Katalunia

JxCk utzi egin du murgiltze eredua bermatzeko helburua duen akordioa

ERCk, JXCk, PSCk eta En Comu Podemek lege proposamen bat aurkeztu dute Kataluniako Parlamentuan, baina Juntsek atzera egin du, katalanaren aldeko erakundeak eta hezkuntza komunitatea aurka agertu direla argudiatuta.

Kataluniako murgiltze ereduaren aldeko manifestazioa, iazko abenduaren 18an, Bartzelonan. DANI CODINA
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko martxoaren 24a
15:54
Entzun

Kataluniako murgiltze ereduak legezko bermea izateko helburua zuen ERCk, Junts Per Catalunyak, PSCk eta Catalunya en Comu-Podemek herrialdeko hezkuntza sistemaren gainean lortu zuten azken akordioak. Bateragarri bihurtu nahi zuten ikastetxe batzuetan transmisio hizkuntza bakarra katalana izatea eta beste batzuetan gaztelera ere ikasgaiak emateko erabiltzea. Proposamen bateratu bat aurkeztu dute parlamentuan, Hizkuntza Politikaren Legea moldatzeko. Baina iluntzean JxCk atzera egin du, proposamenak «hizkuntzaren defentsaren erakundeei eta hezkuntza komunitateari arbuioa» eragin diela ikusita.

JxCk oharrean adierazi du beste alderdiei jakinarazi diela legeak «gehiengoaren kontsentsua» behar duela katalanaren aldeko erakundeen eta eskola komunitatearen artean; hortaz, ordu batzuk lehenago jakinarazitako akordioa ezbaian gelditu da. ERCk «arduragabekeria» leporatu dio Juntsi.

Kataluniako Justizia Auzitegiak 2020an murgiltze ereduaren kontra hartu zuen erabakiari aurre egitea zuen helburu akordioak. Auzitegiak ebatzi zuen derrigorrezkoa zela Kataluniako ikastetxe guztietan gutxienez klase orduen %25 gazteleraz izatea. Kataluniako Gobernuak helegitea aurkeztu zion epaiari, baina Espainiako Auzitegi Gorenak baztertu egin zuen, iazko azaroan, eta, horrenbestez,Kataluniako Auzitegi Nagusiaren sententzia irmo bihurtu zen. Hain justu, bihar du Generalitateak auzitegiaren agindua epe barruan betetzeko azken eguna.

Lege moldaketa adostua zuten lau indarrak Hizkuntzaren aldeko Akordio Nazionalaren sinatzaileak dira. Akordioaren parte zen CUP alderdia ere, baina hark ez du bere egin hizkuntz politikaren legearen moldaketa. Azaldu duenez, proposamena adostu duten indarrak asteazken iluntzean jarri ziren harremanetan alderdi antikapitalistarekin, jada iragarria zutenean egitasmoa publiko egingo zutela. CUPek salatu du testu itxi bat aurkeztu ziotela, eta onartezintzat jo du jokabide hori.

Murgiltzea bermatzeko akordioak jasotzen duenez, katalana izango da hezkuntza ereduaren «grabitate zentroa», eta sistemak gazteleraren eta araneraren presentzia bermatuko du ikasketa orduetan. Moldaketak, baina, ez ditu zehaztuko hizkuntza bakoitzari dagozkion gutxieneko ehunekoak. Horren ordez, hainbat irizpide aipatuko ditu hizkuntzen erabilera gidatzeko: besteak beste, ikastetxearen inguruko errealitate soziolinguistikoa eta ikasketa prozesuaren bilakaera.

Proposamenaren arabera, «derrigorrezko ikasketen amaieran ikasleek katalanaren eta gazteleraren ahozko eta idatzizko erabilera menperatuko dutela bermatzeko, hizkuntza ofizialen eta horien bidezko ikasketek presentzia egokia izan beharko dute curriculumean eta ikastetxeen hezkuntza proiektuetan». Horrenbestez, moldaketak bide ematen dio gaztelerari ikastetxeetan transmisio hizkuntza izateko, baina gutxieneko ehuneko bat ezarri gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.