Gerra eta herritarrak. Electomania.es atariak inkesta bat plazaratu du jakiteko ea herritarrak prest ote leudekeen inbasio bat izanez gero Espainia defendatzeko. Emaitzak ez dira sorpresa, baieztatu egiten dutelako antzeko inkestek erakutsi izan dutena. Izan ere, Hego Euskal Herriko datuak nabarmendu egiten dira, berriz ere, Kataluniakoekin batera.
«Espainiaren eta beste herrialde baten artean gerra hasiko balitz, Espainiako lurraldearen inbasio batekin, prest zeundeke borrokatzeko izena emateko?». Hala galdetu du atariak martxoaren 11tik 16ra, Ukrainako inbasioaren erdian.
Galdekaturiko Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako biztanleen %58,7k ezetz erantzun dute (20,75k baietz, eta gainerakoek ez dakitela, edo ez dute erantzunik eman). Ezezko erantzunik argiena Gipuzkoan jaso dute (%65,3), ondoren Bizkaian (%61,4), Araban (%58,6) eta Nafarroan (49,5).
Galdekaturikoek botoa ematen dioten alderdiarekin gurutzatu dute datua. Erantzunen arabera, EH Bilduren boto-emaileak dira argien adierazten dutenak ez leudekeela prest Espainiako armada batean sartzeko (%80,5). Ondoren datoz Geroa Baiko bozkatzaileak (63,9) eta, azkenik, EAJkoak (62,7). Beste alderdien herrialdekako xehakapenik ez dute plazaratu ikertzaileek.
Mapa honetan kontsulta daiteke ehunekoak, herriz herri (erantzunak dauden lekuetan, betiere).
Hegoaldeko datuak nabarmentzeko modukoak badira ere, are ikusgarriagoak dira Kataluniakoak. Gironan eta Lleidan %70,5era heltzen da Espainia defendatzeko prestasunik ez dutenen proportzioa.
Hego Euskal Herriko eta Kataluniako datuez gain, nabarmenak dira ere Galiziakoak eta Kanaria uharteetakoak, ezezko kopuru handiarengatik.
Espainiarekiko atxikimendu gutxi
Gaur plazaraturiko inkestaren emaitzak osatzen eta, hein batean, azaltzen duten beste ikerketa bat plazaratu zuen ekainean Suediako Goteborgeko Unibertsitateak.
Hango Quality of Government Instituteko ikertzaileek besteak beste, galdera honi erantzun nahi izan zioten: Zeri diote europarrek atxikimendurik handiena? Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren erantzuna nabarmendu zuten orduan. Izan ere, hor topatu zuten estatuarekiko atxikimendurik txikiena Europako Batasun osoan.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, estatuarekiko identifikazioak 4,5 bat baino ez zuen jaso, eta, ikertzaileen arabera, Europako Batasuneko txikiena da. Nafarroan, 7,2 izan da emaitza, eta Akitanian, 8. Katalunian ere oso txikia da emaitza, baina ez horrenbeste: 5,9. Horraino, ustekabe gutxi, emaitzek berresten zutelako beste hainbat ikerketek erakutsi dutena: Espainiak eta haren erakunde eta ikurrek atxikimendu txikia eragiten dutela Hegoaldean, batez ere Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Edonola ere, berria eta nabarmentzekoa izan zen ikerketa batek erakutsi izana atxikimendu falta hori Europako Batasuneko sakonena dela.