Memoria historikoa

Martxoaren 3ko sarraskia ikertzeko batzorde bat eratzea galarazi dute PSOEk eta eskuinak

Kongresuko Bozeramaileen Batzarrean egin dute EH Bilduren eskaera osoko bilkurara eramateko bozketa. PSOEk argudiatu du «beste mekanismo batzuk» bilatu behar direla gertaerak argitzeko.

Martxoaren 3an eginiko mobilizazioa, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
Iosu Alberdi.
2022ko martxoaren 22a
13:15
Entzun

EH Bilduko diputatu Mertxe Aizpuruak goizean adierazi du «pilota PSOEren teilatuan» zegoela, eta hala izan da. Sozialistek, PP, Vox eta Ciudadanosekin batera, atzera bota dute Martxoaren 3ko sarraskia ikertzeko batzorde bat eratzeko proposamena. Espainiako Kongresuko Mahaiak hura tramiterako onartzearen alde egin zuen aurreko astean, baina Bozeramaileen Batzarrak galarazi egin du gaur EH Bilduren proposamena osoko bilkurara eramatea.

EH Bilduren proposamena babestu dute EAJ, Unidas Podemos, ERC, JxC eta Mas Pais alderdietako kideek, baina talde parlamentariorik handienen ezezkoak galarazi du hura aurrera ateratzea. «Gobernuak eta Espainiako justiziak biktimen egiarako eskubidea ukatzen jarraitzen dute, sarraskiari lotutako dokumentu guztiak sekretupean gordeta», azaldu du Aizpuruak. Gehitu du ez duela ulertzen sozialistek kontra egin izana, eta «biktimei bizkarra ematea» egotzi die: «Argi geratu da, beste behin ere, ez dutela inolako interesik egia osoa jakiteko eta argitara ateratzeko, baizik eta ezkutatzen jarraitu nahi dutela».

Bozeramaileen Batzarraren bilera hasi aurretik eginiko adierazpenetan, EH Bilduko diputatuak azaldu du biktimen senideen eskaerei erantzutea eta garai hartako gobernukideen ardura mailak ezagutzea zirela ikerketa batzorde bat sortzearen helburuak: «Inpunitatea amaitu eta bigarren mailako biktimarik ez egoteko, beharrezkoa zen 1976an gertatutakoa arakatzea eta argitzea. Biktimei zor diegu». Izan ere, salatu duenez, oraindik ere garai hartako gobernuaren bertsio ofiziala dago indarrean. Horiek hala, «hitzetatik ekintzetara» igaro eta beharrezko mekanismo politikoak aktibatzeko eskatu dio gobernuari, baina PSOEk uko egin dio neurriari baiezkoa emateari.

Ezezkoa justifikatzeko, PSOEko eledun Hector Gomezek adierazi du ikerketa batzorde bat ez dela Martxoaren 3ko gertakariak ikertzeko tresna egokia, eta gehitu «beste mekanismo batzuk» aurkitu behar direla. Bozeramailearen esanetan, sozialisten asmoa «beste alternatiba posible batzuen» inguruan hitz egitea da, baina ez du zehaztu zer ezaugarri izan beharko lituzketen horiek.

«Egia, justizia eta erreparaziorako» eskubidea izateko «ateak itxi» izana leporatu die Martxoaren 3ko biktimen elkarteak sozialistei. «Lore gutxiago eta ekintza gehiago!», exijitu du elkarteak, PSE-EEko kideek martxoaren 3an Gasteizen eginiko lore eskaintzak gogoratzearekin batera.

Argentinara begira

1976ko sarraskitik 46 urte igaro direla gogoratuz, Aizpuruak salatu du Argentinako Ganbera Kriminal Federalak irekitako auzia dela frankismoko eta trantsizioaren lehen urteetako krimenak ikertzen ari den bakarra. Auzi hartan Espainiako ministro ohi Rodolfo Martin Villa ikertzen ari da Maria Servini epailea, eta aurreko astean erreguzkohainbat eskaera egin zizkion Espainiako Estatuari; hala nola garaiko agintariek, tartean Martin Villa, manifestazioak eta protestak sakabanatzeko eta armak erabiltzeko emandako zuzentarauen berri emateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.