Hizkuntza eskubideak

Danimarkak kalte ordaina emango die sei inuiti, euren familia, hizkuntza eta kultura lapurtzeagatik

1950eko hamarkadan asimilazio programa batera eraman zituzten Groenlandiatik, «danimarkar txiki» bihurtzeko. 34.000 euro emango dizkiote bakoitzari, eta lehen ministroak barkamena eskatuko die gaur, aurrez aurre eta ofizialki.

Mette Frederiksen Danimarko lehen ministroa barkamena eskatu die biktimei gaur, Kopenhagen eginiko ekitaldi batean. EMIL HELMS / EFE
Edu Lartzanguren.
2022ko martxoaren 9a
14:47
Entzun

Joan zen urrian sei inuitek iragarri zuten Danimarkako Estatua salatuko zutela, haurrak zirenean, 1951. urtean, Groenlandiatik eraman zituztelako, «danimarkar txiki» gisa hezteko. Estatuari kalte ordaina eskatu asmo zioten, familia, hizkuntza eta kultura lapurtzeagatik. Baina afera ez da auzitegietara helduko, Danimarkako Gobernuak aitortu duelako erruduna dela, eta adostu duelako biktima bakoitzari ia 34.000 euro ordaintzea, eta haiei aurrez aurre barkamena eskatzea.

Gaur bertan zen barkamen eske ofiziala egitekoa Mette Frederiksen lehen ministroa, Kopenhagen, ekitaldi batean. Groenlandiako lehen ministro Mute B Egede ere ekitaldian parte hartzekoa zen. Gainera, datorren astean Frederiksen Groenlandiara joango da, han ere barkamena eskatzeko.

Danimarkak esperimentu sozial bat egin zuen 1951. urtean: Groenlandiako koloniako 22 ume kendu zizkieten euren familiei, hamahiru mutil eta bederatzi neska, eta Danimarkara eraman zituzten, han adopta eta hez zitzaten. Irakasle eta apaizei eskatu zieten zerrenda bat egiteko, «berriz hezteko» moduko umeak aukeratzeko.

6 eta 8 urte arteko haurrak aukeratu zituzten, familia pobrekoak, alargundutako ama gazteen seme-alabak, esaterako. Gurasoak estutu egin zituzten, besteak beste, haurrek Danimarkan bizimodu hobea izango zutela esanda. Esperimentuaren helburua honako hau zen: haur inuitak «danimarkar txiki» bihurtzea. Planaren arabera, gazteak «danimarkartu», hau da, kulturalki asimilatu ostean, Groenlandiara itzuliko zituzten, besteentzat eredu izan zitezen.

22 haietatik oraindik bizirik dauden seik jasoko dute kalte ordaina. Danimarkako Estatuari konpentsazioa eskatu zioten, euren haurtzaroa, familiekiko harremana, hizkuntza eta kultura lapurtu zizkietela argudiatuta. Horietako batzuek ez zituzten berriz ikusi euren senideak, eta batek behintzat ez zuen jakin familiatik erauzi egin zutela 52 urte bete zituen arte.

Haurren erdiak hil egin ziren heldu bihurtu aurretik. Horietako batzuk Groenlandiara itzuli zituzten urtebeteko epean, baina, familiei itzuli beharrean, Nuuk hiriko umezurztegi batean sartu zituzten. Beste batzuek bizitza osoa pasatu zuten Danimarkan.

«Familia galdu zuten, hizkuntza, kultura eta inuitak izatearen sentimendua», esan zuen biktimen abokatu Mads Prammingek Danimarkako Politiken egunkarian, salaketa iragarri zuenean. Konpentsazio gisa, 33.600 euro eskatu zion bakoitzak Danimarkako Estatuari.

«Bizitza pribatua eta familiako bizitza edukitzeko eskubidea bortxatu zieten», esan du Prammingek, eta gogoratu du eskubide hori jasotzen duela Europako Giza Eskubideen Konbentzioak. Bi asteko epea eman zion abokatuak Danimarkako Lehen ministroaren bulegoari erantzuteko, eta bestela salaketa jarriko zuela esan.

Barkamen eskea

Danimarkako Gobernuari barkamena eskatzeko galdegin zion Groenlandiako gobernu autonomoko lehen ministro Kuupik Kleistek 2009an. Baina Lars Lokke Rasmussen Kopenhageko gobernuburuak ez zuen barkamenik eskatu, eta esperimentu hura «zoritxarrekoa» izan zela adierazi zuen, besterik gabe. Geroztik gatazka iturri izan da barkamenaren gaia bi gobernuen artean.

2020ko abenduan, Danimarkako Lehen ministro Mette Frederiksenek barkamen eskea egin zuen azkenean. «Ezin dugu aldatu gertatu zena. Baina ardura geure gain hartu eta barkamena eska diezaiekegu, zaindu behar genituelako, baina huts egin genielako».

Inuitak dira Groenlandiako jatorrizko biztanleak. Gaur ere, Groenlandiako ia 58.000 biztanleen %89 inuitak dira.

Danimarkak kolonia gisa gobernatu zuen Groenlandia 1814. urtetik 1953ra, hau da, zuzenean Kopenhagetik, baina hango herritarrei danimarkar nazionalitatea onartu gabe. 1979. urtean, autonomia bihurtzearen alde bozkatu zuten groenlandiarrek, eta badago independentziaren aldeko mugimendu indartsu bat. Aurtengo apirilean eginiko bozetan, independentistek botoen %80 eskuratu zituzten, eta IA Inuit Ataqatigiit (Inuit Komunitatea) alderdi sozialista eta ekologistak lortu zuen boto gehien.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.