Frantziako bozak

Hamabi hautagai lehiatuko dira presidentetzarako hauteskundeetan

Ezkerrekoak dira presidentegaien erdiak; Poutou antikapitalistak azken orduan lortu ditu bozetan parte hartzeko 500 bermeak. Taubiraren erretiroaren ondoren, primario popularrak Melenchonen alde egin du.

Emakume bat botoa ematen iazko eskualdeetako bozen bigarren itzulian, Marseillan (Okzitania). RAFAEL CAñAS / EFE
ander perez zala
2022ko martxoaren 7a
13:23
Entzun

Azkenean hamabi izango dira Frantziako presidentetzarako hauteskundeen kanpainan lehiatuko diren hautagaiak, Laurent Fabius Konstituzio Kontseiluko presidenteak gaur emandako datuen arabera. Bozen lehen itzulia apirilaren 10ean egingo dute, eta bigarrena, apirilaren 24an.

Presidentegaiek bi baldintza bete behar zituzten bozetan parte hartzeko: hautetsien 500 sinadura biltzea, eta horiek gutxienez 30 departamendutan lortzea. Denera, 65 izen-abizen eta 13.672 berme aurkeztu dituzte, baina Konstituzio Kontseiluak horietako 13.427 onartu ditu, eta hamabik lortu dute kondizio guztiak bete eta sinaduren gutxieneko kopurura iristea.

Hamabi hautagaietatik erdiak ezkerrekoak dira: Jean-Luc Melenchon (Frantzia Intsumisoa), Yannick Jadot (ekologistak), Fabien Roussel (Frantziako Alderdi Komunista), Anne Hidalgo (Alderdi Sozialista), Nathalie Arthaud (Langileria Borroka) eta Philippe Poutou (Alderdi Antikapitalista Berria); azken horrek azken orduan lortu ditu beharrezko bermeak, iragan astean ez baitzegoen ziur helburu hori beteko zuenik.

Ezkerreko presidentegaien kopuruaz, Melenchonek uko egin dio gehiegi direla dioen ideiari. «Hortaz, hamabi hautagai. Eskuineko sei, ezkerreko sei. 'Ezkerreko hautagaitzen leherketa' esketxaren amaiera. Platoetako analistei, berriz ere ederki egina», idatzi du Twitter sare sozialean.

Gainontzeko presidentegaiak hauek dira: Emmanuel Macron estatuburua (Errepublika Martxan); Marine Le Pen (Batasun Nazionala), Eric Zemmour (Reconquête) eta Nicolas Dupont-Aignan (Frantzia Zutik) ultraeskuindarrak; Valerie Pecresse (Errepublikanoak) eskuindarra; eta Jean Lassalle (Résistons) diputatua.

Ipsos etxearen azken inkestaren arabera, Errusiaren Ukrainako inbasioak mesede egingo lioke Macroni babes elektoralean, egun botoen %30,5 bilduko bailituzke —duela hilabete baino 6,5 puntu gehiago—. Eta haren atzetik lau hautagaik izango lukete aukera bigarren itzulirako sailkatzeko: Le Penek (%14,5), Zemmourrek (%13), Melenchonek (%12) eta Pecressek (%11,5).

Marion Marechalen babesa

Iragan asteburuan zenbait gertakari esanguratsu izan dira presidentetzarako bozen kanpainaurrean. Horietako bat eskuin muturreko sektorean gertatu da, Marion Marechal diputatu ohi eta Le Penen ilobak publikoki eman baitzion sostengua Zemmourri atzo, Toulonen (Okzitania) egindako mitin batean.

Babes horrekin, kazetari ohiak espero du haren kanpainak behar duen bultzada jasotzea, azken hilabetean behera egin baitu inkestetan.

Beste mugimendu esanguratsua ezkerrean izan da, primario popularrean. Christian Taubirak irabazi zuen herri ekinaldi horretako «inbestidura botoa», baina iragan astean bere hautagaitza erretiratu zuela jakinarazi zuen —ezingo zituelako 500 bermeak bildu—, eta, hortaz, primario popularreko zuzendaritzak iragan larunbatean erabaki zuen Melenchonen alde egitea.

Babes horrek eztabaida piztu du herri ekinaldian, hautagai beteranoak kalifikaziorik onenetan hirugarrena lortu baitzuen «inbestidura botoan», Taubiraren eta Jadoten atzetik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.