Memoria

Ezkabako kartzelako hamabost presoren gorpuzkiak aurkitu dituzte Berriozarko hilerrian

Horien azpian gehiago aurkitzea espero dute

Berriozarko hilerriko hobian aurkitu dituzten gorpuzkiak. NAFARROAKO GOBERNUA
jon ordonez garmendia
2022ko martxoaren 21a
15:56
Entzun

Aranzadi Zientzia Elkarteak Ezkabako espetxeko beste hamabost presoren gorpuzkiak aurkitu ditu Berriozarko hilerrian (Nafarroa). Hilaren 9an hasi zuen indusketa, eta luzatu egingo da, uste baitute litekeena dela hamabost horien azpian gehiago egotea. Lehen zantzuen arabera, baliteke 21 pertsonaren gorpuzkiak egotea hobi horretan, horietako zenbaitzuk, anarkistak. Txinparta elkarteak jaso zuen informazioaren arabera, litekeena da ihes egiten saiatzea leporatuta frankistek hil zituzten 21 presoen gorpuzkiak izatea horiek. Jasotako informazioaren arabera, hil ostean, gorpuak Berriozarrera eraman zituzten kamioi batean. Irudi hori iltzatuta geratu zitzaien kamioia pasatzen ikusi zuten herritarrei, Txinpartaren arabera, eta horri esker aurkitu ahal izan dute hobia herriko hilerrian.

Indusketa konplexua da Ezkabakoa, gaur azaldu dutenez, metro koadro gutxi batzuetan gorpuzki asko baitaude. Txinpartaren arabera, 1942. urtera arte Ezkabako espetxean gaixo hil ziren 26 preso ere eraman zituzten Berriozarko hilerrira. Horiek aurkitzea, ordea, zailagoa izaten ari zaie Aranzadikoei. Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak, ordea, gaur hilerrian bertan berretsi egin du 1936an altxatu zirenen indarkeriaren biktimak bilatzeko, aurkitzeko eta hobitik ateratzeko konpromisoa. Nafarroako gobernuak 23 prospekzio egitea aurreikusi zuen aurten, eta hamabost hauekin 136 pertsona aurkitu dituzte jada Nafarroako Gobernuaren desobiratze programarekin.

Ezkaba mendian izan dira Ollorekin gaur Martin Zabalza Bake, Elkarbizitza eta Giza Eskubide zuzendaria, Josemi Gaston Nafarroako Memoriaren institutuko zuzendaria eta Raul Maiza Berriozarko alkatea. Memoria berreskuratzen lan egiten duten zenbait elkarteetako ordezkariak ere egon dira Aranzadiren lanak ikusten. Ezkabara egin duten bisita Memoria duten eskolak programaren barruan egin dute. Lanak hasi zirenetik lau ikastetxetako ikasleak izan dira horiek ikusten. Gaur, zehazki, Hezitzaileen Ikastetxean goi mailako animazioa ikasten ari diren hogei bat ikasle izan dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.