Argitu dira zalantzak: Binakako Txapelketa nagusiko finala Altuna III.a-Martija eta Laso-Imaz bikoteek jokatuko dute. Emozioz beterikoa izan da aurtengo txapelketa, eta azken jardunaldira arte itxaron behar izan dute pilotazaleek finala zein bi bikotek jokatuko zuten argitzeko.
Irribarria-Rezustaren atzoko porrotak, ordea, asko erraztu zien bidea Laso-Imazi. Pronostikoak hautsiz, Elezkano II.ak eta Zabaletak irabazi egin zieten faboritoei, sei tantoren aldearekin irabazi ere (22-16).
Lasok eta Imazek garaipena ere ez zuten behar gaur; nahikoa zuten hamasei tanto egitea. Atzoko emaitzak, ordea, bazuen beste ondorio bat: matematikoki finalerako sailkatu zituen Altuna eta Martija. Gaur, beraz, ez zuten presiorik gorriek, eta Eibarko Astelena pilotalekuan azkar nabaritu da bi bikoteetako zeinek zuen zerbait jokoan. 2-0, 10-2, 18-5, eta, amaieran, 22-6. Bestelakoa izango da finala.
Tanto baten gorabeheran
Atzo, ziurrenik, bietako inori komeni ez zitzaion emaitza gertatu zen. Besteak beste, tanto baten gorabeherak aski ondorio ezberdinak utz zitzakeelako. Esaterako, Elezkanok eta Zabaletak hamaseian irabazi beharrean hamabost tantoan irabazi balute, zuzenean eskuratuko zuketen finalerako sailkapena. Ordea, hamazazpian irabazi balute, inongo aukerarik gabe geratuko ziren. Azkenean hamaseian irabazteak ere ez die balio izan.