Bilboko portura iritsi da Errusiako gasa

172.000 metro kubiko gas deskargatuko ditu. Iaz hemeretzi gasontzi iritsi ziren Errusiatik Bilbora. Greenpeacek salatu du portuan sartzen den gasak Ukrainako gerra finantzatzen duela.

Nikolay Urvantsev gasontzia, Bilboko portuan. LUIS TEJIDO (EFE)
jokin sagarzazu
2022ko martxoaren 10a
14:31
Entzun

Atzo gauerdian iritsi zen Bilboko portura Nikolay Urvantsev ontzia, biltegietan Errusiako 172.000 metro kubiko gas zituela. Europako Batasunean Errusiako gasa eta petrolioa inportatzen jarraitzearen kontrako ahotsak ugaritu egin dira azken egunetan, AEBek eta Erresuma Batuak gasari, petrolioari eta ikatzari debekuak ezarri ostean.

Hong Kongeko bandera duen ontzia Errusiako Artikoko Sabettako portutik irten zen, hilaren 2an. Bilboko portuan dagoen Bahia de Bizkaia gasifikatze plantan ari da deskargatzen gas likidotua, eta handik gasbideen sarean sartuko dute. Iaz hemeretzi gasontzi iritsi ziren Errusiatik Bilboko portura, jasotako gas likidotu guztiaren %40 inguru.

Ikusi gehiago:Arrantzaleak eta garraiolariak, erregaian itota

Europako Batasunak oraingoz ez du debekurik ezarri, baina beste merkatu batzuetatik inportatzea aztertzen ari da, bai hobien bidez, bai gasontzietan. Bilboko portukoa da gas likidotua jaso eta transformatzeko azpiegitura handienetan bigarrena Iberiar penintsulan, Bartzelonakoaren ondoren. Penintsulan sartzen den gas likidotu guztiaren %25 bildu eta eraldatzen du Bilbokoak.

Behin gasbideen sarera sartuta, bi puntu daude Frantziako gas sarearekin konektatzeko; bata, Iturzaetako lepokoa (Nafarroa eta Zuberoa artean), eta bestea, Irungoa (Gipuzkoa), 2015ean sortua. Gasa biltegiratzeko azpiegitura bat ere badago, itsasoan, Bermeoko (Bizkaia) Gaviota plataforman.

Greenpeaceren protesta

Greenpeace erakunde ekologistak ekintza bat egin du gaur goizean Bilboko portuko uretan. Gasak gerra finantzatzen du eta Gerrarik ez leloak zituzten afixak erakutsi dituzte Errusiatik iritsitako gasontziaren aurrean, gasa deskargatzen ari zenean. Greenpeacek azpimarratu du petrolioarekiko eta gasarekiko mendekotasuna gainditzea dela gerra berehala amaitzeko «irtenbide bakarra». «Elikagai fosilek elikatzen dute literalki gerra; Errusiako BPGaren %40 erregai fosilen esportaziotik dator, eta gobernuak arma gisa erabiltzen du Europaren energia mendekotasuna».

Ostegun honetan Bilboko portuan eginiko ekintza (Greenpeace)

Era berean, gas azpiegitura berrietan inbertitzea kritikatu du, eta energia berriztagarri «demokratiko eta justuen« alde egiteko eskatu. «Gizon, emakume eta haur errugabeak hiltzen ari dira Ukrainan, Errusiako presidenteak erregai fosilekin hasitako gerraren ondorioz. Errusiako presidenteak berehala geldiarazi behar du gerra, energia berriztagarrietarako trantsizioa egin behar baitu munduak. Beharrezkoa da bakerako eta etorkizun seguru baterako», adierazi du erakunde ekologistak.

Goizeko ekintzaz gain, elkarretaratze bat antolatu dute gaur arratsalderako Greenpeace, Ekologistak Martxan, Ongi Etorri Errefuxiatuak, La Guerra Comienza Aqui eta Euskal Gune Ekosozialistak deituta, Espainiako Gobernuak Bilbon duen ordezkaritzaren aurrean, Moyua plazan, 18:00etan. Europako herrialdeen «hipokrisia» salatuko dute, Errusiako gasa jasotzen ari diren bitartean Ukrainara armak bidaltzen ari direlako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.