.
Euskaraz irakasteagatik izandako arazoak tarteko, San Nikolasetik bota zituzten, eta Iralaberriko Frantziskotarren komentuan hasi ziren eskolak ematen, baina erregimen frankistak jazarri egin zien, zenbaitzuk atxilotuta. Etxeetara mugitu zituzten klaseak, eta, errepresiotik ihes egiteko, lekuz aldatuz joan ziren. Ikastolak legeztatu ostean, Resurreccion Maria Azkue ikastolan amaitu zuen bere ibilbidea.