Literatura

Haurtzaroko abusuez idatzi du Maddi Ane Txoperenak 'Ez erran inori' eleberrian

Igartza saria irabazi zuen 2020an, eta horren emaitza da Elkar argitaletxeak kaleratu duen nobela.

Maddi Ane Txoperena, Ez erran inori liburua eskuetan duela, atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA
Miren Mujika Telleria.
2022ko martxoaren 17a
19:10
Entzun

Gizarteko mamuei desafio egiten die Maddi Ane Txoperena (Hendaia, Lapurdi, 1994) idazle, bertsolari eta BERRIAko kazetariak Elkarrekin argitaratu duen Ez erran inori liburuan. Haurtzaroko sexu abusuak ditu gaitzat, eta, nolabait, isiltasuna puskatzea du xede, «inori leziorik emateko inolako asmorik gabe».

«Hurbil egokitu zaidan gai bat da; tamalez, hurbilegi». Hala abiatu da egilea, «eta horrek gogoa eta beharra sortu zidan gaian sakontzeko». Fikziozko istorio bat dela azpimarratu du, berak asmatuak baitira bai pertsonaiak eta bai gertaerak. Fikzioan babestu da, beraz, Txoperena. Haren hitzetan, «fikzioak aukera ematen baitu maiz beste modu batera azal ezin daitezkeen gauzei buruz hitz egiteko». Azaldu du, halaber, pertsonaiak hobeto ulertzeko, haiekin enpatizatzeko eta haien lagun egiteko bide izan duela fikzioa.

Eleberri egitasmo horrekin Igartza saria irabazi zuen Txoperenak, 2020an; idazle gazteen jarduna sustatzeko asmoz Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak antolatzen duten saria da hori.

Lide da istorioko protagonista, eta bere bizilagunarengandik jasandako sexu abusuak kontatzen ditu liburuak. Abusu horien ondoren bizi izandakoak ere azaltzen dira narrazioan; Lideren zein haren ingurukoen ahotsean. Denborarekin eta pertsonaiekin jolasten du egileak 135 orritan. Izan ere, denboran jauziak egiteaz gain, lehen, bigarren eta hirugarren pertsonak darabiltza Lideren bizipenak kontatzeko.

Abusuak izango dira narrazioaren hari nagusia, eta, idazleak aipatu duenez, oroitzapen ilun horiek gogora etorri ahala, bakartzera joko du protagonistak, eta eskura dituen lekuetan bilatuko du laguntza. Beraz, Lide kalamuan, musikan, naturan eta jendearekiko talkan gotortuko da, besteak beste. «Baina ez dut anitzez ere gehiago aitzinatuko», gehitu du Txoperenak.

Narrazioaren ardatza haurtzaroko sexu abusuak badira ere, idazleak argitu du ez duela inori leziorik emateko inolako asmorik. Izan ere, haren ustez, askotarikoa da sexu abusuen errealitatea, eta horiek bizi izateko mila modu egon daitezke. Bada, fikzioz jantzitako hori izan daiteke mila horietako bat: «Liderena baino ez dena eta bere horretan bakarra dena».

Isiltasunari ahotsa

Tabutzat dauka egileak sexu abusuen gaia, eta, are gehiago, familiartekoak direnean. Horiei ahotsa eta ikusgaitasuna eman nahi izan die liburua argitaratzearekin batera; isiltasuna puskatzea abusuei aurre egitea dela uste baitu. Puskatze horren zailtasunaren jakitun, eskerrak eman nahi izan dizkie hura hausteko baldintzak sortzen lan egiten duten guztiei, «baita zuzenean ni liburu hau idazteko prozesuan lagundu nautenei ere».

Iturri desberdinetan bilatu du idazleak eleberria idazteko inspirazioa: «Gaiaz irakurri eta entzundakoetan, ene bizipen propioetan, gaiari buruz egindako hainbat tailerretan ezagututako pertsonetan eta baita inguruko jendearen adierazpenetan ere». Horiek guztiak ezagututa eta esperientzia horiek nahastuta jaio da Ez erran inori, gizarteko tabuak uxatzeko asmoz, «anitzek bizi izan duten eta bizi izaten duten errealitate bat baita, tamalez, haurtzaroko sexu abusuena, gehiegitan isiltasunean bizi duguna».

Garazi Conde Oruberena da azala; Txoperenaren aurreko liburuarena (Ene baitan bizi da) egin zuen berarena, alegia. Protagonista bera ageri da etxe bateko terrazan: «Lideren kokalekua izanen da terraza, kokaleku sinbolikoa erranen nuke». Bizkarrez ilustratu du Condek protagonista, aurrera begira. «Bakarrik dago, urrunera begira, gizarteari bizkarra emanez».

Sufrimendutik gauza ederrak atera daitezkeela adierazi du idazleak, «baina horrek ez du, noski, sufrimendu hori eragin duena justifikatzen». Min horretatik atera daitekeela dio, beraz, «eta literaturak laguntzen du horretan». Bere sufrimendu propiotik irteteko ate bat izan du Txoperenak Ez erran inori, «hemendik aitzinera bertze batzuei baliagarri izango zaielakoan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.