«Euskal Herriko gazteria eta gazte mugimenduak batu, aktibatu eta elkarlanean jartzeko. Elkarrekin hausnartu, ikasi eta mobilizatzeko»; Zartada gazte ekimeneko kideek hala deskribatu zituzten egitasmoaren beraren asmoak orain bi hilabete eginiko aurkezpenean. Hain zuzen ere orduan iragarri zituzten egitasmoak antolaturiko lehenbiziko hitzorduak ere: atzotik, topaketak egiten ari dira Gasteizen. Bihar arte iraunen dute, zehazki. Hitzaldi eta tailer ugari dituzte egitarauan, baita aisialdirako tarteak eta manifestazio bat ere.
OSTIRALEKO LABURPENA🎥
— Zartada (@gaztezartada) March 18, 2022
💥 1 egitetik 11 izatera! pic.twitter.com/cApcl4H3Mx
Hezkuntza, ekologismoa, komunikazioa, euskara, etxebizitza... askotariko gaiak jorratuko dituzte gaurko jardueretan. Izan ere, arduradunen esanetan, gaur egungo testuinguruari erreparatuz antzemandako kezka eta premiei so ondu dute egitaraua. Horregatik, programazioan bilduak dira gazteei zuzenean eragiten dieten ahal adina auzi.
Ikusi gehiago:Unai Ribera Martinez: «Asko gara, baina elkartuta gehiago izan gaitezke»
Esate baterako, Hezkuntza krisi egoeran. Ikasleok aldaketa motora hitzaldia emanen du Ikamak goizean. Halaber, hezkuntzaren gaiari loturik, hezkuntza ez-formalari buruzko hitzaldia ere izanen dute Gasteizen, solasaldi batean. Bestalde, zaintzaz mintzatuko da Matraka neska gazte taldea, Harreman eredu patriarkalak irauliz hitzaldia emanen du Pikarratuizek, eta jai ereduak ere izanen dituzte hizpide, Kaskagorri, Zizpa Gazte Konpartsa eta Gazte Karparen eskutik.
Halaber, zenbait tailer ere antolatu dituzte: hala nola komunikazioari buruzkoa, zibersegurtasunari begirakoa eta grafittien ingurukoa. Arratsaldez, manifestazio bat eginen dute Gasteizen. 17:30ean abiatuko dira, Artiumetik. Hau dute leloa: Bat egitetik, hamaika izatea.
Zartada gazte egitasmoaren Twitter kontuan argitaratua dago egitarau osoa.
Geroz eta gutxiago geratzen da...💥
— Zartada (@gaztezartada) March 12, 2022
Eman izena 📲 https://t.co/Tt2xp9bu8Cpic.twitter.com/Y1CuPUwCtB
Zenbait gazte mugimendutako kidek osatua Zartada egitasmoa. Taldeei dagokienez, Gazte Komunistak, Ernai, Egin Klak, Ikama, Gu Ere Bagara Bilbo, Eragin, Donostiako Zizta eta Euskal Herriko Neska* Gazteak dira partaideen artean, besteak beste.