Ukrainako gerra errefuxiatu uholde bat eragiten ari da, eta horietako batzuk Euskal Herrira iristen ari dira. Hain zuzen ere, Nafarroan Ukrainatik etorritako 374 herritar artatu dituzte, horietako 173 adin txikikoak.
Horrek ez du esan nahi, ordea, Nafarroara ukrainar gehiago iritsi ez direnik. Nafarroako Gobernuko Justizia eta Migrazio Politiketako kontseilari Eduardo Santosen esanetan, jendea Nafarroan sartzen ari da «lurretik eta ofizialki antolatuta ez dauden bideetatik». Horiek Nafarroako Gobernuarekin harremanetan jartzera deitu ditu: «Oso garrantzitsua da Nafarroako Gobernuaren larrialdietako bulegoarekin kontaktuan jartzea. Izan ere, lokalizatuta eduki ahala, askoz errazagoa izango da gobernutik planteatzen ditugun protokoloetara bideratzea».
Halaber, nafarrei eskatu die Ukrainako herritarrei eman nahi dieten laguntza Nafarroako Gobernuarekin koordinatzeko. Herritarren elkartasuna «oso ona» dela irizten dio, baina inklusioa «gauza konplikatua» dela esan du, eta zenbait departamentuk parte hartzea beharrezkoa dela. Zailtasun batzuk ere espero dituzte bidean, batik bat bizilekuarekin lotutakoak: «303 leku dauzkagu artikulatuta, baina horrek ez du esan nahi erregistratutako guztientzat direnik, pertsona asko inguruak, lagunek, senideek... hartuko baitituzte».
35 ikasle, eskolatuta
Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak eskola umeei erreparatu die bereziki. Gobernu bileraren osteko agerraldian esan duenez, gaur-gaurkoz 35 ukrainar hasi dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetara joaten, baina egunetik egunera ikasle gehiago iristen ari dira. Ikasle horiek eskolatzerakoan, lehentasuna ematen ari dira erreferentziaren bat duten ikastetxeetan sartzeari, eta, gela arruntetara sartu aurretik, laguntza psikologikoa eta bestelako aparteko laguntzak jasotzen ari dira.