Eusko Jaurlaritzako ordezkariek, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako diputazioetakoek, Espainiak Gobernuko ordezkariak eta hainbat gobernuz kanpoko erakundek bilera egin dute gaur Ukrainatik Euskal Herrira etortzen ari diren errefuxiatuei egiten zaien harrera koordinatzeko. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak adierazpenak egin ditu bilkura hasi aurretik, eta jakinarazi du 3.000 lagunera arteko harrera plana prestatu dutela.
Bi egoera aurreikusi dituzte «Ukrainaren inbasioaren ondorioz lekualdatutako pertsonei harrera egiteko Euskadiko» lehen kontingentzia planean. Lehendabizikoan 500 eta 700 lagun iritsiko direla aurreikusi dute, eta bigarrenean 700 eta 3.000 artean.
Urkulluk azaldu duenez, 2022ko martxoaren 3an 2001/55/EE zuzentarauaren aplikazioa onartu zuen Europako Batzordeak, zeinaren arabera Ukrainatik ihes egiten duten pertsonei nazioarteko babesa ematera behartzen dituen estatu kideak: «Babes horrek berekin dakar bizileku eta lan baimena, hezkuntzarako sarbidea, bizitoki egokia, gizarte laguntza, finantza laguntza eta arreta medikoa ematea. Babes horrek urtebeteko iraupena behar du izan, eta bi urtera arte luza daiteke».
Jaurlaritzako lehendakariak azaldu du ukrainarren harreran laguntzeko «borondatea» dutela, baita zuzentarau hori betetzeko «konpromisoa» ere: «Gure ekarpena [Espainiako] estatuko administrazioaren erantzuna osatzera bideratzen da, nazioarteko babesaren arloan eskumena hark baitu».
Jaurlaritzak aurkezturiko plana behin-behinekoa da, Urkulluk azpimarratu duenez, eta hiru astean izanen da indarrean, martxoaren 31ra arte: «Une honetan eskuragarri dagoen informazioarekin ezinezkoa da Euskadira irits daitezkeen pertsonen kopurua edo iristeko epeak aurreikustea», zehaztu du. Halaber, adierazi du ez dakitela Espainiako Gobernuak zein baliabide ezarriko dituen Europako zuzentaraua aplikatzeko, «aldi baterako babesak ematen dituen eskubideei dagokienez edo lekualdatutako pertsonen biziraupenerako laguntza ekonomikoei dagokienez». Ohartarazi dute «familia erreferenterik gabeko» adingabeak aldi baterako hartzeko «estaldura juridiko zehatzik» ere ez daukatela. Laguntza emateko prest agertu dira, halere: «Ezjankintasuna nagusi den arren, euskal erakundeok aldez aurretik izan behar ditugu errefuxiatuei harrera duina egiteko behar diren baliabideak».
1.egoera
Aurreikusitako lehen egoera asteotan 500 eta 700 lagun artean iritsiz gero aplikatuko lukete —oraingo egoera da—, eta horretarako «harrera baliabide arrunt indartuak» erabiliko dituzte. Jakinarazi dute une honetan jada badirela errefortzu mekanismoak dituzten harrera baliabideak: besteak beste, Espainiako harrera eta integrazio sistemaren barnean dauden plazak; Irun, Oñati, Tolosa (Gipuzkoa) eta Berrizko (Bizkaia) ikastetxeetako baliabideak; hotel eta ostatuak; Alokabidek eta udalek eskain ditzaketen etxebizitzak; eta herritarren edo ukrainar jatorriko familien elkartasunak borondatez eskainitako etxebizitzak. Gurutze Gorriarekin elkarlanean, halaber, telefono zenbaki bat eta aurrez aurreko zerbitzu bat jarriko ditu Eusko Jaurlaritzak Bilbon, Donostian eta Gasteizen, iristen diren ukrainarrei informazioa eta arreta emateko.
2.egoera
Bigarren egoerak «baliabide gehigarriak» izanen lituzke. Aurreikusi dute kasurik «baxuenean» 700 eta 1.500 pertsona artekoa izanen dela iheslarien etorrera, eta 1.500 eta 3.000 artekoa «altuenean». Bi egoera horietarako honako neurriak aurreikusi dituzte: itzultzaile boluntarioen sare bat sortzea; aireportu, tren eta autobus geltokietan hasierako informazio eta harrera zerbitzua eskaintzea; Donostian, Bilbon eta Gasteizen hasierako harrera eta orientazio zerbitzua jartzea; larrialdiko ostatu plan bat osatzea, eskuragarri dauden baliabideetan eta hotel eta ostatuetan; hasierako laguntza zerbitzua eta bizitegi irtenbide egonkorra identifikatzea; eta hiru bizitegi irtenbide egonkor mota eskaintzea: senideen edo hurbilekoen etxebizitzak, erakundeek jarritako etxebizitzak eta gizarte eskaintzarako etxebizitzak.