Kontu ekonomikoak

Jaurlaritzak kalkulatu du gerrak bi puntu kenduko dizkiola hazkundeari

«Alarmistak» ez izateko eskatu du Pedro Azpiazu sailburuak, BPGa %4,5 haziko delako eta langabezia tasa %9,5era jaitsiko delako

Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburua, artxiboko irudi batean. RAUL BOGJO / FOKU
Iker Aranburu.
2022ko martxoaren 22a
12:54
Entzun

Eusko Jaurlaritzak ez du asko itxaron bere iragarpen ekonomikoak okertzeko. Errusiak Ukraina inbaditu zuenean aurreratu zuen gerrak kalte egingo ziola Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ekonomiari ere, eta jada jarri dizkio kopuruak geldialdi horri: hazkunde iragarpena %6,7tik %4,5era txikitu du. Hau da, hazkunde sendoa izango da, eta hiru lurraldeetako barne produktu gordina pandemiaren aurreko mailara itzuliko da, baina ez du gaindituko uste bezainbeste. 2023rako ere suspertze handia iragarri du, %4,1ekoa.

Pedro Azpiazu Ekonomia sailburuak «alarmistak ez izateko» eskatu du, eta nabarmendu nahi izan du ezin dela esan «krisia» dagoenik. Europako Banku Zentralak berak ere oraingoz ez du uste Ukrainako gerrak atzeraldia ekarriko duenik, eta ez da espero hala egitea Europako Batzordeak aste batzuk barru bere iragarpenak eguneratzen dituenean.

Baina Azpiazuk onartu du Errusiak Ukraina inbaditu izanak «goitik behera» aldatu duela egoera, eta jada kalte egiten ari zaiola ekonomiari. Berehalako lehen ondorioa energia garestitzea izan da, eta energia asko gastatzen duten enpresei ere bete-betean eragiten die. «Garraioa, metalurgia, altzairutegiak, arrantza eta papergintza aipa daitezke. Horietako batzuk geratu egin dira martxoan, ezin zutelako prezioaren igoera barneratu; premiazko neurriak behar dira kalte handiagoak eragozteko».

Kontsumoa ere gutxiago haziko da

Beste arazo bat lehengaien eskasia da. Errusia da industrian erabiltzen den lehengaien esportatzaile nagusietako bat, eta horietatik nikela eta paladioa aipatu ditu Azpiazuk. Gainera, Errusia ez ezik, Ukraina ere gariaren eta beste laboreen esportatzaile handia da, eta horrek elikagai industriaren kostuak handituko ditu, eta hornidura arazo batzuk sortuko.
Arazoak arazo, Jaurlaritzak iritzi dio industria gai izango dela aurten bere jarduera %3,9 handitzeko (aurretik %6,6 zioen).

Eraikuntzak ere galduko du indarra, lehengaien garestitzea dela eta. Zerbitzuei dagokienez, batez ere herritarren kontsumoaren menpe daudenei eragingo die. Izan ere, gerra giroak kontsumoa uzkurtu ohi du, zuhurtasuna ekartzen duelako. Horrek eragingo du pandemian pilatutako aurrezkiaren zati batek gastatu gabe jarraituko duela. Gainera, horri gehitu behar zaio inflazioa erregaietatik beste produktu eta zerbitzuetara ere igaro dela eta horrek erosteko ahalmena gutxitzen duela, soldata gehienak ez baitira prezioak bezainbeste handituko.

Jaurlaritzak kalkulatu du inflazioaren urteko batezbestekoa %4,2 izango dela, eta datorren urtean jaitsi egingo dela, %2 ingururaino.

Enpleguari dagokionez, 11.500 enplegu sortuko direla uste du, eta langabezia tasa %9,5era jaitsiko dela. Abenduan, berriz, 16.600 enplegu gehiago eta %9,2ko langabezia tasa iragarri zituen. 2023an ere beheranzko joera izango da langabezian: %9,1eko tasa eta 8.000 enplegu garbiren sorrera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.