Iruñeko Donibane auzoko Martin Azpilikueta kaleko okindegian sartu zen Maria Pilar Rubio, eta, Jose Maria Aznarren ahotik ateratako leporatzeek gaiztotutako giro betean, gobernuarekin bat egiteko afixa bat jarri nahi izan zuen bertan andreak: «ETA ez» zioen. Angel Berruetak, okindegiko langileak, ez zuen nahi hori egiterik, eta eztabaidan hasi ziren biak. Suturik, Rubio handik atera zen, eta senarrarekin eta semearekin itzuli zen handik gutxira. Valeriano de la Peña Espainiako Poliziako kidea eta Miguel de la Peña 19 urteko gaztea ziren, zehazki. Handik gutxira jaitsi ziren okindegira. Tiro egin zion aitak Berruetari, eta labankadaz eraso egin semeak. Orduantxe hil zen Berrueta.
Hemezortzi urte bete dira igandean hilketa hartatik. 2004ko martxoaren 11n Madrilen izandako atentatuen albo ondorio lazgarrietako bat izan zen; ez, ordea, bakarra. Berruetaren hilketak sumina sortu zuen euskal gizartean, eta askotariko protestak antolatu ziren ziztuan. Horietan Polizia gogor oldartzen zitzaien manifestariei. Hernanin, gaur hemezortzi urte, Ertzaintzak oso bortitz egin zuen herritarren kontra. Han zen Kontxi Sanchiz, eta hantxe hil: babes bila, atari batean sartu zen Sanchiz, eta bihotzekoak jota hil zen.
Martxoaren 11ko Madrilgo atentatuak Espainiako Gorteetarako hauteskundeen atarian gertatu ziren, martxoaren 14rako baitziren deituak bozak. Bada, PPk erabaki zuen ETAri egoztea atentatua, nahiz eta, ordurako, aski zantzu ziren ondorioztatzeko Al-Qaeda zegoela atentatuaren atzean; kanpaina politikoaren parte izan zen arrazoibide hura, garaipena segurtatzeko ahalegina, finean. Leporatze horrek franko gaiztotu zuen giroa, Euskal Herrian are nabarmenago, eta ilunak izan ziren ondoko egunak, muturreraino, Berruetaren eta Sanchizen hilketek erakusten duten moduan.
Biktimak oroitzeko
Ostiralean, ohiturari eutsi zion Nafarroako Gobernuak: biktimak gogora ekartzeko ekitaldia egin zuten gobernuko ordezkariek Iruñean. Berriki Konstituzio plaza deiturikoan bildu ziren gobernuko ordezkariak, Nafarroako Parlamentukoak eta baita segurtasun indarretako zenbait ere, hala nola Guardia Zibila, Foruzaingoa, Espainiako Polizia eta Espainiako armada. Lore eskaintza egin zuten, baita minutu bateko isilaldia ere.