Araba Bizirik plataformako kideak hilabeteak daramatzate Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Lege berria salatzen –Tapia Legea deitzen diote beraiek–. Hain justu, abenduan onartu zuten, eta, kideek salatu dutenez, Jaurlaritzak nabarmen handitu du ingurumen balio handiko guneetan energia berriztagarrien zentralen proiektua «lehentasunezkotzat jotzeko presioa». Uste dute Jaurlaritzak «erabilera interesatua egiten duela «energia premia deitu zaionaren» inguruan. Horregatik, lege berria salatzeko manifestazioa egingo dute maiatzaren 14an, 19:00etan, Gasteizko Bilbo plazatik abiatuta, Tapia legeari ez! Iruzurrik ez! lelopean.
Ingurumen Administrazioaren Legea onartzeak Lurralde Antolamenduaren Legea moldatzea ekarri du, besteak beste. Horrekin, Jaurlaritzak, hainbat proiektu «goi mailako interes publikoko proiektu» izendatzeko eskumena irabazi du, eta Jaurlaritzak erabakiko du, beraz, proiektu bati izendapen hori noiz eman. Ondorioz, hura onartu edo debekatzeko eskumena galdu dute udalerriek.
Plataformako kideek «asmo ezkutuak» nabaritzen dizkiote erabakiari. Adierazi dutenez, iritzi publikoa baldintzatuko du legeak, eta «modu autoritarioan jarduteko» aukera emango dio Jaurlaritzari. Horrela, «megaproiektu horiek» kokatzeko lekurik egokienei buruzko eztabaida saihestuko dela salatu dute.
Egungo Ukrainako gerrak areagotu duen krisi energetikoa baino lehen iritsi zen lege berria. Aurretik ere, proiektu horien ezarpena erraztea eta «edozein alternatiba saihestea» zen legearen helburua, Araba Bizirik-eko kideen ustez; orain, ordea, uste dute gerra eta krisi politikoa «modu interesatuan» erabiltzen ari direla. Beraz, herritarrei jakinarazi diete premiaz eta bat-batean jarduteko beharra dagoela: «Horrek pentsarazten digu interesak Tapia Legea onartu zenean zeuden berberak direla, hau da, funts publikoak bereganatzen dituzten proiektuak espazio publikoetan garatzea erraztea, baina konpainia pribatu handien intereserako».
Kontraesanak
Jaurlaritzak esan eta egiten duenaren artean tarte handia dagoela uste dute plataformako kideek. Besteak beste, azaldu dute Jaurlaritzak jendaurrean adierazten duela parke eolikoen proiektuek ingurumena errespetatzen dutela, baina balio ekologiko handiko mendikateetan eraiki nahi dituztela. «Natura suntsitzen duen eta krisi hau eragin duen hazkunde ekonomiko mugagabearen eredu berari eusten badiogu, krisia, noski, larriagotu egingo da», adierazi dute, kezkatuta.
Hori dela eta, Araba Bizirik-ek eskatu du energiaren deskarbonizaziorako eta autohornikuntza sistemarako igarobidea antolatzeko: natura guneak eta landa eremuak errespetatuz, babestuz eta kontserbatuz. «Beharrezkoa da gizarte eragile guztiek parte hartzea», adierazi dute plataformako kideek.
Funtsean, baliabideak publikoki kudeatzeko beharra dagoela uste dute: «Energia, etxebizitza, osasuna, hezkuntza eta ingurune natural osasungarria guztion eskubidea izan dadila defenda dezagun. Ez dadila izan agintzen duten eliteen aberastasuna handitzeko».