Korsika

Colonnaren kondena etetea erabaki du Frantziak, «osasun arrazoiengatik»

Frantziako Justizia ministerioak AFP berri agentziari baieztatu dionez, Colonnaren kondena eten dute. Anartean, Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroak prentsaurrekoa eman du goizean Aiacciun. Euskal presoen auziaz ere galdetu diote, eta ez du erantzun argirik eman.

Darmanin Frantziako Barne ministroa, gaurko agerraldian. OIHANA TEYSEYRE KOSKARAT / BERRIA
Oihana Teyseyre Koskarat.
2022ko martxoaren 17a
13:46
Entzun

Yvan Colonnaren abokatuek eskatu zuten zigorra etetea, haren osasun egoera dela eta. Bada, erabakia onartu du Frantziako Justiziak. Argudiatu dute «osasun arrazoiengatik» eten diotela zigorra. Izan ere, Marseillako (Okzitania) ospitalean dago Colonna martxoaren 2tik, Arlesko (Okzitania) kartzelan jipoi bat jaso ostean.

Frantziako legearen arabera, kartzelaldia eteteko aukera bada, baldin eta presoa hil ala biziko egoeran baldin bada.

Darmaninen bisita, aitzina

Aiacciuko prefeturako Erignac salan eman du prentsaurrekoa Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroak. Kazetari anitz hurbildu dira. «Solastatzeko etorri naiz», erran du, eta ahal bezain beste eragilerekin bildu nahi duela adierazi du. Parisek hitzarturiko engaiamenduei buruzko dokumentu idatzi bat eskatu zion atzo Gilles Simeoni Korsikako gobernuburuak. Ituna idatziz jartzearen «alde» dagoela esan du Darmaninek. Hitz egiteko prest dagoela gaineratu du, eta Frantziako Poliziak uhartean eginiko lana txalotu du, berriz.

Euskal presoen auziaz ere galdetu diote Darmanini, eta ez du erantzun argirik eman. Oroitarazi du botereak bereiziak direla Frantzian.

Ikusi gehiago:Ghjuvan Battista Arena, Core in Fronteko hautetsia: «Parisen blokeoaren ondorioa da kaleko indarkeria politikoa»

Korsikako mugimendu nazionalistak zuhurtzia handiz hartu ditu Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroak irlaren estatusaz eta beste hainbat auziz esandakoak. Darmanin uhartean da, eta horretan landu nahi ditu aldarrikapen historikoetako batzuk; batez ere, autonomia estatusa ematear eta preso korsikarrak hurbiltzea. Alderdi autonomistek eta independentistek, ordea, zehaztasun falta egotzi diote, eta, are, engaiamenduen zintzotasuna zalantzan jarri dute. Atzoko bilera «Gaurko prozesu historiko baten lehen pausoa izan behar da. 50 urteko ziklo bat itxi behar du», esan zuen Simeonik atzo, Darmaninekin izandako bilkuraren ostean:

Aipaturiko prozesuaz, Korsikako gobernuburuak azaldu du, besteak beste, honako auziez aritu zirela: batetik, Yvan Colonna presoarentzat «egia eta justizia» behar dela; bigarrenik, Pierre Alessandri eta Alain Ferrandi Korsikako presondegi batera hurbildu behar dituztela, eta «preso dauden gainontzekoak askatu» beharra dagoela; eta, azkenik, Korsikako herriaren aitortza.

«Problematika guztiak landu beharko dira, kulturatik hizkuntzara. Dokumentu batean islatu behar dira gaur harturiko konpromisoak», eskatu zion atzo Simeonik Frantziako Gobernuari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.