ELA, LAB, Steilas eta CCOO ez datoz bat Eusko Legebiltzarrean eztabaidatuko den hezkuntza akordio berri baterako oinarrien zirriborroarekin. Ez dute bat egiten edukiekin, ezta eduki horiek finkatzeko erabili den prozedurarekin ere, hezkuntza komunitatea osatzen duten langileen iritzia ez dela kontuan hartu pentsatzen baitute. Haien hitza entzunarazteko mobilizazioak antolatuko dituzte: martxoaren 25ean greba egingo dute hezkuntza sistema osoan, publikoan zein itunduan, Haurreskolak partzuergoko haur eskoletan ere bai; eta elkarretaratzeak egingo dituzte Eusko Legebiltzarraren aurrean martxoaren 18an eta 28an.
ELAko Miren Zubizarretak, LABeko Irati Tobarrek, Steilaseko Nagore Iturriotzek eta CCOOko Julen Llanosek nabarmendu dute «historikoa» dela lau sindikatuok desberdintasunak alde batera utzi eta elkarrekin partekatutako irakurketa bat egitera iritsi izana. Zirriborroaren inguruan egin duten proposamenaren ardatzetan ere bat datoz: hezkuntza sistema «publiko, euskaldun eta propioa» aldarrikatu dute, eta horretarako neurri zehatzak ere eskatu dituzte.
«Publikoa ardatz izango duen hezkuntza legea» proposatu dute, gaur egungo sistema duala gainditu eta itundutako eskolak publiko bilakatzeko esparru orokor bat ezarriko duena; «lege propioa» ere aldarrikatzen dute, horretarako EAEko hazkuntza sisteman eskumen guztiak eskuratu eta Euskal Herriko gainontzeko lurraldeekin elkarlana areagotuko duena; eta «euskara eta bizikidetza balioak erdigunean jarriko dituen hezkuntza lege baten alde» egiten dute, euskal curriculuma, hezkidetza, laikotasuna, ekitatea, inklusioa, pentsamendu kritikoa eta parte hartzea oinarri izango dituena. Euskararen murgiltze eredua orokortzearen alde egiten dute, eta oinarri horiek ditu publikoa jasotzen duten eskola guztiek bete beharrekoak izatea proposatzen dute.
Ikusi gehiago:Eztabaida prozesu bat hasi dute eskola publikoko eragileek, EAEko Hezkuntza Legean eragiteko
Horiek ez dira lau sindikatuek proposaturiko ardatz bakarrak: «inbertsio eta baliabide nahikoak» eskatu dituzte, eta horretarako BPG barne produktu gordinaren %6 hezkuntzara bideratzeko; segregazioari aurre egin eta gizarte kohesioa bermatu nahi dute, langileen enplegua eta lan baldintza egokiak ziurtatu, hezkuntza sistema merkatuaren interesetatik eta enpresa pribatuen negozio esparrutik askatu, eta, azkenik, «hezkuntza lege parte hartzailea» galdegin dute.
Sindikatuek adierazi dutenez, antolatutako mobilizazioekin «eragitea» dute helburu, ardatz horiek oinarrien zirriborroan txerta daitezen. Jakitun daude prozesua oraindik luzea izango dela eta, ondoren, zirriborro horretan oin hartuta lege egitasmoa egin eta eztabaidatzeko garaia iritsiko dela; prozesu horretan aldaketarik egongo ez balitz berriro ere mobilizazioei ekiteko prest azaldu dira.
Martxoaren 28an bilduko da Hezkuntza Batzordea, eta orduan onartuko dute hezkuntza itunerako behin betiko testua. Testu hori osoko bilkuran onetsi beharko dute gero: apirilaren 7an egingo dute osoko bilkura hori, eta bertan onartuko dute hezkuntza itunaren testu definitiboa. Behin osoko bilkurak dokumentua onartuta, Eusko Jaurlaritzari egokituko zaio –dokumentu hori oinarri hartuta– hezkuntza lege berriaren proiektua idaztea. Lege proiektu hori Eusko Legebiltzarrak bozkatu beharko du ondoren.
Datorren ostiralean Hezkuntza ituna eztabaidatzen ari den Eusko Legebiltzarreko lantaldeak bilera egingo du: egun horretan taldeen zuzenketak bozkatuko dituzte. Ordura arte, negoziatzen ari dira taldeak, hezkuntza itunaren inguruko akordioak zabaldu asmoz.
Martxoaren hasieran amaitu zen hezkuntza eragileek eta alderdi politikoek Eusko Legebiltzarreko hezkuntza itunerako dokumentuari zuzenketak aurkezteko epea. EAJk eta PSE-EEk, batez ere, euskarari eta euskal kulturari nahiz hezkuntza publikoari lotutako puntuetan proposatu zituzten aldaketak; EH Bilduk, euskara ardatz izatean eta eskola publikoaren garrantzian; eta Elkarrekin Podemos-IUk zuzenketarik gehienak bideratu zituen sare publikoa sistemaren erdigunean jartzera; halaber, euskararen inguruko jarrera argi zuen: ereduen sistema gainditu, eta hizkuntza eredu eleaniztun bakarraren aldeko apustua egin zuten.
Bildarratz, «harrituta»
Harrituta. Greba deialdia ikusita, horrela dagoela esan du Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak. Izan ere, gobernu bileraren osteko agerraldian azaldu duenez, oraindik behin betiko testurik ez dago mahai gainean, ehun zuzenketa baino gehiago aurkeztu dizkioten «oinarrizko testu bat» baizik. Nabarmendu duenez, testu hori ehun eragile baino gehiagoren iritziak jaso ostean ondu zuen hezkuntza akordioa lortzeko Eusko Legebiltzarrean sortutako lantaldearen presidenteak, eta, gainera, oraindik zuzenketak eztabaidatzen ari dira talde parlamentarioak. Horiek horrela, «harrigarria» egiten zaio «elkarrizketaren mezuari» greba batekin erantzutea. Gainera, azpimarratu du testuan ez dagoela langileen eskubideen inguruko aipamenik. Greba «prebentiboa» iruditzen zaio.
Deialdiak ostiraleko zuzenketen bozketa baldintzatu dezakeen galdetuta, esan du ostiralera arte negoziatzen jarraituko dutela legebiltzarkideek. «Denbora gutxian alda badaiteke ere», gaur-gaurkoz, «klima positiboa» sumatzen du itunerako: «Talde parlamentarioen aldetik jarrera positiboa ikusten dut akordiorako».