Memoria historikoa

PSOEren «hipokrisia» kritikatu du Martxoak 3 elkarteak

Elkarteak gaitzetsi egin du sozialistek ikerketa batzorde bat eratzearen aurka egin izana, eta gertaera argitzeko bidea zein den azaltzeko eskatu dio.

Aurtengo martxoaren 3an egindako mobilizazioa, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
Iosu Alberdi.
2022ko martxoaren 23a
11:53
Entzun

Martxoak 3 elkarteak PSOEren «inkoherentzia eta hipokrisia» salatu ditu, alderdi hark sarraskia ikertzeko batzorde bat eratzearen aurka egin ostean, PPrekin, Voxekin eta Ciudadanosekin batera. Biktimen omenezko ekitaldietan parte hartu eta egun gutxira, gertaera argitzeko «atea itxi» izana leporatu die elkarteak sozialistei: «PSOEk ez du inoiz izan gaia tratatzeko borondate politikorik».

Kongresuko Bozeramaileen Batzarrean hartutako erabakia argudiatzeko, sozialisten eledun Hector Gomezek esan zuen «beste mekanismo batzuk» daudela gertakariak ikertzeko. Adierazpen horien harira, Martxoak 3 elkarteak eskatu dio tresna horiek zein diren azaltzeko. Hala, «loreak jartzeari utzi eta ekintzetara» igarotzeko, eta «Espainiako inpunitate eredua» amaitzeko garaia dela azaldu du elkarteak, argudiatuta halakorik ezean ezinezkoa dela «bizikidetza demokratikoa» garatzea.

«Elkarte hau modu guztietan saiatu da, maila politikoan, judizialean, instituzionalean; barne mailan zein nazioartean». Bide horietako bakoitza jorratzean PSOEren jarrera «anbiguoa» izan dela salatu du elkarteak, «egia jakiteko, justizia egiteko eta sarraskiaren biktimen erreparaziorako kolaboratzearen aurkakoa». Besteak beste, gogoratu du Espainiako Gobernuari Rodolfo Martin Villa ministro ohiaren «ardura politiko eta penalak ikertzeko eta argitzeko» neurriak hartzeko eskatzearen aurka bozkatu zuela PSE-EEk Eusko Legebiltzarrean, eta antzeko erabakiak hartu dituela Arabako Batzar Nagusietan eta Gasteizko Udalean ere.

Hori ikusita, lan egiten jarraitzeko asmoa adierazi du elkarteak: «Ez dugu etsiko ahanzturara kondenatu nahi gaituen lotsaren horma hau hausteko asmoan». Hala, gogoratu du norbanako eta talde ugari ari direla lanean «inpunitatearen aurkako borrokan». Era berean, eskerrak eman dizkie batzordea eratzearen alde egin duten indar parlamentarioei.

EH Bilduk aurkeztutako proposamena tramiterako onartu zuen Espainiako Kongresuko Mahaiak joan den astean, PSOEren aldeko botoarekin. Atzo, ordea, EAJ, Unidas Podemos, ERC, JxC eta Mas Pais alderdietako eledunen babesa izan arren, tramitazioa etetearen alde egin zuen Bozeramaileen Batzarrak, eskuinaren eta PSOEren botoekin.

Egun, Argentinako Ganbera Kriminal Federalak irekitako auzia da 1976ko martxoaren 3ko sarraskia ikertzen ari den bakarra. Kausa hartan, Martin Villak izan zezakeen ardura politiko eta penala ikertzen ari da Maria Servini epailea. Kasuak gorabehera ugari izan dituen arren, Servinik ikerketarekin jarraitzen du, eta erreguzko zenbait eskaera egin zizkion aurreko astean Espainiako Estatuari, garai hartako Espainiako Gobernuko kideen arduren inguruan. Halere, orain arteko eskaerei erantzuteari uko egin dio Espainiak, delituak preskribatuta daudelakoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.