Ez da enpresa zehatz bat; ezta sektore zehatz bat ere. Lan gatazkak nonahi zabaltzen ari dira: industria, zerbitzuak, merkataritza… Hainbat lantegi eta sektoretan greban ari dira langileak. Batzuk mobilizazioetan hasi berriak dira, beste batzuek denbora gehiago daramate protestan. Euren eskaerak onartzea ere lortu dute zenbaitek.
Azken horietako baten adibide gisa, EAEko Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin ditu IMQk agindutako 76 langileren kaleratzeak. Epaileek ondorioztatu dute, besteak beste, sexu diskriminazioa egon dela, eta enpresak berriro hartu beharko ditu. Langileak greban egonak ziren.
Ikusi gehiago:Bizkaiko zahar etxeetako langileen greba deitu du martxoaren 17rako LABek
Ortuellako Prest enpresako langileei ere arrazoia eman diete epaitegiek. Lantegiak dituen ehun langileetatik 30 langileri ezarri zieten aldi baterako erregulazioa. Auzitegiak baliogabetzat jo du espedientea.
Zaratamoko Vulcanizados Zuloagan, ordea, greba mugagabean daude oraindik ere, iazko ekainaz geroztik. ELAk salatu du greban dauden langile gehienek mila euro pasatxo kobratzen dituztela. Haren arabera, zuzendaritzak uko egin dio hitzarmen bat negoziatzeari. Greba eskubidea urratu diela ere esan dute, eta horren inguruko epaiketa egin berri dute.
Martxorako greba deialdia
Orozkoko Madres Mercenarias egoitzako beharginek, berriz, asteon hiru greba egun egin dituzte, eta beste horrenbeste iragarri dituzte hilaren 22, 23 eta 24rako. LAB eta ESK sindikatuek “murrizketa larriak” salatu dituzte langileen lan baldintzetan. Esan dute enpresak ituna aplikatzeari ere utzi diola. Dibertsitate funtzionala duten laurogei egoiliar zaintzen dituzte 43 langilek.
Bestalde, ELAk eta LABek salatu dute patronala blokeatzen ari dela metalgintzaren hitzarmenaren negoziazioa. Lan baldintzetan atzerapausoak inposatu nahi dituela esan du LABek. Egoera horretan “sektorea antolatzea eta borrokatzea” egokituko zaiela iragarri du ELAk.
AUTOESKOLAK. Negoziazio mahaia osatu ezean, astez asteko grebei eutsiko diete
Segidan egindako hirugarren greba astea bete dute gaur Bizkaiko autoeskoletako langileek. ELA sindikatuak deitu du grebara, ATAB Bizkaiko autoeskola irakasleen elkartearen babesarekin. Sindikatuak salatu du grebari eutsi diotela “patronalaren proposamenik ez dagoelako”. Ana Alonso autoeskola irakasleak iragarri du greban jarraituko dutela irtenbidearen zantzuren bat ikusi arte: “Negoziazio mahai bat osatzeko zain gaude grebak geldiarazteko. Osatu ezean, astez aste jarraituko dugu greba deialdiekin”. Irmo azaldu du konponbiderik ezean mobilizazioekin jarraitzeko asmoa daukatela: “Ez badute egiten elkarrizketaren aldeko apusturik, beste astebeteko grebara deituko dugu segidan”.
Alonsok azaldu du “soldatak eguneratzea” eskatzen dutela: “Lan ituna izoztuta dago 2010az geroztik”. Eskaera horrez gain, lan astea ere berregituratu nahi dute. “Astelehenetik domekara arteko lan astea daukagu ezarrita. Astelehenetik barikura artekoa izatea nahi dugu —egun horietan egin ohi dugu lan—”. Administrazioan lan egiten dutenentzat lana eta familia uztartzeko baldintza hobeak ere eskatu dituzte. Azkenik, erretiro aurreratua eskatzen dute; irakasleentzat batez ere.
Negoziazio mahaia 2020ko urrian osatu zuten. “2021eko ekaina iritsi zen arte uste genuen elkarrizketa sozialaren bidez konponduko genuela gatazka. 2021eko ekainera iritsi ginenean, ikusi genuen barneratzen ari zela, eta mobilizazioekin eta grebekin hasi ginen”, adierazi du Alonsok.
Joan den urriaren 20ko bilera mugarria izan zen ordura arte egiten zituzten greba egun solteak aste osoko greba bihurtzeko, patronalak uztaileko eskaintza bera egin baitzien. Orduz geroztik, ia hilero egin dute greba astebetez edo bi astez. “Orain ikusten ari gara areagotu egin behar ditugula protestak, eta horretan ari gara”, esan du.
Grebaren erantzuna, %65ekoa
Alonsok kalkulatu du hirurehun behargin inguruk osatzen dutela autoeskoletako irakasleen sektorea. “Zaila da zehaztea, enpresari autonomo eta langile bakarreko enpresa asko dagoelako”. Grebaren erantzunari dagokionez, %60 eta %65 artean kokatu du autoeskolako irakasleak.
Aldarte baikorra dute oraindik greban dauden langileek. Eta itxaropentsu daude. “Badirudi patronalak negoziazio mahaira iritsi nahi duela. Uste dut mobilizazioek egin dutela euren lana patronalari presio egiteko”, esan du. Hala ere, ez dute amore emateko asmorik: “Mobilizazioak geldiarazteko nahikoa eduki jasotzen dituen negoziazio mahaia izan arte, bide beretik jarraituko dugu”.
ARTIACH. Greban ehun egunetik gora, “murrizketarik gabeko itunaren alde”
Artiachek Orozkon duen lantegiko beharginek ehun egunetik gora daramatzate greban. Azaroaren 22an ekin zioten lanuzteari. Orduz geroztik, LAB, ESK eta ELA sindikatuek deituta, txanda bakoitzean lau orduko lanuzteak egiten ari dira —langile batzordean UGT eta talde independente bat ere badaude—. Andres Larrinaga langileak esan duenez, “murrizketarik gabeko hitzarmen bat” eskatzen dute.
Azaroaren 22an greba hasi zutenetik, prozesua “barneratu” egin dela aitortu du Larrinagak. Joan den eguenean enpresa batzordeak eta zuzendaritzak batzarra egin zuten Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin. Artiacheko langileak dio ez zela egon aurrerapausorik: “Asko hitz egin ondoren, enpresak esan zuen bere plataforma [enpresak ezarritako baldintzak] kenduko duela guk greba bertan behera utziz gero. Guk erantzun genion hiru hilabete baino gehiagoko greba bertan behera uzteko enpresaren aldetik fidagarritasuna emango digun zerbait behar dugula”. Larrinagak esan du “ez atzera ez aurrera” daudela oraindik ere. Hala ere, datorren astean berriro batzartuko dira Jaurlaritzako ordezkariekin.
Langileak ez daude ados enpresak planteatu dizkien baldintzekin. Ezta negoziaziorako moduekin ere. “Zuzendaritzak hasieratik esan zigun enpresak berak planteatzen zuen plataforma negoziatuko genuela. Besteak beste, aurreikusten zituen lan ordu gehiago; malgutasun handiagoa; gaueko lan orduak merkatzea; kontratazio berrientzat beste soldata eskala bat; antzinatasuna murriztea; edota asteburuetan astelehenetik barikura bezala lan egitea. Murriztu, murriztu eta murriztu”. Larrinagak salatu du eskaintza hori egin dietela, nahiz eta enpresak azken urteetan milioi askoren irabaziak izan.
Egoera horren aurrean, “greban jarraitzea beste irtenbiderik ez” dutela uste du. “Enpresari esaten diogu: ‘Zuen asmoa ona bada, zergatik ez dituzue egiten bi batzar, ikusten dugu zer-nola doan kontua, eta grebak uzten ditugu?’. Haiek ezetz eta ezetz”, esan du. “Guk ez daukagu konfiantzarik enpresako zuzendaritzarengan. Esaten digutena egia izan daiteke, ala ez. Orain greba utziko bagenu, hasierara bueltatuko ginateke? Zertarako egon gara, orduan, hor hiru hilabetez?”.
Mobilizazioak
Greba egun horietan, fabrikaren aurrera atera dira protestara langileak: lehenik, 10:00etatik 14:00ak arte eteten dute jarduna, eta, gero, berriz, 14:00etatik 18:00etara. Ondoren ere hartzen dute aldarrikapenerako tartea, eta 02:00etatik 06:00etara elkartzen dira lantegiaren atarian.
Hiru hilabeteko grebaren ondoren, langileak indartsu daudela esan du Larrinagak. “Horrenbeste egunen ostean, normala da burutik gauza asko pasatzea. Hala ere, oro har, ez diot gezurrik esaten badut jendea ondo dagoela jakinda non gauden, eta borrokatzeko prest dagoela”.
BIZKAIBUS. Murrizketak salatu eta lan hitzarmen berria osatu nahi dute
Bizkaibusek Arratian, Durangaldean eta Hego Uriben ematen duen zerbitzua kudeatzen duen Avanza Durangaldeko langileak mobilizazioak egiten ari dira. Martxorako bi greba egun antolatu dituzte. Bat joan den eguenean egin zuten. Hurrengoa hilaren 30erako aurreikusi dute. Urtarrilean eta otsailean egin zituzten lanuzteei jarraipena emango diete horiekin. Gaizka Miguel ELAko garraio arduradunak azaldu du horien bidez langileek salatuko dituztela murrizketak, bete gabeko akordioak eta duela urtebete luze iraungitako enpresa hitzarmenaren negoziazioan dagoen blokeoa. “2021az geroztik lan hitzarmena berritzen saiatzen ari gara”.
Iaz hasi ziren enpresa batzordearen eta zuzendaritzaren arteko elkarrizketak. “Enpresa negoziazio mahaia blokeatzen aritu da, eta behin eta berriz aipatu du egoera ekonomiko txarrean dagoela. Gure esku ditugun kontuek kontrakoa erakusten dute, ordea”, esan du Miguelek. “Negoziazioak luzatzen aritu da, bilerak bertan behera uzten. Urtebete pasatu zaigu, eta langileen lan baldintzatan ez da egon hobekuntzarik”, salatu du.
Hasteko, langileek nahi dute enpresak indarrean dagoen lan hitzarmena errespeta dezala. Miguelek esan du itunak jasotzen dituen parametro batzuk ez direla betetzen ari. Besteak beste, “langileak babesteko egunero musuko bat eman beharko lieke, eta ez die ematen. Moldatu egin dute oporrak esleitzeko erregimena. Atzeratzen edo ukatzen ari dira errelebo kontratuak hartuko lituzketen langile nagusienentzako denbora partzialeko erretiroak”. Bestalde, langileak zigortzeko kanpaina ere deitoratu dute.
Lan hitzarmenak jasotzen duena betetzeko eskaeraz gain, behin-behineko langileei egonkortasuna emateko eskatu dute. “Behin eta berriz salatu dugu langile talde handi batek egiturazko lanpostuak betetzen dituela behin-behineko kontratuekin. Haiek gabe ezin izango lituzkete autobusak egunero atera”. Horrez gain, arlo sozialean ere “hobekuntzak” eskatu dituzte. “Langileen erosahalmenari eustea ere nahi dugu; soldata igoerak KPItik gorakoak izan daitezen eskatu dugu”.
Deia aldundiari
Joan den astean Miguelek adierazi zuen azken asteetan ez direla batzartu zuzendaritzarekin: “Blokeoa erabatekoa da”. Avanza enpresari ez ezik, Bizkaiko Foru Aldundiari ere eskaera egin diote. “Aldundiak finantzatzen du zerbitzua, eta oraintsu Bizkaibusi diru gehiago ematea onartu du. Hura da zerbitzuaren eta haren kalitatearen arduraduna; aldundiak finantzatzen du guztia. Beraz, hemen gertatzen ari denaren arduraduna da, eta esku hartu beharko luke”.
Martxoaren 30ean egingo dute 24 orduko hurrengo greba. “Handik aurrera pentsatuko dute zer egin, enpresa batzordea barne eztabaida prozesuan ari baita, erabakitzeko egoerak blokeatuta jarraituz gero zer mobilizaziori ekin”.
GARBITZAILEAK. Eraikin eta lokaletako garbitzaileek sei greba egun iragarri dituzte
ELA, LAB eta ESK sindikatuek —negoziazio mahaiaren gehiengoa ordezkatzen dute— sei greba egun egitera deitu dute Bizkaiko eraikin eta lokalen garbiketaren sektorean. Martxoaren 31n, apirilaren 26an eta 27an, eta maiatzaren 10ean, 11n eta 12an egingo dituzte. Garbiketa sektoreko hitzarmena aplikatzen duten zentroetan izango du eragina lanuzteak. “Hamabost ordainketa eskatzen ditugu, bakoitza 1.200 eurokoa”, dio Inma Gomez Bermudez garbitzaileak, laburpen gisa.
Gomezek esan du gutxieneko lanaldia ere eskatuko dutela. “Garbiketan gero eta gehiago murrizten dituzte lanaldiak. Azkenean, astean bi orduz zoaz lanera. Beraz, garrantzitsu deritzogu gutxieneko lanaldi bat ezartzeari”. Hainbat enpresatan lanean ari diren 11.000 garbitzaile ari dira beharrean sektore horretan.
Soldata eskakizunei dagokionez, Gomezek adierazi du enpresek esaten dietela baietz, onartuko dietela 1.200 euroko soldata, “baina epea ez dute zehazten”. Eta galdera bota die: “Noiz egingo dute, 20 urte barru?”.
Prozesua desblokeatzea helburu
Hala ere, lan hitzarmenari buruzko negoziazioek aurrera jarraitzen dute. “Negoziazioak bizirik dirau, baina mahai gainean ez dago ezer”, esan du garbiketa langileak. “Prozesua desblokeatzeko eta mahai gainean edukiren bat jar diezaguten egiten ditugu mobilizaziook”.
Orain arte patronalak egin duen eskaintza izan da 2021erako %0,5eko igoera, %2koa 2022rako, eta beste horrenbestekoa 2023rako. ELAk salatu du KPIa inoizko gehien igo den garaian 18 zentimoko igoerak eskaini dituztela. Haren arabera, “pandemiaren ondoren soldatak izoztuta daude oraindik. Kontuan hartu behar da eraikinen garbitzaileek kale garbitzaileek baino %45 gutxiago irabazten dutela”.
LABek, berriz, esan du sektorea “nazkatuta” dagoela “ezkutuan egoteaz”. Gomezek ere adierazi du ikusezin egin nahi dituztela. “Enpresa askotan ez dute nahi zabalik daudenean garbitu dezagun. Beste batzuetan, ez dute nahi ate nagusitik sar gaitezen; atzeko atetik sartzea gura dute. Ez dute nahi gu ikusterik”, salatu du, eta gehitu euren lanari ez diotela ematen garrantzirik: “Noiz ematen zaio garrantzia garbiketari? Egiten ez denean. Orduan bai sortzen direla arazoak, eta orduan bai ezartzen dituzte gutxieneko zerbitzuak. Orduan bai garela behar-beharrezkoak”.
Gomez ziur dago garbitzaileek dituzten baldintzak lotuta daudela sektorea feminizatuta egotearekin. “Uste dut sektore feminizatua garelako lanaldiak gero eta laburragoak direla. Oso zaila da lanaldi osoa lortzea. Nortzuk aritzen dira garbiketa lanotan?”, galdetu du. “Oro har, emakumeak aritzen dira bulego batetik bestera”, esan du. Hala ere, adierazi du gogotsu daudela, eta gogora ekarri du mobilizaziook “historikoak” direla, ELA eta LAB batuta gehiengoa daukatelako.
MAXAM. Gaur erregulazioa negoziatzen hasiko dira, greban daudela
Maxam enpresako langileek asteon batzar orokorrean erabaki dute otsailaren 16an abiatu zuten greba mugagabeari eustea. Maxam Outdoors eta Maxam International atalak ditu enpresak Galdakaon. Langile batzordeak gogorarazi du zuzendaritzak Outdoors atala ixteko asmoa iragarri zuenean ekin ziotela grebari. “Lantegiaren zati bat itxiko zutela iragarri zuten, eta presio neurri gisa hasi genuen greba, kaleratzerik egon ez zedin”. UGTk, CCOOk, ELAk eta sindikatu independente batek dute ordezkaritza lantegian.
Maxamek meatzaritza, harrobi eta eraikuntzarako lehergaiak garatu, ekoitzi eta merkaturatzen ditu. Galdakaon bertan ehizarako kartutxoak egiten dituen atala saldu egin du. Enpresak itxi nahi duen atal horretako 67 langileentzat enplegua erregulatzeko espedientea aurkeztu du. Zuzendaritza eta langile batzordea gaur hasiko dira negoziatzen espediente horren memoria. “Lehenengo batzar hori azalpenak emateko izango da”, azaldu du langile batzordeak. Datozen asteetan jarraituko dituzte negoziazioak. Astero bi batzar egingo dituzte gutxienez.
Langileen erabakia
Martitzenean egin zien azken eskaintza zuzendaritzak. “Greba bertan behera utziz gero, itxieraren inpaktua txikitzeko neurriak martxan jartzeko asmoa iragarri zigun enpresak”. Langileek ez dute onartu. Maxameko behargin guztiei eman diete proposamena bozkatzeko aukera. Denen artean erabaki dute greban jarraituko dutela. Uste dute zuzendaritzak ez duela inor kaleratuko.
Langile batzordeak ez daki zer aurkituko duten batzar horietan: “Enplegua erregulatzeko espedientearekin hasten garenean ikusiko dugu enpresak zer jarrera duen: jarraituko ote duen hitz egiten itxiko ez duten enpresaren zatian langile horiei lekua egiteari buruz, ala soilik itxierari buruz hitz egingo duen”.
Langile batzordeak zuzendaritzari adieraziko dio erregulazioaren memoria “bidegabea” dela: “Maxam zentro bakarra da, eta inor ez da hemendik atera behar. Hasieratik egin bezala, irteera ez-traumatikoak bilatzeko neurriak eskatuko dizkiogu. Guk uste dugu inor ez dagoela sobran. Hau zentro bakarra da; beraz, ez dago arrazoituta espediente bat egitea”. Enpresari konponbideak bilatzeko eskatuko diote. Besteak beste, erretiro aurreratuak hartzea planteatu dute.
Hasieratik egin dituzten aldarrikapenei aipamen egin diete: “Greba planteatu genuen enpresak dirua gastatu zezan; besteak beste, erretiro aurreratuetan. Era horretako planak martxan jar ditzala nahi dugu, kaleratzeak gauzatu ez daitezen”.
Sindikatu guztiak bat eginda daudela jakinarazi du langile batzordeak, eta borrokan jarraituko dutela. Langile guztiek izan zuten enpresaren proposamena bozkatzeko aukera, martitzenean. “Parte hartzea oso handia” izan zen, eta emaitza, estua: %54 azaldu ziren greba egiten jarraitzearen alde, eta %46 kontra.