Korsika

Haserrea, dolua eta mobilizazioak Colonnaren heriotzagatik

Korsikako lizeo gehienak blokeatuta daude goizetik, eta hainbat manifestazio antolatu dituzte militante independentista omentzeko. Macronek «lasaitasunera» deitu du.

Hilaren 13an Bastian (Korsika) Colonnaren alde egin zuten manifestazioa. OIHANA TEYSEYRE KOSKARAT
ander perez zala
2022ko martxoaren 22a
12:54
Entzun

Yvan Colonna Korsikako militante independentista ezagunaren heriotzak denetariko erreakzioak eragin ditu Mediterraneoko irlan eta Frantzian. Haserrea, dolua eta beste hainbat sentimendu nahasi dira atzo gauetik, eta lehen elkarretaratzeak berehalakoak izan ziren; gaur ere gazteak segituan atera dira hainbat herritako eta hiritako kaleetara Colonna omentzera, eta manifestazio baketsuak egitera.

Ajaccio hiriburuan egin dute lehen protesta esanguratsua. 10:00etan abiatu dute, eta prefeturaraino egin dute martxa; arratsalderako, Bastian ere mobilizatzera deitu dute, suprefeturaren egoitzaren aurrean. Goiz-goizetik, gainera, lizeo gehienak blokeatuta daude, eta horrek erakutsi du protestetan protagonista izan diren gazte mugimenduek mobilizatzen jarraituko dutela. Colonnaren familiak ez du adierazpen publikorik egin, eta bere abokatuen bitartez eskatu zuen, atzo, «dolurako denbora errespetatzeko».

Korsikako politikarien artean gaur ugaritu dira heriotzaren inguruko erreakzioak, eta, oro har, nahiko moderatuak izan dira. Gilles Simeoni Korsikako gobernuburuak honakoa idatzi du Twitterren: «Yvan Colonnak, abertzale korsikarrak, beti aldarrikatu du bere errugabetasuna. [...] Haren heriotza injustizia eta tragedia bat da; Korsikaren eta bere herriaren historia garaikidea markatuko du. Doluaren eta biltzearen garaia da». Simeonik ongi ezagutzen du Colonna, haren abokatua izan baitzen urte luzez.

Jean-Felix Acquaviva Frantziako Asanbleako diputatu eta Korsikako Asanbleako kontseilari autonomista, berriz, gogor mintzatu da militante independentistaren heriotzaz, eta «[Frantziako] estatuaren mendekuaz» aritu da: «Mendeku horrek eragotzi dio [Korsikara] hurbiltzea, eta horrek heriotzara eraman du».

Core in Fronte independentistako buruzagi Paul-Felix Benedetti ere asteotan baino lasaiago mintzatu da Colonnaren heriotzaz aritzean. «Urteak dira legearen aplikazioa eskatzen genuela. Tamalez, honetarako prestatu ginen. Penaz gaude. Gertatu dena galtze handi bat da», esan du Franceinfo irratian. Hura ere «estatuaren mendekuaz» aritu da, Acquavivak egin bezala.

Ikusi gehiago: Yvan Colonnaren heriotza gaitzesteko manifestazio bat egingo dute larunbatean Baionan

Korsikako mugimendu nazionalistatik kanpo, Laurent Marcangeli Ajaccioko auzapez eta Korsikako Asanbleako hautetsi eskuindarrak «dolua errespetatzera» deitu du, eta esan du «eztabaidak» beste baterako utzi behar dituztela; lasaitasunerako mezuak ere eman ditu, argudiatuta militantearen heriotza ez dela garai egokia kalean liskarrak berriz izateko.

Valerie Bozzi irlako Asanbleako hautetsi eta Grosseto-Prugna-Porticcioko auzapez eskuindarrak ere «doluminak» helarazi dizkio Colonnaren sendiari, eta ohartarazi du «baldintza lazgarrietan» hil dela militante nazionalista. Bonifacioko auzapez eta Emmanuel Macron Frantziako presidentearen aliatu Jean-Charles Orsuccik ere «doluminak» helarazi dizkio Colonnaren familiari, eta esan du «dolurako garaia» dela.

Frantzian, berriz, bi ideia nabarmendu dira erreakzioak aztertzerakoan: batetik, gobernuak lasaitasuna eskatu du, ez duelako azken asteotako protestak eta istiluak errepikatzea nahi; bestetik, oposizioko alderdiek eta agintari politikoek gertaturikoa argitzeko exijitu diote gobernuari.

Gabriel Attal bozeramailea mintzatu da gertaturikoaz gobernuaren izenean, eta «lasaitasunerako eta elkarrizketarako» deia egin die Korsikako herritarrei; beste behin ere, esan du Colonnaren heriotzaren ingurukoak argituko direla. «Zer gertatu den bilatuko dugu, baita erantzukizunak ere», adierazi du Europe1 irratian. Gerora mintzatu da Macron, eta hark ere mezu bera helarazi du, «lasaitasuna eta erantzukizuna» eskatu baititu France Bleu irratiari emandako elkarrizketan.

Datorren hilabetean egingo dituzte Frantziako presidentetzarako bozen bi itzuliak, eta horretan lehiatuko diren hautagaiak ere mintzatu dira Colonnaren heriotzaz, afera hori bozen aurrekanpainan sartu baita. Yannick Jadot hautagai ekologistak, esaterako, France Inter irratian esan du militante nazionalista «hil» dutela, eta «beharrezkoa» dela Frantziako Estatuaren eta Korsikaren artean «harreman berri bat irekitzea».

Fabien Roussel Frantziako Alderdi Komunistaren presidentegai eta idazkari nazionalak, berriz, galdera bat bota du Twitterren: «Nola ito ahal izan dute, zortzi minutuz, bereziki zainduriko atxilotu bat?». Horrekin batera, hura ere ikerketa bat egiteko beharraz aritu da.

Valerie Pecresse LR Errepublikanoak eskuindarraren hautagaia ere mintzatu zen atzo gauean Colonnaren heriotzatz, CNews katean, eta horretan esan zuen gertaturikoa «drama bat» dela: «Ordena Korsikara itzultzea nahi dut. Gure herrikideak deitzen ditut lasaitasunera eta zuhurtasunera».

Eraso baten ondorioz

Colonna atzo hil zen Marseillako ospitale batean (Okzitania), 61 urte zituela; ia hiru aste zeramatzan koman, hilaren hasieran Arlesko presondegian eraso egin ziotenetik. Erasotzailea beste preso bat da, eta esan zuen «profetari birao egiteagatik» jo zuela militante nazionalista; zenbait ikerketa irekita daude gertaturikoa argitzeko.

Patrice Spinosi haren abokatuetako batek eman zuen heriotzaren berri, eta jakinarazi zuen hildakoaren familiak ez duela adierazpenik egingo gertaturikoaz. Colonnaren hilketak zeresan handia eman du Korsikan eta Frantzian, erasoaz geroztik aspaldidaniko manifestaziorik eta mobilizaziorik handienak egin baitituzte Mediterraneoko irlan.

Ikusi gehiago: Injustizia baino latzagorik...

Korsikako mugimendu nazionalistak asteotan salatu du Colonna Korsikara gerturatu izan balute ez zela haren kontrako erasorik izango; are, Frantziako Estatuari egotzi diote «erantzukizuna» duela gertaturikoan. Erasotzailea beste preso bat da, eta esan zuen «profetari birao egiteagatik» jo zuela militante nazionalista; zenbait ikerketa irekita daude gertaturikoa argitzeko.

Colonna oraindik koman zegoela, eta Korsikako herritar askoren haserrea ikusirik, Jean Castex Frantziako lehen ministroak erabaki zuen presoa zenari DPS estatusa kentzea, eta, iragan astean, Frantziako justiziak zigorra eten zion, osasun arrazoiak argudiatuta.

Hori gertatu aurretik, hainbat mobilizazio egin dituzte Korsikan, prefeturaren eta suprefeturen egoitzen aurreko protestak tarteko. Aspaldidaniko liskarrak itzuli dira irlara, eta bereziki deigarria izan zen Corten egin zuten manifestazioa; 10.000 eta 15.000 lagun artean elkartu ziren.

Bizitza bat Korsikari lotua

Colonna Korsikako —eta Frantziako— atxiloturik eta presorik ezagunenetako bat izan da. 1960an jaio zen Ajaccion, eta nerabezaroaren parte bat Nizan (Okzitania) pasatu zuen, haren aita Jean-Hugues Colonna politikaria baitzen, eta hiri horretako hauteskundeetan lehiatu baitzen; 1981ean itzuli zen Korsikara —21 urterekin—, haren familiaren herrira, Cargesera, irlaren mendebaldean. Hurrengo urtean sartu zen Korsikako irakasleen sindikatuan, eta 1983an herriko bozetara aurkeztu zen, lehen zerrenda nazionalistan.

Gerora egin zen 1988an sorturiko A Cuncolta Naziunalista alderdi ezkertiar independentistako kide —FLNC Korsikako Nazioa Askatzeko Frontearekin harremana zuela salatu izan dute—, eta indar politiko horretan egon zen 1993ra arte. 1990eko hamarkada oso zaila izan zen mugimendu nazionalistarentzat: FLNC bitan zatitu zen, eta mugimendu barneko eztabaidak, kritikak eta hilketak ugaritu egin ziren. Urte horietan, Colonnak artzain lana izan zuen, eta horrengatik ere egin zen ezagun.

1998ko otsailaren 6an hil zuten Claude Erignac prefeta, Ajaccion, eta hilketa horrekin zerikusia zuelakoan atxilotu zuten Colonna, 2003an; lau urte horietan ihesean egon zen, hainbatetan defendatu baitzuen ez zuela heriotza horretan parte hartu. Ezaguna egin da Nicolas Sarkozy garai hartan Frantziako Barne ministro zenak esandakoa; oraindik Colonnaren kontrako epaiketarik egin ez zuten arren, adierazi zuen «Claude Erignac prefetaren hiltzailea» harrapatu zutela.

Aurrez, 1999an, Pierre Alessandri eta Alain Ferrandi ere hartu zituzten atxilo, Erignacen hilketarengatik. Colonna 2007an epaitu zuten, eta bizi arteko espetxealdira zigortu zuten. BERRIA Colonnaren abokatu Stella Canavarekin mintzatu zen iaz, eta hark adierazi zuen bere bezeroaren kasuko erabakiak «guztiz politikoak» direla.

Militante nazionalistaren kasua ezagun egin da urteotan, eta haren abokatu izan dira egungo politikari ezagunetako bi: Simeoniz gain, Eric Dupond-Moretti Frantziako Justizia ministroa. Colonna Korsikako mugimendu nazionalistako ikurretako bat da Erignacen heriotzaren harira abiaturiko ihesetik, eta badirudi hala izango dela aurrerantzean ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.