Ukrainan lehen ebakuazioak hasi dituzte, su-eten urraketak tarteko

Kievek esan du Sumi eta Irpin hirietan korridoreak ireki dituztela, eta Errusiak ez duela errespetatu Mariupolerako menia. UNHCRk jakinarazi du bi milioi herritar baino gehiago atera direla herrialdetik.

Ukrainako hainbat errefuxiatu, atzo, Lviv hirian. VITALIY HRABAR, EFE
ander perez zala
2022ko martxoaren 8a
10:28
Entzun

Zibilentzako korridore humanitarioak berriz ere martxan daude, Ukrainako Gobernuaren arabera. Oraingoan ipar-ekialdeko Sumin ireki dute herritarrak ebakuatzeko bide bat —260.000 lagun baino gehiago bizi dira hiri horretan–, eta erabaki hori bi aldeek negoziatua izan da, horretarako «su-eten bat adostu» dutela adierazi baitu gaur Ukrainako lehen ministrorde Irina Verextxukek. Hori bai, azaldu du Kievek eta Moskuk ez dutela «beste bideez» ezer erabaki, nahiz eta gerora adierazi duen hegoaldeko Mariupolen ere zabaldu dutela bide bat —300.000 lagun bizi dira han—.

Verextxuken adierazpenaren aurretik, Errusiako Gobernuak komunikatu baten bidez esan du «prest» zegoela operazio humanitario bat egiteko eta, hortaz, zenbait korridore irekitzeko. Kremlinek zehaztu duenez, erasoaldia behin-behinean eten dute Kieven, Txernihiven, Kharkiven, Mariupolen eta Sumin, eta horietan ireki ditu zibilak ebakuatzeko bideak; Ukrainako lehen ministrordeak baieztatu du Mariupol eta Zaporizhia artean bide bat ahalbidetu dutela, baina ez du ezer esan gainontzekoez.

Gerora, Ukrainako Atzerri Ministerioak Twitter sare sozialean salatu du Errusiako armadak ez duela errespetatu korridore horretarako menia, eremua bonbardatu duelakoan; zortzi kamioi eta 30 autobus atera dira Mariupoletik zibilak ebakuatzeko.

Hiri hori bereganatzea garrantzitsua da Errusiarentzat, hori eginda korridore bat osa dezakeelako Transnistriatik Donbassko herri errepubliketara, Ukraina hegoaldeko zenbait hiri lotuta. Mariupolez gain, hego-mendebaldeko Odesa ere hartu beharko luke, eta horrek erabat blokeatuko lioke Ukrainari Itsaso Beltzerako sarbidea.

Ebakuazio horiez gain, Kiev inguruko Irpinen ere herritarrek irteten jarraitzen dute korridore batetik, Reuters berri agentziaren arabera; atzo hasi ziren, eta 2.000 lagunek lortu zuten bide horretara heltzea. Hori bai, hango alkate Oleksandr Markuxinek ohartarazi zuen Errusia hiria bonbardatzen ari zela oraindik ere.

Errusiako Gobernuak proposaturiko korridore horietako batzuek Errusian eta Bielorrusian dute helmuga, nahiz eta Ukrainako Gobernuak atzoko negoziazioetan adierazi zuen hori «onartezina» dela. Gaurko ordu txikietan, Kievek iragarritako meniaren aurretik, Errusiako armadak Sumi bonbardatu du, eta gutxienez 21 lagun hil ditu, oblast horretako agintarien arabera.

Bide horiek dituzten helmugak polemika iturri izan dira bi herrialdeen artean. Izan ere, orain arte zabalik izan diren korridore humanitario guztiek Errusia eta Bielorrusiarainoko ibilbideak izan dituzte: bi herrialde horiek zituzten helmuga. Verextxuken iritziz, plana halakoa izatea «zentzugabea, zinikoa eta onartezina» da. Ordea, kritika horiek jasota ere, Moskuk ez ditu guztiz bete Ukrainaren eskakizunak, kasu batzuetan Errusia edo Bielorrusia baitira helmuga oraindik ere.

Kremlinen arabera, 173.000 lagun ebakuatu dituzte Donetskeko eta Luhanskeko herri errepubliketatik Errusiara, Kieven «laguntzarik gabe», eta, operazio horietan elkar ulertzeko, bi aldeek komunikazio kanal bat osatuko dute informazioa partekatzeko —negoziazioen bigarren bilkuran adostu modura—.

Lehen korridoreak irekitzeko saiakeren aurretik, herritar askok erabaki zuten inguruko herrialdeetara joatea; horietako gehienek, Poloniara. Hain justu, auzi horretaz aritu da gaur Pawel Bossernaker Poloniako Barne ministrordea, eta adierazi du egoera «oso zaila» espero dutela datozen asteetarako; hori bai, prest agertu da errefuxiatuei laguntzen jarraitzeko, «betebehar morala» dela uste baitu.

UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera, jada bi milioi herritar baino gehiago atera dira Ukrainatik, eta gehiago izatea ere espero dute datozen egunetan; kopurua lau milioira igoko dela aurreikusi zuten iragan astean.

Iheslariak «eremu seguruetara» eraman behar dira

CICR Gurutza Gorriaren Nazioarteko Batzordeko eledun Ewan Watsonen iritziz, ezinbestekoa da ebakuaturiko zibilak «eremu seguruetara» eramatea, eta adibidetzat jarri du Mariupol, hango egoera «apokaliptiko» gisara deskribatu baitu gaur emandako agerraldian.

Watsonen arabera, zibilak informatu beharra dago, horiek jakin dezaten bidaia zer baldintzatan egingo duten eta nora joango diren, kasurako: «Egoera oso larriak bizitzen ari gara. Berriz ere dei egiten diegu gatazkako alde guztiek nazioarteko zuzenbidea errespetatzera. Egoera onartezina da».

Osasunaren ikuspuntutik ere egoera ez da ona, OME Osasunaren Mundu Erakundeak gaur azaldu baitu azpiegituren kontrako erasoak «azkartu» egin direla egunotan, eta medikuntza hornidura geroz eta gutxiago baitituzte.

Zehazki, OMEren Europarako zuzendari Hans Klugek esan du Ukrainako osasungintza «presio handia» jasaten ari dela: «Sendagai eskasia dago bizitzak salbatzeko. Kasurako, oxigenoa, anestesia, odol produktuak, babes pertsonalerako materiala eta intsulina».

OMEren datuen arabera, Errusiaren inbasioa hasi zenetik hamasei eraso egin dituzte osasun azpiegituren kontra —ospitaleak, anbulantziak eta osasun zentroak—, eta horietan gutxienez bederatzi lagun hil dira; informazio hori eman arren, erakundeak orain arte ez du esan nor den erruduna.

Krimearen eta herri errepubliken estatusa

Arlo politikoan, Errusiaren inbasioa hasi zenetik lehen aldiz, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak atea ireki dio Krimearen eta Donetskeko eta Luhanskeko herri errepubliken estatusaz Errusiarekin hitz egiteari.

Ameriketako Estatu Batuetako ABC telebista kateari emandako elkarrizketa batean, Zelenskik adierazi du Kremlinekin «eztabaida» dezaketela horretaz, helburu jarrita «hango herritarrak nola biziko diren» zehazteko akordio bat lortzea.

Vladimir Putin Errusiako presidentearen eskarietako batzuk dira Ukrainak onar ditzala Krimearen anexioa eta Donbassko herri errepubliken independentzia. Horrez gain, Putinek nahi du Kievek uko egitea NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean sartzeari, eta herrialdeak estatus neutrala izatea.

Errusiako eta Ukrainako Atzerri ministroak etzi bilduko dira Ankaran; orain arte inbasioaz izandako bilerarik garrantzitsuena izango da, horretan parte hartuko duten kargudunei erreparatuz gero. Egun berean, Europako Batasuneko agintariak ere elkartuko dira, Frantzian, eta ziurrenik beste neurri batzuk adostuko dituzte Errusiaren aurka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.