Errusiak ez du «aintzat hartuko» Nazioarteko Justizia Auzitegiak erasoak gelditzeko emandako epaia

Zelenskik gogor jo du Olaf Scholzen aurka, Alemaniak ez diolako laguntza nahikorik eman bere herrialdeari. Moskuk Bideni eta AEBetako Kongresuari leporatu die Ukrainaren «militarizazioaren eta nazifikazioaren» atzean egotea. 

jarraia210958.jpg
Mikel O. Iribar.
2022ko martxoaren 17a
14:28
Entzun

Ukraina eta Errusia gerra eteteko hamabost puntuko zirriborro baten xehetasunak negoziatzen ari diren honetan, Moskuk «ez du kontuan hartuko» Nazioarteko Justizia Auzitegiak atzo Ukrainaren aurkako erasoaldi militarra gelditzeko emandako ebazpena,Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek zehaztu duenez. «Ez, ezin dugu erabaki hori kontuan hartu. Nazioarteko Justizia Auzitegiak badu zerbait alderdien adostasunari buruz. Ezin da horri buruzko akordiorik egon», arrazoitu du, Interfax Errusiako berri agentziak jasotakoaren arabera.

Horiek horrela, bien arteko harremana hoztu egin da; negoziazioetan ez baita aurrerapausorik eman, eta Errusiaren erasoaldiek bere horretan jarraitzen dute. Gutxienez 21 pertsona hil eta 23 zauritu dituzte gaur goizaldean Merefan hirian (Kharkiv eskualdea), etxebizitza batean izandako bonbardaketa batean, hango agintariek jakinarazi dutenez. Kiev hiriburuko Darnitskii barrutian ere gutxienez pertsona bat hil dute, Ukrainako larrialdietako zerbitzuen arabera.

Bestalde, Mariupolgo (hego-ekialdea) antzoki batean babes hartuta zeuden 1.200 zibil —gehienak emakumeak eta haurrak— «bizirik» erreskatatu dituzte, hiri horretako udaleko ordezkariek baieztatu dutenez. Azpiegitura hori bonbardatzea egotzi zioten atzo Errusiari, nahiz eta Moskuk ukatu egin duen. Mariupolen gertatzen ari dena «genozidio hutsa» dela esan du Ukrainako Defentsa ministro Oleksii Reznikovek, Europako Atzerri Gaietarako Batzordean.

Ukrainako presidente Volodimir Zelenski ere haserre mintzatu da Amerikako Estatu Batuetako NBC telebista kateari emandako elkarrizketa batean. Adierazi duenez, Errusiak «marra gorri guztiak» zeharkatu ditu zibilak bonbardatzean, eta «hirugarren mundu gerra has zitekeela» ohartarazi du. «Misilak nahita jaurtitzen ari badira haurtzaindegien aurka, eskola edo unibertsitateen aurka, hori guztiz onartezina da», azpimarratu du Zelenskik. Nazioarteari ere mezu zuzena igorri dio: «Zer gehiago espero behar dugu? Errusiarrei 200, 300 edo 400 ume hiltzen uztea?».

Zelenskik, gainera, gogor jo du Alemaniaren aurka, Bundestagen egin duen agerraldi telematikoan. Ukrainako presidenteak uste du Alemaniak ez duela «nahikoa egin» bere herrialdeari laguntzeko, eta Errusiak Europan eraiki nahi duen ustezko «harresia» suntsitzeko eskatu dio Berlini. Gainera, Zelenski zuzenean mintzatu zaio Olaf Sholz kantzilerrari, eta «lidergo gehiago» eduki dezala galdegin dio: «Eman iezaiozu Alemaniari merezi duen lidergoa, etorkizuneko belaunaldiak harro egon daitezen. Babestu gure askatasuna, babestu Ukraina, gelditu gerra hau, lagundu geldiarazten».

Ukrainako presidentea, halaber, oso kritiko azaldu da Alemaniak Errusiarekin dituen harreman ekonomikoengatik; besteak beste, gasaren inportazioarekin. Horrez gain, Zelenskik armak enbargatzeko eta Moskuren aurka zigor ekonomiko gogorragoak ezartzeko eskatu dio.

Alemaniako kantzilerrak, berriz, argi esan dio Zelenskiri NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak ez duela militarki esku hartuko Kieven. Bestalde, Sholzek Ukrainako herritarren aurkako gerraren hondamenaren erantzukizuna izatea leporatu dio Errusiako presidente Vladimir Putini, baita borroketan hil diren soldadu errusiarren ardura ere.

Nolanahi ere, Zelenskik azpimarratu du Ukrainako herria «garaiezina» dela. «Errusiako indarrek gure lurra okupatu dezakete, baina ezin dute Ukrainak bere herrialdearekiko duen duintasuna eta maitasuna hartu», adierazi du agintariak.

Errusiaren inbasioak Ukrainan eragin duen gatazkaren harira, AEBetako presidente Joe Biden eta Txinako buru Xi Jinping bihar batzartuko dira telematikoki. Xik esan du egoera «kezkagarria» dela, eta aldeen arteko elkarrizketa eskatu du. Bidenek, berriz, atzo aho bizarrik gabe esan zuen Putin «gerrako kriminala» dela, Ukrainako inbasioan erabiltzen ari den taktika militar «ankerrengatik».

Bada, Kremlinen erantzuna berehala etorri da. Peskovi «onartezina eta barkaezina» iruditu zaio Bidenek esandakoa, eta gogorarazi du «AEBetako bonbek ehunka mila pertsona hil» zituztela mundu osoan, TASS albiste agentziaren arabera. Hori nahikoa ez, eta urrunago joan da Errusiako behe ganberako presidente Viatxeslav Volodin. Bideni eta AEBetako Kongresuari leporatu die Ukrainaren «militarizazioaren eta nazifikazioaren» atzean egotea, eta erantsi du horiek direla «gizateriaren aurkako krimenak egin dituztenak eta epaitu beharrekoak».

Errusiaren erasoa hasi zenetik gutxienez 780 zibil hil dira, besteak beste 58 adingabe, OHCHR Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandarariak emandako azken datuen arabera. Jada 3,2 milioi herritarrek ihes egin dute Ukrianatik, NBEren arabera. Errusiako agintariek, berriz, iragarri dute 285.000 errefuxiatu jaso dituztela, gehienak Donbasstik.

Ukrainak, bere aldetik, korridore humanitarioak irekitzen segitzen du; gaur bederatzi ireki dituzte. Ukrainako lehen ministrorde Irina Verextxukek jakinarazi du Mariupoldik 11.000 pertsona atera dituztela azken orduetan. Halere, salatu du Mosku akordioak urratzen ari dela eta armadak errefuxiatuen aurka tiro egiten jarraitzen duela. Bada, Donetskeko Herri Errepublikako agintariek iragarri dutenez, Mariupoldik 130 zibil ebakuatu dituzte, besteak beste 30 haur, TASS agentziaren arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.