CNI Espainiako Zerbitzu Sekretuetako zuzendari Paz Estebanek uko egin dio Mikel Zabalzaren heriotzari buruz erakundeak duen informazioa Senatuko Defentsa Batzordearen esku uzteari. Hogei senatarik egindako eskaeraren inguruan, Estebanek argudiatu du ez dela legezkoa informazio hori publiko egitea, aurrez desklasifikatzen ez bada.
Geroa Bairen arabera, Estebanek adierazi du CNIk ezingo lituzkeela publiko egin, dokumentu horiek «existituko balira ere». Argudiatu duenez, 1968ko Sekretu Ofizialen Legearen arabera, horretarako beharrezkoa da haiek desklasifikatzea. Izan ere, Zabalzaren inguruko informazioa sekretu gisa klasifikatuta dago, eta, hala jarraitu bitartean, erakundeak ez du haiek publiko egiteko betebeharrik.
Eskaera egitean, Geroa Bai, EAJ, EH Bildu, ERC, JxC, Mas Madrid, Compromis, Mes per Mallorca, Adelante Andalucia eta Gomerako Talde Sozialista indarrek azaldu zuten Sekretu Ofizialen Legeak ez duela eraginik Kongresuaren eta Senatuaren eskaerei dagokienez, eta erakunde horiek «sarbidea» izan behar dutela eskatu dezaketen edozein informazio jasotzeko. CNIren arabera, baina, ez dago Senatuari material klasifikatua ematea arautzen duen legedirik.
Geroa Baiko Koldo Martinez senatariak erantzun du Senatuko presidente Ander Gili eskatuko diola informazio horretara sarbidea izateko eginbeharrak egiteko, «demokrazian bizi izandako polizia indarkeriako kasu mingarrienetako baten inguruko egia ezagutzeko». Era berean, senatariak adierazi du aztertzen ari direla Zabalzaren heriotza argitzearen aurka egiten duen «edozein arduradun politikoren edo administrazio publikoren» kontra auzitara jotzea.