Poloniako taxi gidari batek ez du txartelarekin ordaintzerik nahi. Dirua nahi du, nahiz eta bidaiaren hasieran argi geratu den zenbat ordaindu eta nola. 800 zloty izango dira guztira –160 euro inguru–, eta ia lau orduko bidaia. Iristean, ordea, temati jarri da, diruz ordaintzeko, eta azkenean halaxe egin dut, taupadak eztarrian ditudala. Hotelera sartu, eta hantxe lasaitu naiz. Etxean ere gerta zitekeen gauza bera, baina hain urrun egonda, eta bakarrik, beldur handia izan dut, zaurgarri sentitu naiz.
Bakarrik bidaiatzen duen emakumearentzat arriskuak bikoiztu egiten dira; are gehiago, hizkuntza arazo bat denean. Baina taxi gidariaz gain, hor egon dira Irina Matveitxuek, Chen Zoey, Pargma Bunko, Tania Korin, Oksana Dzham, Miroslava, Liana eta Irina Tocartxik, Kilia Plisiuk, Juliana Nazarenko, Ludmila Savenko eta Jana Khavevitx. Arriskuaren aurrean bakarrik, baina taldean sendo. Emakume ausartak, bizitzak halabeharrez gogortu dituenak, aurrera doazenak; gehienak gerratik ihesi, beste batzuk gerratik ihesi datozenei laguntzen. Haiekin partekatu ditut bizipenak, eta bihotzean eramango ditut etxera.
Polonian elkartu dira denak, Dorohusk, Chelm, Rzeszow, Medyka edota Przemyslen, Ukrainako mugan, baina ez euren borondatez. Gerrak harrapatu ditu egun batetik bestera. Gerrak bultzatu ditu alde egitera. Umeak hartu, eta auskalo non amaituko duten, euren senar, aita eta seme gazteak Ukrainan geratu diren bitartean. Halabeharrez horiek ere, Ukrainako Gobernuak ezarritako gerra legeak aginduta. Ukrainatik irtetea debekatu dieten gizonak ere eskubiderik gabe daude.
Agintariak –gizonak gehienak– gerra jokoetan dabiltzan bitartean, errusiarrak nahiz ukrainarrak, emakumeok exodora eta pobreziara kondenatuta daude. Orain badituzte herritarren beroa, jatekoa eta goxokiak sufrimendua leuntzeko, baina egunak aurrera doaz, eta bi eguneko kontua izango zela uste zutenak dagoeneko beldur dira etxera itzuliko ez direlako. Kezka dute zer gertatuko ote zaien fokuak itzaltzen direnean.
«Gerrak ez du emakume aurpegirik». Svetlana Aleksievitxena da liburua, lagun min batek gogorarazi didanez. Hauxe dio liburuaren kontrazalean: «Gerra imajinatzean, gizonezko soldaduak datozkigu berehala gogora, baina ia milioi bat izan ziren II. Mundu Gerran parte hartu zuten emakume sobietarrak: mediku eta erizainak, frankotiratzaileak, tanke-gidariak, gerrillari partisanoak... 1984an argitaratu zen liburu hau lehenengoz, Gorbatxoven garaiko Perestroikaren irekidurari esker, baina hainbat zati zentsurak eta autozentsurak estali edo moldatu zituzten. 2002an berridatzi zuen Aleksievitxek bere lana, lehenago ezabatutako pasarteak sartuz, eta are nabarmenago geratu ziren horrela bai gerraren krudelkeria, bai hura nozitu zuten emakume guztien handitasuna». Ez dakigu zenbat emakume geratu diren Ukrainan. Handitasun horren berri ez dago Ukrainatik iristen diren lekukoengan oraingoz, baina denborak erakutsiko du haiek ere badirela, eta handik kanpo, edonon. Emakumeon handitasunak ez du neurririk.
Ez naiz ni inoiz gerra batetik horren gertu egon, nahiz eta badakidan, etxekoen bidez, nola sufritu zuten 36ko gerran; zer ondorio dauzkan oraindik ere gure herrian. Eta, zoritxarrez, gerra askoren berri dugu egunero, Ukrainakoak bezala hunkitzen ez bagaitu ere. Esan, bestela, Yemenen daudenei, adibidez. Eta tristuraren eta amorruaren arteko sentsazioa etengabekoa da. Nola egiten ditugun batzuk gaizto, eta beste batzuk zintzo. Nola iheslari batzuek gehiago balio duten beste batzuek baino.
Eta gerra hau. Aspaldian hasitako gerra, baina astebetean gaiztotu dena. Kontua ez da Vladimir Putin zuritzea, noski, baina ezta NATO babestea ere, ezta Volodimir Zelenski bera, eta hark dituen bizkartzain ultrak. Interesen gerraren erdian herritarrak daude, babesik gabe eta noraezean. Eta bidean, beti bezala, emakumeak dira zapalkuntza gehien pairatzen dutenak, boterekeriaren biktimarik handienak.
Gure etxean gerra ate joka daukagulako eskuak burura eraman ditugu, baina Ukrainatik kanpo gure Europara iritsiko balitz, ez genuke aukerarik izango zer egin erabakitzeko. Horretarako daude Europako Batasuna, NATO, AEBak, Errusia eta Txina. Eta nik emakume bat izaten jarraituko dut, erabakitzeko eskubiderik gabe, eta berdin zuk, horrek eta hark.
Egunotan sufrimendua izan dut aldean, elkartasuna ere bai, baina baita ezagutu ditudan emakume paregabeen beldurra ere. Zer gertatuko zaie hemendik aurrera? Ni, gaur, taxi bat hartu, eta Lublinera joango naiz Rzeszowtik. Bihar hartuko ditut hegazkinak Loiura iristeko, eta, zorte pixka batekin, nire esperientzia txar bakarra taxilariarena izango da.
Zorterik onena desio dizuet Polonian bidelagun izan zaituztedan emakume guztiei.