Migrazioa

Behobiako zubia itxi dute, «denentzako» korridore humanitarioak eskatzeko

Irungo Harrera Sareak deitu du elkarretaratzera. Mugak irekitzeko galdegin dute ehunka lagunek. Oraindik ez dute atzeman larunbatean Bidasoan desagerturiko migrantea.

jarraia210727.jpg
Maddi Ane Txoperena Iribarren - Paulo Ostolaza
2022ko martxoaren 12a
19:34
Entzun

Korridore humanitarioak, baina «denentzat». Horixe dute izan dute eske gaur Irungo Harrera Sareak deiturik Behobiako zubian egiten ari diren elkarretaratzean. Ehunka lagunek egin dute bat deialdiarekin. Zubiaren alde banatan bildu dira lehenik, eta bidea itxi dute gero, hain zuzen ere Frantziako Poliziak kontrol iraunkorra jarria duen tokian. Joan den larunbatean Bidasoa ibaia gurutzatzen ari zela migrante bat desagertu zela salatzeko bildu dira herritarrak —oraindik ez dute atzeman—.

Elkarretaratzean, Harrera Sareak Hendaia (Lapurdi) eta Irun (Gipuzkao) arteko kontrolak jo ditu erruduntzat, eta ziurtzat eman du migratzailearen heriotza: «Mugaren itxierak gazte baten migrazio prozesua Bidasoa ibaian amaitzera behartu du, berriro ere». Bestalde, Etorkinekin elkarteko Aintzane Lasartek azaldu du itxaropen izpi bat badutela: «Espero dugu bizirik ateratzea eta bere bidean segitu ahal izatea». Edonola ere, argitu du halakoak ez direla «istripuak»: «Muga ireki behar dugu».

Harrera Sarearen ustez, ez da «onargarria» gertaturikoa, ez bailitzateke halakorik pasatuko migratzaileek bertzelako bideetatik ibiltzeko aukera izanen balute: «Bide seguruek ez dituzte pertsonak desagerrarazten edo hiltzen; bai, aldiz, kontrol arrazistek». Oroitu dute iaz zazpi lagun hil zirela Euskal Herrian migrazio bideetan, Bidasoan itota eta trenak harrapatuta.

Ipar eta Hego Euskal Herriko erakundeei «beharrezkoa den korridore humanitarioa bermatzeko» eskatu die Harrera Sareak. Salatu dute, izan ere, Ipar Euskal Herriko sareetako kideak ari direla korridore humanitario horien «ardura» hartzen: «Eta azken hilabeteetan jazarpen poliziala jasan dute; antolakuntza eta egitura solidarioen aurkako kriminalizazioa gertatzen ari da». Datu bat ere eman dute: urtea hasi zenetik bi boluntario atxiki dituzte polizia etxean.

Ukrainako errefuxiatuei ere elkartasuna erakutsi die Harrera Sareak: «Babes beharrean dagoenei beharrezko erantzuna eman behar zaie». Bide horretan «harrera duin eta integral baten alde» erakundeek egindako lana «aitortu» dute: «Erakutsi digute borondatea egon dela egoera honi erantzun irmoa emateko».

Bilaketak, fruiturik ez

Gaur berriz ari dira Bidasoa ibaian desagerturiko migratzailearen bila. Hiru pertsona saiatu ziren herenegun arratsaldean ibaia gurutzatzen, baina horietako bik baino ez zuten lortu bertze aldera iristea: horiek eman zioten abisua Frantziako Poliziari. Erreskate zerbitzuak larunbatean 18:20 inguruan hasi ziren falta zen pertsonaren bila, Bidasoa ibaia Hendaia, Biriatu, Urruña (Lapurdi) eta Irun artean (Gipuzkoa) igarotzen den zatian, baina bilaketa lanek ez zuen fruiturik eman, eta eten egin zituzten. Atzo 8:00etan hasi ziren berriz, baina ez zuten aurkitu, eta gaur ere ez.

Eusko Jaurlaritzak ohartarazi du hotzak, uraren emariak eta marea biziek zaildu egiten dituztela erreskate lanak. Xabier Legarreta Asilo eta Migrazio zuzendariak iradoki du, halaber, balitekeela denbora gehiago behar izatea atzemateko: «2021eko azaroan, Bidasoa gurutzatzen saiatzen ari zen migrante baten azken heriotza gertatu zenean, haren gorpua ez zen agertu itota hil eta bederatzi egunetara arte».

Larunbatean Guardia Zibila, Ertzaintza, Irungo Udaltzaingoa, Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako suhiltzaileak, eta Gurutze Gorria ari dira bilaketa lanetan, baita Frantziako segurtasun zerbitzuak ere.

Irungo Harrera Sareak ohartarazi du azken egunotan migratzaile ugari aritu direla ibaia gurutzatzen. «Ez dakigu zenbat, baina batzuk bai». Ezbeharra aurreikus zitekeela salatu dute.

Ez litzateke lehena

Ikusteko dago zer gertatuko den, baina Bidasoa ibaiko aurrekariak ez dira onak. Iazko abuztuan Abdulaye Koulibali izeneko gazte ginear bat hil zen ibaia gurutzatu nahian, eta azaroan Sohaibo Billa Boli Kostako jatorriko herritarra. Iaz guztira zazpi migrante hil ziren Euskal Herrian, migrazio bideetan.

Aurtengo urtarrilean, berriz, migrante batek femurra hautsi zuen Irungo trenbidean, Frantziako Poliziarengandik ihesean zela.

Jaurlaritza, bide seguru eske

Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendariak larunbat iluntzean gaztelera hutsean igorri zuen presazko ohar batean eskatu zuen «berma» daitezela migratzaileen bideak, «segurtasunez egin ahal izateko». Legarretaren arabera, «duela aspaldi» ari da Jaurlaritza giza korridoreak eskatzen, «bai Ukrainako inbasioan harrapatuta dauden pertsonentzat, baita Afrikatik Europara iritsi nahian urteak daramatzatenentzat ere». Jaurlaritzako zuzendariak gogoratu zuen ostiralean Santiago zubian izan zela Iñigo Urkullu lehendakaria, hain justu migrazio politiketan Euskal Elkargoarekin lankidetza indartzeko asmoz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.