Gerratik ihesi 2.500 kilometroko bidaia egin ostean, Euskal Herrian dira Ukrainatik lau furgonetatan ekarritako 26 pertsona. Ikurrinak eta Ukrainako banderak eskuetan hartu dituzte Getxoko Ereaga hondartzako hotel batean (Bizkaia) zain zituzten senideek eta hemen dauden bitartean etxean hartuko dituzten familietako kideek.
Festa moduko bat izan da ongietorria. Pintxoak jan dituzte hotelean, eta batzuk uretara joan dira berehala haurrekin. Izan ere, bazekiten Itsaso Beltza zer zen, baina ikusi gabe zeukaten Atlantikoa. Barreak eta negarrak elkartu dira.
15:30 aldera Oiartzunen bildu da karabana. Han, iheslarietako batek —Svitlana Gryvinska— Pariserako trena hartu du, Frantziako hiriburuan dituen lagunek han emango baitiote aterpe.
Svitlana Gryvinskak Oiartzunen karabana utzi eta Parisera joatea erabaki du, han lagunak ditu zain. Zorte on! @berria@nergrouppic.twitter.com/IcU0fo6EuQ
— Idurre (@_idurre_) March 9, 2022
Nergroup enpresa taldearen eta ACEV Euskal-Eslaviar Kultur Elkartearen ekimenez, martxoaren 5ean atera ziren Euskal Herritik lau furgonetak, eta, hiru egun errepidean igaro ostean, herenegun goizean goiz iritsi ziren Kosice hirira (Eslovakia). Han ezagutu zituzten Euskal Herrian aterpe hartzekoak ziren hemeretzi heldu eta zazpi haur. Horiekin batera, hiru txakur eta bost katu jaso zituzten.
Boluntarioetako bat da Iryna Dotsenko, Astigarragan (Gipuzkoa) bizi den ukrainarra. Joan-etorriko odisea egin du, otsailaren 26an itzuli baitzen Ukrainara, oporretan. Gerraren eztandak harrapatu zuen han. Hori dela eta, Euskal Herrira berehala itzultzea erabaki zuen, amarekin batera. Zenbait egun eman zituzten auto ilara batean geldirik, Ukrainatik atera ahal izateko. Eta, halere, Ukrainako mugara itzultzea erabaki du, atzean gelditurikoak laguntzeko.
Euskal Herrira iritsitakoan, hutsik dauden eta hainbat boluntariok egitasmoaren antolatzaileen eskuetan jarri dituzten etxe eta logeletan egokituko dira 26 iheslari ukrainarrak.
Antolatzaileen esanetan, «dei pila bat» jaso dituzte ukrainarrei logela zein etxeak eskaintzeko. Hala ere, bestelako laguntza ere beharko dutela nabarmendu dute; erakundeena, esaterako.
Hura da laguntza egitasmoaren arduradunetako bat, eta nabarmendu du ukrainarrei laguntzeko ekinbide hau ez dela ekintza bakana Nergroupentzat: elkarteko enpresek 11 urte daramatzate irabazien %5 elkartasun eta gizarte proiektuetarako baliatzen, eta langileek lanerako denboraren %2 eskaintzen diete. NegoBide Circulo Empresarialen laguntza izan dute.