Zuzenean edo zeharka, Gipuzkoako enpresa gehienak hasiak dira nabaritzen Ukrainako gerraren ondorioak euren zenbakietan. %62,5ek adierazi dute hori, Adegi patronalak egoera neurtzeko egindako presako inkestan. Kostuen igoera, hornidura arazoak, logistika problemak, denak batera etorri zaizkie enpresei.
Adegik azaldu du lehengaiak eta energia bizkor eta neurririk gabe garestitzeak arazoak sortu ziekiela enpresei kostu horiek prezioetara eramateko. Ziurgabetasun handiz, proiektuak, inbertsioak, eskaerak eta erreserba turistikoak eteten ari direla ikusten dute. Eta uste dute oraindik arazorik izan ez duten enpresek laster nozituko dutela eragina, haien bezero edo hornitzaileek hasiak direlako igartzen.
Adegik eskatu du lehenbailehen aktibatzeko RED mekanismoa, «Ukrainako krisiaren ondorioz zailtasunetan dauden enpresentzat, lanaldi murrizketak eta kontratuen behin-behinean eteteko aukera izateko».
Kalterik handiena, metalgintzan
Zuzeneko kalterik handiena, ziurrenez, Ukrainarekin edota Errusiarekin merkataritza harremanak dituzten enpresek igarri dute. Gipuzkoako enpresen %15 dira; eta industriara mugatuta, enpresen %20.
Errusiarekin edo Ukrainarekin lotura duten enpresa horien laurdenentzat (%24), negozioaren parte horrek oso zati handia hartzen du fakturazioan. Horiek guztiak metalgintzako enpresak dira; haien artean, metalurgia eta produktu metalikoen adarreko konpainiek dute menpekotasuni handiena: %40k. Makineriaren eta ekipamenduen adarrean ere handia da menpekotasuna, %37,5ekoa.
Ukrainarekin edo Errusiarekin harremanak dituzten enpresen %35ek adierazi dute lotura hori mantentzeko asmoa dutela. Gainerakoek eten egingo dituzte harremanak, dela alde bakarreko erabakiz (%61,5), dela ordainketak eta kobrantzak egiteko zailtasunengatik (%23) dela logistika arazoengatik, edo kobrantza eta ordainketak egiteko zailtasunengatik (%15,5).
Orokorrean, Ukrainako gerraren ondorioak pairatzen ari diren Gipuzkoako enpresen %62,5entzat, horniduren eta lehengaien kostuaren igoera da arazo nagusia; hori diote enpresen %86k. %31k horniduren logistika eta falta ere arazo dute. Eta %22,5ek diote arazoak dituztela esportazioekin edo inportazioekin.