Euskal presoak

Frantziako Kasazio Auzitegiak ontzat jo du Jakes Esnalen helegitea

Euskal presoa baldintzapean aske uzteko eskaera aztertzeari uko egin zion Parisko Dei Auzitegiak 2020ko irailean, eta defentsak helegitea ezarri zuen. Esnalen prozedura Dei Auzitegira itzuliko da, eta hark erabaki beharko du aske uzten duten ala ez.

Jakes Esnalen egoera salatu zuten, 2020ko irailean, Baionako suprefetura aitzinean. BOB EDME
Ekhi Erremundegi Beloki.
2022ko martxoaren 9a
13:02
Entzun

Jakes Esnal euskal presoa baldintzapean aske uzteko prozedurak aitzina segitu dezake. Hala erabaki zuen atzo Frantziako Kasazio Auzitegiak, defentsak ezarritako helegitea onartuta. Parisko Dei Auzitegira itzuliko da orain afera, eta hark erabaki beharko du 71 urteko presoa askea uzten duten ala ez. 2020ko maiatzean Zigorrak Ezartzeko Auzitegiak Esnal aske uztea erabaki zuen, baina fiskaltzak helegitea jarri zuen berehala. Lehen instantzian hartutako erabakia berrestera deitu dute Bakegileek Frantziako Justizia. «Gaurko deliberoak agerian uzten du terrorismoaren kontrako fiskaltzaren jarrera erasokorra eta ukatzailea, beste behin», adierazi dute agiri batean. «Bake prozesuaren garapenean, preso eta iheslarien etxeratze bidean manera eraikitzailean eragin beharrean, oztopo berriak sortzearen parioa egin du. Fiskaltzaren deirik gabe, Jakes [Esnal] 2020ko maiatzaren 28tik baldintzapeko askatasunean izan ahalko zen».

«Poz handia da. Badu urteak borroka horrekin ari garela», esplikatu du Maritxu Paulus Basurco abokatuak, 2017tik izan diren gorabehera guziak oroitarazita. «Orain aukera dugu Esnalen askatasuna lortzen saiatzeko, maleruski oraindik ez baita lortua». 2020ko azaroaren 25ean utzi zuten aske Frederic Haranburu Xistor euskal presoa; Esnalentzat gisa bereko erabakia hartuko dutela espero du. «Auzitegien erabakiak indibidualak dira, baina testuinguruarentzat erabili dezakegun kasu bat da. Froga epea bukatzen ari zaio; urte eta erdi pasatu du eskumuturreko telematikoarekin. Lehen ere bagenituen, baina argumentu gehiago ematen dizkigu auzitegirako. Ez da inolako arriskurik leporatzen dizkioten delituak berriz egin ditzan». Joan den martxoaren 22an Izaskun Lesakaren baldintzapeko askatasun eskaera onartu zuen Zigorrak Ezartzeko Auzitegiak, nahiz eta ondotik fiskaltzak helegitea jarri. Erabaki horretan, auzitegiak aintzat hartu zuen Euskal Herriko testuinguru politikoa aldatu izana, eta adierazi «bake prozesua zalantzan ezartzeak» ez duela «zentzurik».

Bost urteko ibilbidea

Orain dela bost urte abiatu zuen Esnalek baldintzapean aske geratzeko eskaera, 2020ko urriaren 25ean; orain arte egin duen bigarrena da. Halakoetarako, bi prozedura ezberdin daude Frantzian: «terrorismoagatik» zigortutakoen eskaerak CPMS Segurtasun Neurrien Diziplina Anitzeko Batzordeak aztertzen ditu, eta kondena luzekoenak, CNE Frantziako Ebaluazio Zentroak. Batean zein bestean azterketa bat baino gehiago egiten diote presoari, haren egoera definitzeko eta berriz delituren bat egiteko arriskurik dagoen neurtzeko, besteak beste. CPMSri dagokionez, aukera du azterketa bukatu ondotik presoa CNEra bidaltzea erabakitzeko; baina, hautazkoa da berez.

Hor dago aferaren funtsa. Esnalen kasua CPMSk aztertu zuen, eta baldintzapean aske uztearen alde agertu zen, CNEra bidaltzeko beharrik gabe. 2020ko martxoan aztertu zuen euskal presoaren eskaera Zigorrak Ezartzeko Auzitegiak, eta urte bereko maiatzean ontzat eman zuen, euskal gatazkaren konponbidean azken urteetan izandako bilakaera aintzat hartuta. Baina terrorismoaren aurkako Frantziako fiskaltzak helegitea jarri zuen berehala. Parisko Dei Auzitegiaren esku gelditu zen erabakia, baina uko egin zion Esnalen kasua aztertzeari. «Argudiatu zuten CNEren azterketa falta zela eta, beraz, prozedura ez zela osatua», esplikatu du Paulus Basurkok.

Defentsaren ustez, CNEren iritzia ez zen beharrezkoa, CPMSk ez baitzuen eskatu, eta helegitea ezarri zuen Frantziako Kasazio Auzitegian. Kasua aztertzerakoan iritzi bera agertu zuen Frantziako Kasazio Auzitegiko fiskaltzak ere. Esnali arrazoia eman dio azkenean Kasazio Auzitegiak. Orain, auzi saio berri bat finkatu beharko du Parisko Dei Auzitegiak. Han erabakiko dute Esnal aske uztea onartzen duten ala ez. «Ahal bezain fite» izatea espero du Paulus Basurcok, «adina hor da, denbora hor da... aski denbora galdu dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.