Korsika

Yvan Colonnaren heriotza gaitzesteko manifestazio bat egingo dute larunbatean Baionan

EH Baik deitu du protestara, eta salatu du Colonnaren heriotza ekidin zitekeela. Sortuk, berriz, Korsikako gatazkari «irtenbide demokratikoa» emateko eskatu dio Frantziako Gobernuari.

EH Baik Colonnaren alde egin zuen elkarretaratzea, pasa den martxoaren 15ean, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
2022ko martxoaren 22a
11:55
Entzun

Euskal Herrian ere samina eragin du Yvan Colonna Korsikako militante nazionalista ezagunaren heriotzak. EH Baik eta Sortuk ohar bana plazaratu dute Colonnaren senideei, lagunei eta Korsikako askapen mugimenduari babesa helarazteko, eta argi aldarrikatzeko militantearen heriotza eragotz zitekeela.

EH Baik, gainera, manifestaziora deitu du larunbaterako Baionan, 15:00etan, San Andres plazatik hasita. Ezkerreko abertzaleek esan dutenez, «haserre bizia» eragin die Frantziako Gobernuaren azken hiru asteetako jarrerak: «Colonna hil edo biziko egoera batean egotea itxaron dute, bere DPS estatutua edota bere kondena bertan behera uzteko. Zergatik itxaron presoa hilzorian egotea urrats horiek egiteko?», gaitzetsi dute. EH Bairen iritziz, horrek agerian uzten du Parisek urrats horiek egin ditzakeela erabaki politiko batek bultzatzen badu.

Korsikako egoerari dagokionez, uste du konponbidea Frantziaren borondate eta kudeaketa politikotik lortuko dela. Urrats horiek egin ditzan presio egitea da larunbateko manifestazioaren helburu nagusia: «Heriotza hori ezin da isilean gelditu».

Sortuk ildo beretik jo du bere oharrean. Gogoratu du Colonna «hainbat euskal preso politikoren burkidea» izan zela Frantziako espetxeetan, eta eskertu diote «euskal nazio askapen mugimenduarekiko izandako begirunea». Hortaz gain, salatu du Paris gotortuta dagoela «Korsikako jendartearen gehiengo zabalaren eta bertako instituzioen aldarrikapena den preso politikoen askatze bidea oztopatzeko jarreran», eta dei egin dio «Korsikako zein Euskal Herriko gatazkei irtenbide demokratikoa emateko».

Bake Bidea eta Bakegileak

Bere aldetik, Bake Bideak eta Bakegileek jakinarazi dute prentsaurreko bat egingo dutela ostegunean Colonnaren heriotzaren harira, Baionan, 11:00etan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.