Ingurumena

Saharako hauts hodeia heldu da Euskal Herrira

Euskalmeten arabera, basamortuko hautsak ez du arazo handirik sortuko hezetasunarekin nahastuko delako, baina asma daukatenek sumatu egingo dute.

Saharako hautsa, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Edu Lartzanguren.
2022ko martxoaren 14a
11:22
Entzun

Hego-ekialdeko haizeak bisitaria ekarri du Euskal Herrira: Saharako basamortuko hauts hodei trinko bat. Bazetorrela iragarri zuen herenegun Europako Batasuneko Copernicus behaketa egitasmoak, mezu honen bitartez.

Lurra sateliteen bidez behatzen du Copernicusek, eta, horiek emaniko datuen bitartez, besteak beste atmosferako fenomenoak aurreikusten eta iragartzen ditu.

Atzo arratsaldean hego-ekialdeko haizea asko gogortu zen eta horrek hauts multzoa Euskal Herrira eta iparralderago bultzatuko du. Datozen bizpahiru egunetan jarraituko du fenomenoak.

Euskalmeteko zientzialariek adierazi dute hautsak ez duela kalterik eragingo. «Hautsa prezipitazioarekin nahastuko da, eta lurrera jausiko da», azaldu du Jose Antonio Aranda agentziako arduradunak. Gaineratu duenez, Iberiar penintsulako hegoaldean gogorra izango da hauts ekaitza, baina Euskal Herrian askoz «suabeagoa» izango da, hezetasunari esker. «Autoetan igarriko da, eta asma daukatenek sumatuko dute». Izan ere, halakoetan hautsa ibilgailuetan ikusten da, euriarekin nahastuta, zikinkeria geruza bat sortzen duelako ibilgailuen gainean. Asma daukatenek noraino sumatuko duten osasun agintariek esan beharko dutela adierazi du, horretarako beharra ikusten badute.

Izan ere, Saharako hautsa geurera heltzea ez da arrunta, baina arraroa ere ez. Izan ere, urtero gertatzen da, Arandaren arabera. Beraz, kezkatzeko arrazoirik ez dago oraingoan. «Arriskutsuagoa da siku badator».

Herritarrak ari dira hautsaren inguruko iruzkinak argitaratzen sare sozialetan.

Halere, beste herrialdetan askoz hauts gehiago jaso dute; Espainiako hego ekialdean, esaterako.

Auto bat hautsez beterik, Logroñon (Espainia). Raquel Manzanares / EFE

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.