Gerra Ukrainan

Behin-behineko espetxealdia ezarri diote Pablo Gonzalez kazetariari

Poloniak ohar bat bidali dio kazetariaren bikotekideari. Hartan, jakinarazi diote Gonzalez maiatzaren 29ra arte egongo dela kartzelan, Rzeszow eskualdeko auzitegiak aginduta. Haren aurkako «frogak» daudela dio gutunak, baina ez du haien berri ematen.

Gonzalezen askatasunaren alde Nabarnizen egin zuten bilkura. MONIKA DEL VALLE / FOKU
2022ko martxoaren 23a
17:08
Entzun

Pablo Gonzalez kazetaria behin-behinean espetxeratu du Poloniako justiziak. El País egunkariaren arabera, Gonzalezen bikotekideari jakinarazi diote maiatzaren 29ra arte egongo dela preso. Paragrafo eskaseko oharrean, Gonzalezen egoeraren berri ematen du Poloniak. Haren arabera, Rzeszow eskualdeko auzitegiak eman du Gonzalez behin-behinean espetxeratzeko agindua; Rzeszow hiriko kartzelan egingo ditu hiru hilabete. Gutunean, argudiatzen dute «atzerriko inteligentzia ekintzetan» parte hartu izanaren «susmopean» atxilotu zuela Poloniako Barne Segurtasun Agentziak kazetaria, otsailaren 27ko gauean.

Gonzalez Przemyslen atxilotu zuten, Ukrainako mugatik kilometro gutxira. Orduan, Errusiako zerbitzu sekretuetako agente izatea leporatu zioten; hau da, espioi bat izatea. Poloniako Kode Penalaren 130.1 artikuluan oinarrituta egin zuten, Gonzalo Boye abokatuak jakinarazi zuenez. Polonian, hamar urteko espetxe zigorra jar dezakete delitu horregatik. Bikotekideak jasotako oharraren arabera, «Errusiaren onerako operazioak» egin zituela erakusten duten «frogak» daude. Halere, aipatzen den bakarra da kazetari gisa «libre» bidaiatu izan duela, baita «gatazka militarrak eta tentsio politikoek jotako lurraldeetara»: «Atxiloketaren aurretik, Ukrainara bidaiatzeko asmoa zuen, bere jardunarekin jarraitzeko».

Kazetaria aipatzeko, Pavel Rubtsov eta Aleksei Rubtsov izenak ere erabiltzen ditu gutunak. Haiek, senideen arabera, Gonzalezek errusiar pasaportean duen deitura eta haren aitarena dira, hurrenez hurren. Izan ere, haren gurasoak banatzearekin hartu zuen Pablo Gonzalez deitura —errusiar izenaren itzulpena eta amaren abizena dira—, baina haiek ez zituen aldatu errusiar dokumentazioan. Hala, ingurukoen kezka da haren aurkako ustezko frogen artean egotea identitate ezberdinak dituelako ustea.

Polonia zuzenean senideekin harremanetan jarri den lehen aldia da. Halere, kazetariak oraindik ez du Boyerekin eta senitartekoekin hitz egiterik izan. Hura ikusi duen bakarra Espainiak herrialde hartan duen kontsula da. Martxoaren 7an izan zen espetxean, eta Gonzalez «animoz eta osasunez» ondo dagoela adierazi zuen, baita errugabea dela irmo defendatu duela ere.

Ukraina, eta gero Polonia

Gonzalezek otsailaren 25ean hartu zuen Varsoviarako hegazkina, gero handik mugara joateko, Ukrainatik ihes egindako errefuxiatuen egoeraren berri ematera joan baitzen. Hilabete lehenago, Donbassen kazetari lanetan ari zela, Ukrainako zerbitzu sekretuen dei bat jaso zuen. Lehenbailehen Kievera joateko esan zioten, galdeketa bat egin ziezaioten. Público-k zabaldu zuenez, galdeketa horretan «errusiazaletzat» jo zuten Gonzalez, Gara-rentzat lan egin izana egotzi zioten, eta susmagarritzat hartu zuten, Laboral Kutxako kreditu txartel bat izateagatik. Errusieraz ondo jakiteak eta inguruaz zuen ezagutzak ere sorrarazi zizkien susmoak zerbitzu sekretuei, hedabide horren arabera. Azkenean, hiru eguneko epean Ukrainatik alde egitera «gonbidatu» zuten, nahiz eta kanporatze agindurik ez zioten ezarri.

Artean Ukrainan zegoela, CNI Espainiako zerbitzu sekretuetako agenteak Gonzalezen senideen etxeetara joan ziren, Euskal Herrian eta Katalunian, Gonzalezen inguruko informazio eske. Horren berri izatean, Boyek Gonzalezi lehenbailehen Espainiako Estatura itzultzeko eskatu zion, abokatuak BERRIAri adierazi zionez. Etorri zenean, baina, inork ez zuen harengana jo. «Berriz hara itzuli arte itxaron dute haren kontra egiteko», gehitu zuen abokatuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.