Gazte Koordinakunde Sozialistako hiru kide Donibane Garaziko jendarmeriara deitu dituztela salatu du Ipar Euskal Herriko GKSk. Iazko udan «gazte langileek jasaten duten kapitalismoaren esplotazioa eta bortizkeria» salatzeko ekintza batean pankarta bat ematea leporatzen diete, gazte antolakundearen hitzetan. Otsailaren hasieran, GKSko beste kide bat deitu zuten Mauleko jendarmeriara, pintaketak egitea leporatuta; maiatzean epaituko dute.
🔴 Atzo, beste hiru gazte konbokatuak izan dira Donibane Garaziko jendarmeriara, GKS-ren ekintza baten testuinguruan banderola bat ezartzea leporatuta. Bideoan ekintza ikusgai: https://t.co/kVvl3kyRAB
— Ipar Euskal Herriko GKS (@GKS_IEH) March 7, 2022
Militantzia politikoaren kontrako beste «eraso bat» da hau Ipar Euskal Herriko GKSren iritziz. «Gure jardun politikoa aitzina eramaten segitzeko elkartasun ekimenak antolatzeko premia berresten dugu». Hala, gaualdia antolatu dute ostiralerako, Azkainen. Militantziak gaur egun jasaten duen errepresioaren formez mintzatuko dira lehenik, eta, ondotik, kontzertuak izanen dira.