Prezioen igoera

Ezantza litroak hamabost zentimoko deskontua izango du lau hilabetez Iparraldean

Apirilaren lehenetik aurrera ezarriko da neurria indarrean, eta 2.000 milioi euroko kostua izango du Frantziako Estatuarentzat. Hauteskundeei begira hartutako neurria dela gaitzetsi dute beste alderdiek.

Jean Castex Frantziako lehen ministroa. LUDOVIC MARIN / EFE
Irune Lasa.
2022ko martxoaren 14a
13:12
Entzun

Ezantza litroa bi eurotik gora egotea zaila da eramaten edozein gobernurentzat, baina Frantziakoarentzat are delikatuagoa da auzia; besteak beste, Jaka Horien herrialdean presidentetzarako hauteskundeak hurbil daudelako, apirilaren 10ean.

Testuinguru horretan, neurri elektoralistatzat jo dute beste alderdi guztiek Jean Castexek egindako iragarpena. Lehen ministroak larunbatean Le Parisien-i egindako elkarrizketa batean esan zuen gobernuak ezantzari litroko hamabost zentimoko deskontua ezarriko diola lau hilabetez, apirilaren lehenetik hasita.

«60 litroko depositua betetzean, bederatzi euro aurreztuko dituzu» azaldu zuen Castexek. Ondoko kalkuluen arabera, neurriak 2.000 milioi euroko kostua izango du estatuarentzat. Deskontua mundu guztiarentzat izango da, herritar soil, garraiolari zein enpresentzat, «eta erregai guztientzat balioko du».

Ikusi gehiago:Bonu sozialean moldaketak egingo ditu Madrilek, argindar fakturak txikitu nahian

Ordaintzeko unean egingo da deskontua, gasolindegiko kutxan edota erregai hornigailuan, eta, beraz, erosleak ez du ikusiko lehen momentuan. Bezeroei deskontatutako dirua banatzaileei gero emango die estatuak.

Hauteskunde lehian, ordea, gehiago eskatzen ari dira Emmanuel Macronen aurkariak. Batasun Nazionaleko Marine Le Penek erregaiaren gaineko BEZa eta TICPE zerga jaistea nahi ditu, eta Eric Zemmourrek, zuzenean prezioak izoztea.

Baina, Castexen arabera, ezantzaren gaineko zergak (azken prezioaren %60) aldatzeak denbora eskatzen du, eta horien moldaketan helburu nagusia deskarbonizazioa izan behar dela behin eta berriz errepikatu izan du Bruno Le Maire Ekonomia ministroak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.