Txile

«Allendek iragarri zuen bezala, zumardi handiak ari dira berriro irekitzen, herrikideok»

Gabriel Boric Txileko presidente izendatu berriak Salvador Allende izan du gogoan bart Moneda jauregiko balkoitik egin duen hitzaldian.

Boric, Moneda jauregiko balkoian. ALBERTO VALDES, EFE
jon ordonez garmendia
2022ko martxoaren 12a
10:14
Entzun

Gabriel Boricen kargu hartze ekitaldia sinbolismoz betea izan bazen, ez da gutxiago izan bart goizaldean gizarteari zuzendu dion lehen hitzaldia. Monedako balkoian egin du, Pinochetek 1973ko estatu kolpean bonbardatu zuen horretan, eta Salvador Allende presidentea izan du gogoan, irailaren 11 horretan hil zutena. «Duela ia 50 urte Salvador Allendek iragarri zuen moduan, zumardi handiak ari gara berriro irekitzen, herrikideok, zeintzuetatik pasako den gizon askea, gizon eta emakume askea, gizarte hobeago bat eraikitzeko», esan du, Allenderen azken hitzaldiko hitzak erabiliz. Parean Konstituzio plazan zeuden milaka herritarrek txalo eta oihu artean hartu dituzte hitz horiek.

Moneda jauregian egin zuen bere azken hitzaldia Allendek, Radio Magallanesen seinalea baliatuz, Pinochet buru zuten militarrek estatu kolpea ematen zuten bitartean. Ez zen Monedatik bizirik atera, eta diktadurak hartu zuen demokraziaren lekukoa, ia hogei urtez. Harrezkero izan den presidenterik ezkertiarrena da Boric. Fronte Zabalak eta Alderdi Komunistak eraman dute presidentetzara, eta 2019ko urrian kalera atera zirenek harengan dute itxaropena jarria. «Jarraitzen dugu. Biba Txile!», egin du oihu Boricek Monedako balkoian. «Ez gara iritsi soilik karguak betetzera, baizik eta buru-belarri aberri hobeago bat egiteko konpromisoarekin». El pueblo unido jamás será vencido (Herria batua inoiz ez garaitua) eta Chile despertó (Txile esnatu da) abestiak kantatu dituzte han bildutakoek. Maputxeen, mugimendu feministaren eta genero aniztasunaren aldeko banderak izan dira jendetzaren artean.

Allenderen estatua bisitatu du

Valparaisotik iritsi ostean —Kongresua han dago eta hartu zuen kargua—, sabairik gabeko auto batean ibili da presidentea Santiagoko kaleetan, Monedara iritsi arte. Espaloietan milaka pertsona elkartu dira harrera egiteko, eta horiek agurtu ditu. Jauregira sartu aurretik, kanpoan dagoen Allenderen estatuak bisitatu ditu.


Gabriel Boric eta Irina Karamanos haren emaztea, Txileko kaleetan herritarrak agurtzen. / Elvis Gonzalez, EFE

Hitzaldian bere programa xehatu du: krisi ekonomikotik ateratzea, eskubideak berreskuratzea, eta erreparazio eta justizia soziala izan dira ardatz nagusiak. Gutxiengoak izan ditu gogoan; horien eskubideen defentsa egin du, ingurumena, batasuna eta duintasuna aipatu ditu, hezkuntzak denentzako izan behar duela esan du, eta gatazkak konpontzeko elkarrizketaren beharra azpimarratu du, bai Txilen bertan, baita atzerrian ere.

Azkenik, txiletar orori —gizonezkoak eta emakumezkoak espresuki aipatu ditu—, baita bere kontra daudenei ere, dei egin die Txile eraberritzera. Mundua Txilera begira dagoela esan du, eta eredu bat izateko aukera baliatzeko eskatu die. «Prozesu honetan Txile da protagonista. Ez ginateke hemen egongo zuen mobilizazioak gabe».

«Modu berri bat»

Daniela Campos Txileko Unibertsitateko politologoak Efe albiste agentziari azaldu dionez, Boricen lehen hitzaldi hori oso hunkigarria izan da. «Emakumeez hitz egin du, disidentziaz, jatorrizko herriez. Protagonismo handia eman dio herriari, baina, aldi berean, ohartarazi du herriaren babesik gabe ezingo duela bere mandatua bete», adierazi du Camposek. Julieta Suarez-Cao Txileko Unibertsitate Katolikoko politologoaren arabera, agintea hartzeko «modu berri bat» izan da, eta parte hartze handikoa izan dela azpimarratu du.


Hainbat mugimendutako banderak ikusi ahal izan dira jendetzaren artean. / Alberto Valdes, EFE

Adituen arabera, aro politiko berri baten hasiera da hau, 1990etik gobernatu duten erdiko bi blokeetatik kanpo dagoen lehen presidentea delako Boric. Aldaketa sakonak egiteko asmoa erakutsi du, Txilen ongizate estatua ezartzeko helburuarekin. Horretarako, txiletarrek sortzen duten aberastasuna banatu egin behar dela defendatu du. «Nire ametsa da, bukatzen dugunean, gure semeei, gure ahizpei eta gure bizilagunei begiratu eta babesten gaituen herrialde bat dagoela sentitzea, eskubideak bermatzen dituena», esan du hitzaldiaren amaieran.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.