Espainiako Senatuko hogei kidek CNI Espainiako zerbitzu sekretuetako buru Paz Estebani eskatu diote ganbera hartako Defentsa Batzordearen esku jar ditzala Mikel Zabalzaren heriotzaren inguruko dokumentu guztiak. Geroa Baiko senatari Koldo Martinezek egindako eskaerarekin bat egin dute EAJk, EH Bilduk, ERCk, Ezker Konfederalak eta JxCk. Estebani bidalitako gutunean, gogoratu dute erakunde publikoek «justiziarekin kolaboratzeko betebeharra» dutela.
Eskatzaileek gogoratu dute CESIDen zereginen eta erakunde haren artxiboen oinordekoa dela CNI, eta, beraz, hark dituela Zabalzaren kasuaren inguruan gordetako dokumentuak. Izan ere, gehitu dute jakina dela CESIDek, Juan Antonio Perote operazio buruaren bidez, «Mikel Zabalzaren heriotzarekin lotutako informazioa» zuela. Hura Guardia Zibilaren Intxaurrondoko goi kargudunen bidez jaso zutela ere gogoratu dute: «Dokumentu horietako bat da CESIDeko arduradun Juan Antonio Peroteren eta Intxaurrondon zegoen Guardia Zibileko teniente Pedro Gomez Nietoren arteko elkarrizketa». Audio hartan, Zabalzak jasaniko torturen berri ematen du Gomez Nietok, Antonio Rubio kazetariak BERRIAn gogoratu duen moduan: «Gogoan dut El Mundo egunkarian argitaratu nuela nortzuk, non, noiz eta nola torturatu zuten Mikel Zabalza».
Senatariek nabarmendu dute Eusko Jaurlaritzak polizia indarkeriaren biktima gisa aitortu duela Zabalza, bere garaian Poliziak emandako bertsio ofizialari sinesgarritasun oro kenduta —eskuburdinak jarrita ihes egin eta Bidasoa ibaira jaurti zela adierazi zuten—. Hori ikusita, afera ikertu duen taldeak adierazi zuen Zabalza torturatu izanaren zantzuak daudela. Espainiako Auzitegi Gorenaren ebazpenei erreferentzia eginez, berriz, senatariek adierazi dute zerbitzu sekretuek ezin dutela «inpunitate espazioak sortzeko» baliabide bat izan.
Era berean, azaldu dute 1968ko Sekretu Ofizialen Legeak ez duela eraginik Kongresuaren eta Senatuaren eskaerei dagokienez, eta erakunde horiek «sarbidea» izan behar dutela eskatu dezaketen edozein informazio jasotzeko. «Mikelen familiak egia jakiteko eskubidea du, eta beharrezkoa da, 36 urteren ostean, estatuko aparatuek ETArekin zerikusirik ez zuen pertsona baten heriotza estaltzeko ehundu zuten faltsukeria estalkia altxatzea», azaldu du Martinezek.
Gobernuaren esku
Espainiako presidente Pedro Sanchezek EAJko diputatu Aitor Estebani atzo emandako erantzuna ere hizpide izan du Geroa Baiko senatariak. Haren hitzetan, egia argitu behar dutenak auzitegiak direla esan izana gobernuaren «borondate faltaren adibide bat» da: «Presidenteak badaki CNIren esku dauden dokumentuen ekarpenak kasua berriz irekitzea baimenduko lukeela, eta hala amaiera emango litzaiokeela trantsizioaren kapitulu ilunenari».
Unidas Podemoseko diputatu Roberto Uriarteren hitzetan ere, Espainiako Gobernuak eskura du Zabalzaren kasuko dokumentuak argitaratzea. Halere, Radio Euskadin eginiko elkarrizketan, beste urrats bat egiteko beharra nabarmendu du. Haren ustez, egungo Sekretu Ofizialen Legea «nazkagarria» da, eta lehenbailehen aldatu behar da: «Ezin dira erabaki demokratikoak hartu errealitatea ezagutu gabe. Justizia eta erreparazioa lortzeko baldintza da egia».