Ohiturari eutsi dio Nafarroako Gobernuak. Martxoak 11 ditu gaur, Terrorismoaren Kontrako Europako Eguna da, eta, hala izaki, biktimak gogora ekartzeko ekitaldia egin dute gobernuko ordezkariek Iruñean. Berriki Konstituzio plaza deiturikoan bildu dira Nafarroako Gobernuko ordezkariak, Parlamentukoak eta baita segurtasun indarretako zenbait ere, hala nola Guardia Zibila, Foruzaingoa, Espainiako Polizia eta Espainiako Armada. Lore eskaintza egin dute, baita minutu bateko isilaldia ere, ondotik.
Nafarroako Gobernuko ordezkariak, Parlamentukoak eta Segurtasun Indarrenak elkartu dira Iruñean. Ordezkarien artean, baina, izan da hutsunerik, beste behin ere: Navarra Sumako ordezkaririk ez da azaldu ekitaldira. Talde politikoak argudiatu du Nafarroako Gobernuak gaurko prestaturiko manifestua «hotzila» dela, eta nahiago izan du harekin bat ez egin. Halaber, Anvite Nafarroako biktimen elkarteak ere ez du parte hartu elkarretaratze horretan. Horren ordez, beste bat antolatu dute, beren kabuz: eguerdian bildu dira, toki berean.
Iaz egin bezala, Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak irakurri ditu adierazpenak gaztelaniaz; Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak, euskaraz. Txibite izan da lehenbizikoa, betiere. «Indarkeria terrorista mehatxu larria da demokraziarentzat eta elkarbizitzarentzat, izan urteetan ETAk egina, GAL bezalako talde terroristek gauzatua, eskuin muturrarekin edo ezker muturrarekin lotutako taldeek aurrera eramana edo jihadista», irakurri du Txibitek.
Halaber, nabarmendu du gobernuak gaitzetsi egiten duela «terrorismoaren biktimen eta beren familien duintasunari eta memoriari kalte egiten dion» ekintza oro. Nabarmendu dutenez, premiazkoa da «desberdinen arteko elkarbizitza, bakea eta errespetua» bultzatzen lagunduko duen estrategia bat sortzea.
Urteurren bat baino gehiago
2004ko martxoaren 11n izandako atentatuengatik da gaurkoa Terrorismoaren Kontrako Europako Egun izendatua. Espainiako Gorteetarako hauteskundeen atarian gertatu zen erasoa, martxoaren 14rako baitziren deituak bozak. Bada, PPk erabaki zuen ETAri egoztea atentatuaren egiletza, nahiz eta, ordurako, aski zantzu ziren atentatuaren atzean Al-Qaeda zegoela ondorioztatzeko; kanpaina politikoaren parte izan zen argudiaketa hura, garaipena segurtatzeko ahalegina, finean. Leporatze horrek franko gaiztotu zuen giroa, Euskal Herrian, are nabarmenago, eta ilunak izan ziren ondoko egunak, muturreraino.
Izan ere, Madrilgo atentatutik bi egunera, martxoaren 13an, Espainiako polizia batek eta haren semeak Angel Berrueta iruindarra hil zuten, tiroz eta labankadaz, Iruñeko Donibane auzoko Martin Azpilikueta kaleko okindegian; han egiten zuen lan Berruetak.
Lokalera sartu zen Maria Pilar Rubio, eta, Aznarren ahotik ateratako leporatzeek gaiztotutako giro betean, gobernuarekin bat egiteko afixa bat jarri nahi izan zuen bertan andreak: ETA ez zioen. Berruetak ez zuen nahi hori egiterik, eta eztabaidan hasi ziren biak. Suturik, Rubio handik atera zen, eta senarrarekin eta semearekin itzuli zen handik gutxira. Valeriano de la Peña Espainiako Poliziako kidea eta Miguel de la Peña 19 urteko gaztea ziren, zehazki. Handik gutxira jaitsi ziren okindegira. Tiro egin zion aitak Berruetari, eta labankadaz eraso egin semeak. Orduantxe hil zen Berrueta.
Angel Berruetarena ez zen izan egun horietako ondorio lazgarri bakarra. Haren hilketak sumina sortu zuen euskal gizartean, eta askotariko protestak antolatu ziren ziztuan. Horietan, Polizia gogor oldartzen zitzaien manifestariei. Hernanin, Ertzaintza bortizkeria handiz egin zuen herritarren kontra. Han zen Kontxiz Sanchiz, eta hantxe zendu: babes bila, atari batean sartu zen Sanchiz, eta bihotzekoak jota hil zen.