Espainiako Kongresuko Mahaiak onartu egin du 1976ko martxoaren 3ko gertakariak ikertzeko batzorde bat sortzea, eta orain Bozeramaileen Batzordeak erabakia eztabaidatu eta bozkatu beharko du. EH Bilduk eta ERCk egin zuten batzordea sortzeko proposamena. Besteak beste, bi alderdiek eskatu zuten sarraskiaren inguruko xehetasunak ematea, eta «ekintzen arduradunek izandako inplikazioa eta erantzukizuna» zein izan zen ikertzea eta ezagutaraztea.
Horrez gain, Espainiako Gobernuak polizia jarduera horretan duen «ezagutza, inplikazioa eta erantzukizun maila» zein den jakin nahi dute bi alderdiek. Azkenik, heriotza guztiak argitzea, eta garai hartako ministroen erantzukizuna eta balizko inplikazioa zigortzea eskatu dute.
Antzeko beste kasu batzuetan ez bezala, Espainiako Kongresuak oraingoan ez dio betorik jarri ekinaldiari. Izan ere, duela hilabete pasatxo, Espainiako Kongresuak uko egin zion Martin Villaren agerraldi eskaerari: 1976ko martxoaren 3an Gasteizen edo 1978ko uztailaren 8an Iruñean izandako gertakarien erantzule politiko edo penala argitzeko eskatu zuten. Ezezkoaren arrazoia izan zen Martin Villa egun ez dela gobernuaren parte, eta ez dagoela erantzun zezakeen Ikerketa Batzorderik.
Senideek eskatu zuten
Martxoaren 3ko biktimen senideen elkarteak joan den astean egindako eskaera baten ondoren eman dute pausoa Madrilen. Espainiako Kongresuan beharrezko mekanismoak sortzea eskatu zuen elkarteak, gertakarien berri ematen duten testigantzak jasotzeko. Elkarteak «sarraskiaren errealitatea jasoko duen txosten bat» egitea eskatu zuen, eta botere karguak zituztenen erantzukizun politikoa zein izan zen argitzea: «Ezinbestekoa da egia ezagutzea eta erantzukizun politikoak eta penalak ezartzea».
1976ko martxoaren 3a gorriz idatzita dago Gasteizko eta herritarren memorian. Ia 46 urte pasatu dira Espainiako Poliziak Jose Castillo Garcia, Bienvenido Pereda Moral, Romualdo Barroso Chaparro, Francisco Aznar Clemente eta Pedro Maria Martinez Ocio erail zituenetik. 17 eta 32 urte bitarteko gazteak ziren. Gainera, ehunka pertsona zauritu zituzten Martxoaren 3ko sarraskian.