EUSKAL PRESOAK

Euskal presoen baimenak gibelera botatzen ari da Espainiako Auzitegi Nazionala

Foro Sozial Iraunkorrak ohartarazi du «dozenaka» direla atzera botatzen ari diren espetxe onurak: «Aurreikuspenik txarrenak baieztatu dira, oso neurri kezkagarritan, gainera».

Gradu erregresioen aurka joan den otsailean Galdakaon egindako manifestazioa. ARITZ LOIOLA / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2022ko martxoaren 11
11:59
Entzun

Ez ditu bakarrik hirugarren graduak eten. Espainiako Auzitegi Nazionalak euskal presoen espetxe baimenei ere jarri die galga, Foro Sozial Iraunkorrak ohar baten bidez jakinarazi duenez. Foroak salatu du «dozenaka» euskal presori bota dizkiela gibelera aitzinetik espetxeetako tratamendu batzordeek emandako baimenak, Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak helegiteak jarri ondotik. Auzitegi Nazionaleko zigor arloko lehen sala da baimenak gibelera botatzen ari dena: «Bi instantzia horien eginkizuna erabakigarria da egungo lege araudiaren arabera», oroitu du foroak.

Foro Sozialak salatu du «aurreikuspen txarrenak» baieztatu direla: «Oso neurri kezkagarrietan, gainera». Erabaki horiek justifikatzen dituzten autoetan «jarrera inboluzionista» ikusi du foroak: «Atzera egin da duela bi urte baino gutxiago arazorik sortzen ez zuten zenbait gaitan». Salatu dutenez, batzuetan juridikoki interpretagarriak diren elementuetan oinarritzen dira epaiak, baina beste kasu batzuetan «nabaria» da «zuzenbidearen kontrakoak diren arau juridikoen interpretazio batzuen gainean» eraikitzen dituztela autoak. Foroak uste du egoera hori «errepikatu» eginen dela Eusko Jaurlaritzaren eraginpeko espetxeek eman dituzten azken gradu aldaketa gehienetan ere —zortzi euskal presori hirugarren gradua ezarri zieten joan den astean—.

Lobbyaren eragina

Foroak ohartarazi du erabaki horien guzien gibelean lobby bat dagoela, espetxe arloko ebazpenetan «eragin zuzena» duena: «Oso jarrera ideologizatuez hitz egin daiteke, garai berriak irekitzearen aurkako jarrera politikoetatik bultzatuak, espetxe araudi arrunta modu normalizatuan aplikatzearen ondoriozko prozesuak geldiarazi nahi dituztenak». Halere, foroak iritzi dio lobby horrek ez dituela bere helburuak lortu, Espainiako Auzitegi Nazionalera mugatzen ari baita.

Foro Sozialak uste du abagune «erabakigarria» dela espetxe politika normalizatuaren aplikazioari dagokionez, eta, beraz, «kezka» agertu du Auzitegi Nazionalak jarritako oztopoekin, presoei eurei eragiteaz gain haien senideei ere «frustrazioa» eragiten dielako: «Frustrazioek ez dute laguntzen gertatutakoa ez errepikatzeko bermeak sendotzen».

Foroak iragarri du haren Behatokiaren hurrengo monografikoa espetxe onuren erregresioei buruzkoa izanen dela: «Lanean ari gara». Erakundeei deia egin diete «adostasunak indartzeko» eta presoek «gizarteratze ibilbidean» egiten dituzten urratsak «babesteko». Eskatu du ez diezaietela presoei «baldintza gehigarririk» jarri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.