Gazte mugimendua

Xuti Gazte dinamikak gazteak deitzen ditu «oraina aldatzera etorkizun hobe baten» alde

Hogei gaztek aurkeztu dute Xuti Gazte dinamika abertzale eta ezkertiarra, Uztaritzen (Lapurdi). Askatasunaren aldeko borroka bultzatuko dutela iragarri dute, Euskal Herri burujabe baten alde. Horretarako, gazte abertzale eta ezkertiarrei deia luzatu diete mugimenduan parte hartzeko.

Egun goizean aurkeztu dute hogei bat gaztek Xuti Gazte ekimena. GUILAUME FAUVEAU
Ainize Madariaga
2022ko martxoaren 12a
12:32
Entzun

«Azken boladan ikusi dugu hutsunea bazela Ipar Euskal Herrian militatzeko orduan, ikuspuntu ezkertiar eta abertzale batetik», erran du Aiala Urteaga Telleriak. Gabezia horrek akuilatu ditu Ipar Euskal Herriko hogei gazteak «dinamika» berri baten bultzatzea, zeinak mugimendu abertzalearen «lekukoa» hartuko baitu: Xuti Gazte deitu diote. Erran dute sekulan baino gazte ezkertiar eta abertzale gehiago izateko unea zela; «gazte borrokari bultzada bat emateko», «herriaren alde», hots.

Ipar Euskal Herriko errealitateak «pairatzen» dituen "problematikei aitzi egiteko antolatzen hasi dira beraien burua, hala iragarri du Elaia Borda Uhaldek: «Etxebizitza, prekarietatea, ikasketak kanpoan egin beharra, euskarak bizitzen dituen hainbat traba, bortizkeria matxista...».

Gabezia horri erantzuteko, Gazte Xuti iniziatibak ahal bezain bat gazte elkartu nahi ditu, «Ipar Euskal Herriko gazteriari bultzada eman diezaion», erran du Urteaga Telleriak; «herriko elkarteetan, gazte asanbladan edo beste mugimenduetan» egiten dutenarekin «osagarritasunean».

Fronteak zein diren erakutsi baldin badute, argitu dute ere zeren alde bideratuko duten taldearen indarra: «Askatasunaren aldeko borroka izanen da gurea. Gure kultura eta hizkuntza biziberritu ahal izateko, ama-lurra zaintzeko, feminismotik zapalkuntzak iraultzeko, sektore prekarioenen bizi baldintzak hobetzeko, arrazakeriarekin eta migrazio politika hiltzaileekin bukatzeko...». Euskal Herriarentzat burujabetza nahi dutela ere aldarrikatu dute. Gehitu dute haien gudukak «talde izaera» duela, indibidualizazioaren garaiotan.

Preseski, ahal bezain mugimendu zabala izateko, haiena arras «irekia» eta «zabala» dela azpimarratu dute, eta, tokian tokiko errealitate ezberdinei egokituko zaizkiela, araberako erantzunak emateko.Urteaga Telleriak argi utzi du mugimenduaren baloreak «zabalak» direla, «irekia» dela dinamika eta «gaiak landu ahala egokituko dela»: «Politikoki ez gara kokatzen erreferente baten gazteria bezala, gure dinamikak zabala eta askea behar du, eta, bere erreferentzialtasun propioa. Oraindik dena eraikitzekoa da».

Konkretuki, haien lehen ekintza «umilaren» berri eman dute: Korrika bukatu aitzin haien burua aurkeztuko dute toki ezberdinetan, eta, Korrikaren helmugan kilometroa erosiko dute dinamikaren izenean: «Adi egon sare sozialetan ondoko egunetan!».

Mugimenduaren berri ematen zioten bitartean, gibeleko bertze gazte batzuek dinamikaren izena eta logotipoa marraztu dute, bi aldeko hiruki bat bezala, gora so. Borda Uhaldek azaldu du irudiaren zentzua: «Logoa laburra eta dinamikoa ikusten dugu, marra zuzen horiek zorroztasuna erakusten dute, eta indarra».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.