«Zuzenketa batekin amaituko dut. EH Bildu alderdi federazioko idazkari nagusiak, 2020ko maiatzaren 26an, gutun bat bidali zuen bere zuzenketa eskubidea galdeginez. Haren bidez, eskatu zigun esateko EH Bildu alderdi federazioak ez duela espainiarren hilketarik bizkar gainean. Tira, hortxe dago 2020ko maiatzeko zuzenketa hori». Ana Terradillos aurkezleak gaur goizean esan ditu hitz horiek, Espainiako Telecinco telebista kateko El programa de Ana Rosa saioan. Ana Rosa Quintana ohiko aurkezlea konfinatuta dago, eta haren ordezkoa da kazetari donostiarra.
Mediaset y Tele5 obligados a rectificar. No todo vale en política y no todo vale contra EH Bildu.
— EH Bildu (@ehbildu) March 9, 2022
Denak ez du balio. Denborak arrazoia eman digu eta emango digu.
ð;ÂÂ;Â;ŸÂ‘ Ladran, luego cabalgamos. pic.twitter.com/nmurV4rw7X
Quintanak, 2020ko maiatzean, esan zuen EH Bilduk espainiar askoren heriotzak dituela bizkar gainean. Saio horretan ohikoa da Quintanak eragile subiranisten inguruan antzeko iruzkinak egitea, baina, ordukoan, EH Bilduk salatu egin zuen hark esandakoa. Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak arrazoia eman zion 2021eko maiatzean, baina Mediasetek —saioaren ekoiztetxeak— helegite bat jarri zuen, azalduz hitz horiek Quintanaren iritzia zirela, eta ez baieztapen bat.
Auzitegiak, ordea, ez dio arrazoia eman, eta esandakoa zuzentzera behartu ditu ekoiztetxea eta saioa, baita auzibidearen gastuak ordaintzera ere: «Ana Rosa Quintanak hiru aldiz jarraian errepikatu zuen, irmoki, EH Bilduk espainiar askoren heriotzak dituela bizkar gainean. Beraz, esandakoa egia dela ulertarazteagatik, zuzendu egin beharko du», dio epaiak.
Aldeko epaia txalotu du EH Bilduk Twitterren: «Denak ez du balio politikan, eta denak ez du balio EH Bilduren aurka. Denborak arrazoia eman digu eta emango digu», idatzi du.