Arrantzaleak eta garraiolariak, erregaian itota

Berunik gabeko 95 gasolina bi eurora gerturatzen ari da Hegoaldean, eta 2,40ra Iparraldean. Greba hotsak hasi dira garraioaren sektorean.

Gidari bat autoa gasolioz betetzen. JAVIER LIZON / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko martxoaren 9a
17:49
Entzun

Ez dago beste gairik: erregaien prezioa goraka doa, eta ez dirudi laster jaitsiko denik. Hego Euskal Herrian, berunik gabeko 95 gasolina 1,816 euroan saldu zen atzo batez beste, eta gasolioa 1,755 euroan: herenegun baino lau eta sei zentimo garestiago, hurrenez hurren. 98 gasolina, berriz, 1,958 euroan zegoen. Bi euroren muga igaroko duela ziurtzat jotzen dute iragarpenek, eta Ipar Euskal Herrian ondo dakite hori. Gasolioa 2,2 euroan zegoen batez beste atzo, eta 2,334ra iritsi zen gasolindegi batzuetan. 98 gasolina, berriz, 2,345era iritsi zen. Azken hilabetean gasolioa %17 garestitu da Hegoaldean, eta 95 gasolina %15.

Datu horiek buruz dakizkite erregaia egunerokoan darabilten profesionalek, eta, esaterako, arrantzale zein garraiolariek alarma piztu dute. Azken horien inguruan greba deiak zabaldu dira hurrengo asterako, eta Hiru sindikatuak afiliatu bilerara antolatu du etziko zer egin erabakitzeko. «Egunotan geldirik dauden afiliatuak ditugu. Huskeria irabazteko etxean hobeto daudela esaten dute», azaldu du Jon Altuna Hiruko ordezkariak: «Zortzi orduz diharduen garraiolariaren eguneko erregai gastua 150 eurotik 200era igaro da. Hilabetean 1.200 edo 1.500 euro gehiago behar dira. Ezinezkoa da».

Altunaren iritziz, konponbidea kostuen igoera bezeroari transmititzea da, baina, dioenez, ez da erraza: «Ez dago ordaintzeko prest. Gainera, sektorea prekarizatzen ari da, eta badaude beren baldintzak asko okertzeko prest dauden garraiolariak», salatu du. Ingurumari horretan autonomoek eta enpresa txikiek sufritzen dute gehien. Haietako hainbat elkartzen dituen Espainiako plataforma batek greba deialdia egin du astelehenetik aurrera.
Deialdia hor dago, baina ikusteko dago patronal handien erantzuna. Merkantzia garraioko Espainiako konfederazioak bilera egin zuen atzo, eta haren kide dira Euskal Herriko patronalak. BERRIAk jakin duenez, horiek zail ikusten dute greba deialdia babestea, eta litekeena da sektorearentzako laguntzak eskatzea Espainiako Gobernuari. Iragan abenduan greba deialdia egin zuten eta azken unean bertan behera utzi zuten.

Antxoa baino garestiago
Erakundeen atea jo dutenak arrantzaleak dira, alturakoak zein baxurakoak. Badakite arazoak ez duela konponbide errazik, baina haien egoera azaldu nahi diete Jaurlaritzari zein Espainiako Gobernuari: «Gasolio litroa antxoa kiloak portuan duen prezioa baino garestiago dago. Biak euroaren bueltan dabiltza [lehen sektorerako erabiltzen bada zerga gutxiago ditu], horrela ez dago ia irabazi tarterik», azaldu du Miren Garmendiak, Gipuzkoako Arrantzale Kofradiako idazkariak.

Itsasora irtetean arrantzaleak ez daki zenbat arrain harrapatuko duen, ezta ere zein preziotan salduko duen. Gasolio garestiarekin, beldurra handiagoa da: «Orain, baina, irten beharra dago: kanpaina betean gaude». Antzeko krisietan erregaiaren prezioa hornitzailearekin finkatu izan dute, baina orain zaila dirudi: «Inork ez daki noraino igoko den».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.