Tania Korin eta Oksona Dzham

«Ez gara gai Errusiaren kontra egiteko; laguntza behar dugu»

Lutsketik Chelmera etorri dira Tania Korin eta Oksona Dzham iheslari ukrainarrak. Han ez zeuden Kieven edo beste hiri batzuetan bezain gaizki, diotenez, baina aireportuan leherketak izan ziren igandean, eta alde egitea erabaki zuten.

Tania Korin eta Oksona Dzham iheslari ukrainarrak. AMAGOIA MUJIKA TOLARETXIPI, BERRIEMAILE BEREZIA
Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2022ko martxoaren 4a
16:33
Entzun

Maletan zer sartu ere ez zekitela diote, ez zutela «sekula» pentsatu halakorik gerta zitekeenik. Amazing (ikaragarria) da elkarrizketan gehien errepikatu duten hitza. Tania Korinek 38 urte ditu, eta hiru umeren ama da: «Indartsu nago, beharbada umeak ditudalako. Ama sendo bat behar dute umeek». Beldurtuago nabari zaio Oksona Dzhami: «Nik ez dut umerik eta aparteko ardurarik. Oraindik ez naiz gauza adierazteko sentitzen dudana». Biak Lutsketik (Ukraina) Chelmera (Polonia) joan dira.

Zergatik erabaki zenuten Ukraina uztea?

TANIA KORIN: Sei leherketa entzun genituen etxean geundela, joan den igandean, eta leihotik ikusten nuen jendea korrika nora joan ez zekiela. Ez genekien zer egin. Umeak oso beldurtuta zeuden, eta, lehenik, amaren etxera joan ginen, Lutsketik kanpo dagoelako. Hara iritsi ginenean, ordea, konturatu ginen berdin ziola non egon, ez geundela seguru. Umeak negarrez ikusi nituenean esan nion senarrari Poloniara etorri behar genuela, eta horixe egin genuen. Gurasoek etxean geratzea erabaki zuten.

OKSONA DZHAM: Ni lagun batekin bizi naiz, eta gauza bera erabaki nuen. Telebista ikusten ari nintzela entzun nituen leherketak, eta amari deitu nion. Esan zidan autobusak ateratzen ari zirela Lutskeko geltokitik, eta dena zegoen bezala utzi, eta alde egin nuen, bakarrik. Familia han geratu da, eta bi anaia borrokatzeko prest daude. Pentsatzen dut egoera okertzen bada, gurasoak hona etorriko direla.

Zure kasuan, Tania, senarra ez dago zurekin. Gizon guztiak itzuli dira, ezta?

Bai, baina egia esan, ez dakit oso ongi zertan ari den. Abokatua da izatez, eta ez du sekula arma bat ikusi. Dena den, Ukrainan egon beharra sentitu zuen, herrialdearen alde zerbait egiteko beharra, borrokarako edo edozertarako.

Alde egin zenutenean bi egunetarako kontua izango zela uste zenuten. Horixe esaten dute iheslari gehienek.

O.D.: Bai, halaxe da. Nik astebeteko epea jarri nion egoerari, baina orain ikusten ari gara luzerako izan daitekeela, eta ez dakit zer egin. Aterpetxean geratu nahi nuen denbora gehiagoz, ahalik eta gertuena egoteko etxetik, baina Alemaniako familia batek egin dit hara joateko eskaintza, eta laster Berlinera joango naiz.

T.K.: Nik ez dut planik egin nahi izan orain arte, baina, azkenean, mugitu egingo naiz nire hiru seme-alabekin. Ez naiz gustura sentitzen hemen, ez bainaiz geldirik egotekoa. Oso aktiboa naiz, eta zerbait egin nahi dut. Jatekoa irabazi, eta ez elkartasunez bizi. Polonia iparraldera joango gara, eta egoera luzatzen bada, edozertan lan egin nahiko nuke. Baliagarria izan.

Gerra oraintxe hasi da, baina tentsioa aspaldikoa da. Espero zenuten halakorik?

T.K.: Errusiarrengandik edozer espero nezake. Gerrak ustekabean harrapatu banau ere, ez nau harritu. Azkenean, AEBen eta Errusiaren arteko lehiaren erdian gaude, eta txotxongilo batzuk gara gu.

O.D.: Nik lagunak dauzkat Errusian, eta oso kezkatuta daude Putinen gobernuarekin. Niretzat errusiarrak ez dira etsaiak, baina bai, ordea, Putin. Nazi bat da, eta gure kontra ari da, baina baita bere herriaren kontra ere.

Naziak ukrainarrak dira Vladimir Putinentzat.

T.K.: Putin presidenteak dioenez, hau ez da gerra bat, operazio bat baizik, naziak eta nazionalistak Ukrainatik ateratzeko. Baina gure herrian ez dago nazirik eta faxistarik. Ez dago ongi esatea, baina Putini esker gaur egun Ukraina handiagoa eta batuagoa da. Etsaiak elkartu egin gaitu. Inoiz baino patriotikoagoak gara. Baina nazionalistak gara, ez naziak. Nazionalistak gara gure herria maite dugulako. Naziek berea ez den herrialde orori gorrotoa diote. Naziak garela esatea gezurra da, asmakizun bat da gerra justifikatzeko.

Zer espero duzue europarrengandik?

T.K.: Ikusten ari gara zenbat jende dagoen laguntzeko prest, eta hunkituta nago. Polonian sekulako harrera izan dugu, baina Europako leku guztietatik etorri da jendea gu laguntzera, eta ez dakit nola eskertu.

O.D.: Negarrez hasten naiz pentsatzen dudan bakoitzean ze jende ona dagoen munduan. Bakarrik pentsatu nahi dut etorkizunean gu bezala daudenei laguntzeko edozer gauza egingo nukeela, berdin dio nongoa izan. Orain ulertzen dut gerretatik ihesi doan jendearen ezinegona, eta ez diot inori halakorik opa.

NATOren esku hartzeaz asko hitz egiten da. Gaur-gaurkoz ez da Ukrainan sartuko, baina hala nahiko zenukete?

T.K.: Ni ez nago NATOren kontra. Orain arte pentsatu dut ez dela beharrezkoa NATOren barruan egotea, gerren kontra egon naizelako. Baina nire herriari eraso egin ondoren, beharrezkoa ikusten dut NATO, segurtasun berme bat iruditzen zaidalako. Errusiarren erreakzioaren beldur naiz. Ez gara gai haren kontra egiteko; laguntza behar dugu.

O.D.: Nik ez dakit zer pentsatu. Uste dut inozoegia naizela. Beti sinistu izan dut jendearen ontasunean, eta orain shock egoeran nago. Iritzi bat eraiki behar dut, baina ez dakit nondik hasi. Nik nire bizitzarekin jarraitu nahi dut, baina Filosofia fakultatean ikasitakoak ez dit orain ezertarako balio.

Etorkizuna irudikatzea zaila da, baina Ukrainatik kanpo bizitzea egokitzen bazaizue, zer egingo zenukete?

T.K.: Galdera zaila. Ni irakaslea naiz. Umeei ingelesa irakasten diet, eta zoriontsu naiz hori egiten. Gauza bera egitea gustatuko litzaidake, baina poloniera ikasi beharko nuke lehenik, eta bitartean, edozertan lan egingo nuke. Ez dut balio geldirik egoteko. Gustatuko litzaidake senarrarekin elkartzea; Ukrainan ez bada, beste edonon, baina hori ezinezkoa izango da oraingoz.

O.D.: Ni ondo moldatzen naiz hizkuntzekin, eta alemanez pixka bat badakit. Orain, hobetzeko aukera izango dut. Segurtasun konpainia batentzat egiten dut lan tren geltokian, baina behin-behineko lan bat zen, eta edozertan egingo nuke lan. Zoriontsu izan. Hori nahiko nuke, batez ere, eta nire familiarekin elkartzeko aukera izan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.