BIKTIMAK

EAEko estatuaren biktimek aitortza eskatzeko epea berriz irekitzeko eskatu du Foro Sozialak

Abenduan bukatu zen 12/2016 legearen barnean eskaerak egiteko epea, eta Balorazio Batzordeak 710 baino ez zituen erregistratu. Foroaren arabera, estatuaren biktimen %13k baizik ez dute aitortza eskatu.

Nekane Altzelai eta Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorreko bozeramailea, gaur, Donostian eginiko agerraldian. ANDONI CANELLADA / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2022ko martxoaren 22a
12:44
Entzun

12/2016 legeak Espainiako Estatuko Poliziaren edo talde parapolizialen indarkeria jasan izana aitortzeko aukera ematen die Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrei. Foro Sozial Iraunkorraren ustez, «garrantzitsua» da legea, gaur egun egiarako eta erreparaziorako dagoen «tresna nagusia» baita. Ordea, ez du orain arte arrakasta handirik izan, eta, hori dela eta, aitortza eskeak egiteko epea berriro irekitzeko eskatu du Foro Sozialak gaur Donostian egindako agerraldi batean. Epea berriro irekitzearekin batera, «komunikazio kanpaina egoki bat» egin beharko litzateke, foroaren ustez, baita biktimei laguntzeko «hurbileko» zerbitzu bat martxan jarri ere, «bitarteko eta prestakuntza egokiekin».

Joan den abenduan bururatu zen biktimek eskariak erregistratzeko epea, eta Foro Sozial Iraunkorreko Nekane Altzelaik eta Agus Hernanek gogoratu dute Eusko Jaurlaritzak estatuaren biktimen 710 eskaera baino ez zituela jaso. Gutxi da hori: «Estatuaren indarkeriek 366 hildako, 1.172 zauritu eta ofizialki aitorturiko 4.113 tortura kasu eragin dituzte —eta horietatik 88 hildako eta 66 zauritu onartuak zeuden aurreko dekretuen bidez—. %13k bakarrik eman dute orain aitortza eskaerak aurkezteko pausoa».

Foro Sozialak hainbat arrazoi ikusten ditu eskaera bakan horien gibelean. Nagusiki, hiru: estatuaren biktimek justiziarekiko duten mesfidantza, instituzioetako politikekiko duten «konfiantzaren haustura sakona» eta «abandonatuta» egotearen sentsazioa. Foroak gaineratu du estatuaren biktimen %39 «argitu gabeko kasuak» direla, eta, beraz, horiek «agendatik kanpo» daudela. Estatuaren biktimek, halaber, «bigarren mailakoak» izatearen sentipena dute, foroaren hitzetan, eta «etengabe birbiktimizatuak» daude.

Baliabide gehiago

Eskaerak egiteko epea irekitzea ez ezik, foroak eskatu du baliabide gehiago eman diezazkiotela eskaera horiek aztertzen dituen Balorazio Batzordeari, «orain arte jasotako 710 espedienteak arrazoizko epe batean ebatzi ahal izan ditzan, epeak luzatu gabe». Foroak uste du, izan ere, epeak luzatzeak «segurtasun falta» emanen liekeela biktimei. Eusko Jaurlaritzari erreparazio ekitaldiak antolatzeko deia egin diote Altzelaik eta Hernanek, halaber. Iazko ekainaren 26an torturaren aurka egindakoa eta aurten Orbaitzetan (Nafarroa) antolaturikoa hartu dituzte adibide.

Biktimei eurei ere luzatu die mezua foroak: «Oraindik tramitea egin ez duten biktimak animatu nahi ditugu lege honi aitortza eskaerak aurkezten jarrai dezaten, epea itxita egon arren araudiak onartzen baitu espedienteak aurkeztea, eta keinu garrantzitsua izango litzateke». Orain arte eskaerak egin dituzten biktimen «ahalegina» aitortu du Foro Sozial Iraunkorrak, dokumentazioa betetzeko lanak «sufrimendua berpiztu» ahal izan dielako.

Balorazio Batzordea osatzen duten bederatzi lagunei ere eman dizkiete eskerrak, egiten ari diren lanagatik: «Baliabide gutxirekin eta Sekretu Ofizialen Legeak artxiboetan arakatzeko ezartzen duen ezintasuna kontuan hartuta, ikerketa lan goraipagarria egiten ari dira egia bilatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.